Oposizioak kontu «sozialagoak» eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari

Aurrekontuek herritarrei «bizkarra» ez ematearen truke, EH Bilduk bi abstentzio eskaini ditu. Elkarrekin Podemosek 15 neurri galdegin ditu; Jaurlaritzak, proposamen «errealistak»

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi bozeramaileek eman zuten EH Bilduk aurrekontuen eztabaidan izango duen jarreraren berri. JUAN HERRERO / EFE.
jon olano
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak urriaren 23an onartuko du 2019rako aurrekontu proiektua, eta proposamen horren aurrean izango duen jarrera finkatu zuen atzo EH Bilduren Mahai Politikoak. «Erantzukizuneko jarrera zintzoa» izango du eztabaidan, eta bi abstentzio eskainiko dizkio Jaurlaritzari, baldin eta aurrekontuek «bizkarrik ez badiete ematen gizarteak aldarrikatzen dituen aldaketei». Zehatzago, EH Bilduk hiru lehentasun ezarri ditu: «Gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatuz joatea, kalitatezko enplegu egonkorra sortzea, batez ere gazteei eta emakumeei eragiten dien lan prekaritatea amaituz joatea eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala amaitzeko neurriak hartzea».

Jaurlaritzak EAJren eta PSE-EEren 37 legebiltzarkideen babesa ziurtatua du, baina gehiengo absolutua lortzeko ordezkari bat falta duela eta, oposizioko talde politikoren baten abstentzioa beharko luke datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hortaz, Jaurlaritzak nahikoa luke EH Bilduko bi legebiltzarkide abstenitzea.

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileek gogoan izan zituzten testuinguru hori eta azken hilabeteetan hainbat esparrutan eginiko mobilizazioak; horien ustez, «pentsiodunek, emakumeek, gazteek, presoen eskubideen alde daudenek eta gure ontziolen industriaren alde daudenek bere buruarekin gustura den gobernua ispiluaren aurrean jarri dute». Horregatik,«ezin da aurrekonturik egin Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan errealitate hori aintzat hartu gabe».

Beraz, EH Bilduk «eskua luzatu» dio Jaurlaritzari, «ez aurrekontuen inguruko akordioa lotzeko, baizik eta azken urteetan gizartearen egiazko beharretatik oso urrun dagoen anbiziorik gabeko gobernu ahul honek egin dituen politikak zuzentzen hasteko».

Aurrekontuak negoziatzeko prest azaldu da Elkarrekin Podemos ere. Horretarako, hamabost neurri jasotzen dituen dokumentu bat helarazi dio Jaurlaritzari, Guztion aurrekontuak izenburu duena. Andeka Larrea Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkariak atzo adierazi zuenez, proposamen horren helburua da 2019ko aurrekontuak «sozialagoak, bidezkoagoak eta solidarioagoak» izatea, «euskal gizarte osoaren beharrei» erantzuteko. Ildo horretan, uste du aurrekontuek aurre egin behar diotela «lan prekaritateari, etxebizitzaren salneurri handiari, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunei eta desindustrializazioari», balio dezaten «okerren daudenek erakundeen babesa senti dezaten».

Proposamen «errealistak»

Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak jaso du Elkarrekin Podemosen agiria, eta talde guztien proposamenak aztertuko ditu. Saileko iturriek esan dutenez, Jaurlaritzak aztertuko du taldeen proposamenak «errealistak» eta «bideragarriak» diren eta, beraz, gobernuaren «aurrekontuen marko ekonomikora» egokitzen diren. Pedro Azpiazuk zuzendutako saila prest agertu da negoziatzeko, baina ohartarazi du planteamendu guztiak egokitu behar direla Jaurlaritzaren marko horretara.

Jaurlaritzak PPren babesa ere bila lezake aurrekontuak onartzeko. Oraingoz, ez dute alderdi horren eskaintzarik jaso, eta aste honetan dira PPko ordezkariekin batzartzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.