Zigor metaketaz azken hitza

Frantziako espetxeetan betetako zigor urteak Espainiak kontuan hartu behar dituen edo ez ebatziko du gaur Estrasburgok. Hamalau preso berehala aske uztea ekar lezake

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estrasburgon (Frantzia) duen egoitza. PATRICK SEEGER / EFE.
Edurne Begiristain.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Euskal presoentzat berebiziko garrantzia duen erabakia hartuko du gaur Europak: zigorrak metatzeko auziaz ebatziko du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak, eta presoen helegiteen aldekoa izatea espero da. Hala zabaldu zuten joan den astean hainbat iturrik, eta baikorrak dira euskal presoen abokatuak ere.«Zentzua izango luke aldeko ebazpena izatea, Espainiaren erabakiak ez duelako oinarri juridikorik», adierazi dio BERRIAri Iker Urbina abokatuak. Ebazpena presoen tesien aldekoa izateko «pisuzko arrazoiak» badirela uste du, eta gogoratu du bere garaian Auzitegi Goreneko eta Konstituzionaleko magistratuen artean zatiketa handia eragin zuela auziak, eta epaile ugarik zigorrak metatzearen alde egin zutela boto partikularren bidez.

Estrasburgoko auzitegiak gaur ebatziko duenak garrantzi handia izan dezake hainbat euskal presoren askatasunean. Epaia presoen tesien aldekoa bada, batzuk berehala aterako dira kalera, eta beste askoren espetxealdia murriztuko da, Frantzian betetako zigorraldia Espainian bete beharrekoei kenduta, kaleratze eguna aurreratuko zaielako. Lau kasu ditu mahai gainean Giza Eskubideen auzitegiak —Santiago Arrospide Sarasola, Kepa Pikabea, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendiarenak— baina, lau kasu horien egoera berean dauden preso guztiei eragingo die epaiak, haien aldekoa bada. Horren ondorioz, hamalau preso atera daitezke giltzapetik. Gainera, 40 presoren kasuak daude auzitegietan, eta, aldeko epaia bada, haien zigorrak murriztuko lirateke, eta, beraz, azkartu haien kaleratzea.

Auziaren muinean Europako Batzordearen 2008/675 zuzentaraua dago. Europak 2008an onartu zuen esparru arau horren arabera, herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu, urte horiek kendu behar zaizkio antzeko delitu batengatik beste herrialde batean jarritako zigorrari. Euskal presoen kasuan, Frantzian betetako kartzela urteak gutxitu beharko litzaizkieke ondoren Espainian ezarritako zigorrei. Horrek hainbat urte murriztuko lituzke espetxealdiak.

Europak hartutako esparru erabakiak derrigorrez bete beharrekoak dira Europako Batasuna osatzen duten estatu guztientzat. Kasu honetan, ezarritako irizpidea betetzeko epea ezarri zuen: 2010eko abuztuaren 15a. Ordurako, estatu bakoitzak bere legean txertatu behar zuen araua.

Espainiak, ordea, ez zuen txertatu 2014ra arte; epemuga igaro eta sei urtera. Hainbat baldintza eta murrizketarekin egin zuen euskal presoen kasuan, praktikan, aukera hori baliatzea ukatuta. PPk egindako moldaketa batzuen ondorioz onartutako arauak zehazten zuen onura ez zitzaiela ezarriko 2010eko abuztuaren 15a baino lehen zigorra jaso zutenei. Hau da, Europako arauak legean jasoa behar zuen eguna baino lehen zigortutakoak onuretatik kanpo geldituko zirela jaso zuen Espainiak legean. Horrek esan nahi zuen euskal preso gehienei ukatu zietela zigorrak batzeko aukera.

Frantzian egindako zigorra Espainian bete behar zutenetik kentzeko eskatu zuten zenbait presok helegitea aurkeztu zuten orduan, eta auziak bide malkartsua hasi zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalak, Gorenak eta Konstituzionalak atzera bota zituzten helegiteok, baina ez aho batez, eta polemikoak izan ziren epaile progresisten eta kontserbadoreen arteko desadostasunak.

Auzitegi Nazionaleko epaileak ez ziren ados jarri presoen eskaeren harira hartu beharreko ildoari buruz, eta sekzio bakoitzaren esku utzi zuten erabakia. 2015eko martxoan erabaki zuen Grande-Marlaska epaileak osoko bilkurara deitzea, epaile batzuek arauaren aplikazioaren inguruan zituzten zalantzak argitze aldera, beren kabuz Europako Justizia Auzitegira jotzeko asmoa agertu zutenean. Aukera hori blokeatzeko mugimendu gisa hartu zuten Grande-Marlaskaren erabakia zazpi magistratu progresistek, galdera egin edo ez osoko bilkuran erabakitzearen aurka bozkatuta. Azkenean, Auzitegi Nazionalak ez zuen jo Luxenborgora.

Hilabete lehenago, eztabaida bera izan zuten Goreneko Zigor Salan, eta orduan ere Europara jotzearen aurka azaldu ziren, ozta-ozta: bederatzi kontra, sei alde. Magistratu horien boto partikularretan jaso zenez, Espainiaren lege egokitzapena Europako irizpidearen aurkakoa zen, eta ezinezko egiten zuen zuzentarauak agintzen zuena gauzatzea. Ohartarazi zuten irizpide hori gailenduta, Parot doktrinarekin gertaturikoa berriz gerta zitekeela.

Auziaren muina

Ikusi beharko da Estrasburgoren epaiak noraino heltzen dion auziaren muinari, horrek eragina izango duelako zigorra murriztuko zaien presoen kopuruan. Presoen aldeko tesia babestu eta Espainiak 2014an onartutako legearen aurkako «kritika sakona» egitea espero dute presoen abokatuek. Kasu horretan, Europak kargu hartuko lioke Espainiaribere legean euskal presoei baldintzak eta murrizketak ezarri zizkielako. Horretan sartzen bada «bere garrantzia» izango lukeela dio Urbinak, preso gehiagori eragingo bailieke epaiak.

Europak gaur Espainia zigortzen badu, logikoena litzateke auzitegiek erabakia zuzenean betetzea. Hala ere, Espainiako Gobernuak aukera du erabakiari helegitea aurkezteko, gaurtik hasita hiru hilabeteko epean, eta horrek atzeratuko luke presoen kaleratzea. Helegiterik aurkezten ez badu ere, ebazpena berrikusteko eskaera ere egin dezake Espainiak, eta, kasu horretan, zigor metaketari buruzko tramitazio guztia are gehiago luzatuko litzateke. ETAren hainbat biktima elkarte aukera horren alde egiteko estutzen ari dira gobernua. Praktikan hori «iruzurra» egitea dela dio Urbinak, Europak askatasunak urratu direla esaten badu «zentzuzkoena» delako ofizioz epaia betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.