Epeena ez da larriena

Ezarritako epeak bete gabe amaitu du 2018. urtea Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldeak, baina, horretaz gain, PSE-EEren azken adierazpenek zalantzan jarri dute lantaldearen zeregina eta etorkizuna.

Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldea, joan den abenduaren 17ko bileran. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Bukatu da 2018. urtea, eta Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldean ez dute akordiorik izan, nahiz eta hasierako helburua zen urtea amaitu aurretik oinarrizko adostasuna erdiestea. Horrek zalantzan jartzen du hurrengo urratsa: gutxieneko adostasun horretan oin hartuta, 2019an lege egitasmo bat prestatzea eta legebiltzarrean bozkatzea. Baina Memoria etaBizikidetza Lantaldearen arazorik larriena ez da epeena: ados jartzeko ezintasunak lantaldea bera jartzen du arriskuan, eta ez dago argi zein izan daitekeen horren etorkizuna.

2017ko martxoan jarri zuten abian Memoria eta Bizikidetza Lantaldea, eta, bidea ez zela samurra izango begien bistakoa zen arren, batzordea eratu izana nolabaiteko arrakasta izan zela esan liteke: aurreko legealdian, antzeko xedeak zituen batzordeak—Bakea eta Bizikidetza Lantaldea zuen hark izena— oso ibilbide laburra izan zuen, PSE-EEk, PPk eta UPDk han parte hartzeari uko egin ziotelako.

Oraingo lantaldeak ere ez du izan talde parlamentario guztien oniritzia —PPk hasieratik muzin egin zion, «ETAri zilegitasuna kentzeko» balio ez duelakoan—, baina gainerako guztiek —EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk— parte hartzeak zirrikituren bat zabaltzen zion blokeoa gainditzeko itxaropenari. Baina adostasun faltak etaazkeneko egunotan PSE-EEk egindako adierazpenek erakusten dute blokeoa gertu egon daitekeela berriz ere.

Lau ildo

Eusko Legebiltzarrak 2017ko urtarrilaren 28an erabaki zuen lantaldea berriro sortzea, eta martxoaren 8an eratu zen. Handik bi hilabetera egin zuten lehenengo bilera —maiatzaren 17an—, etaestreinako zeregina izan zuten lan metodologia finkatzea. Azkenean, lau ildo jorratzea erabaki zuten taldeek: biktimak, memoria, espetxe politika, eta bizikidetza eta giza eskubideak, hurrenez hurren, eta arlo batzuk eta besteak «gainezarri gabe».

Prozedura ere zehaztu zuten: talde parlamentarioek aukera izango zuten atal bakoitzeanzeresana izan zezaketen pertsonak gonbidatzeko —adituak zein giza eskubideen urraketen biktimak—, haien testigantza eman zezaten. Ekarpen horiekin, etalegebiltzarkideen arteko eztabaidak ematen zuenarekin, talde bakoitzak bere ondorioak aterako zituen, eta lantaldearen buru Ana Oregi (EAJ) arduratuko zen ondorio horiek guztiak bateratu eta, ahal zen neurrian, denentzat onargarria izan zitekeen laburpen bat egiteaz.

Uda ostean hasi ziren biktimen gaia lantzen. Hamabi biktima agertu ziren bileretara; ETArenak, GALenak, torturak jasandakoak zein euskal presoen sakabanaketak eragindako hildakoen senideak, eta mota askotariko testigantzak eman zituzten: Rosa Lluch, Ane Muguruza, Martxelo Otamendi, Andoitz Korta eta beste zenbait azaldu ziren.

Azaroaren 15ean amaitu zuten biktimen bloke hori, eta taldeek hitzartu zuten bakoitzak bere ondorioak aterako zituela, eta Oregik egingo zuela horiek bateratzeko lana. Desadostasunak bazeuden: adibidez, EH Bildu baino ez zen agertu presoen sakabanaketak eta urrunketak eragindako hildakoak ere biktimatzat hartzearen alde, baina beste zenbait puntutan bat zetozen lantaldean parte hartzen duten talde guztiak, eta, hortaz, bazegoen aurrera egiteko tarterik.

Hala ere, Memoria eta Bizikidetza Lantaldeak hiru hilabete eman zituen bilerarik egin gabe, eta berriro batzartu zirenean—2018ko otsailaren 9an— erabaki zuten aurrerantzean «diskrezioz» ariko zirela ondorioen inguruko eztabaidan. Metodologian ere desadostasunak zeuden: EAJ eta Elkarrekin Podemos atalka joatearen aldekoak ziren; hots, bloke bat landu, horren inguruko ondorioak atera eta beste bloke batera pasatu aurretik adostutako zirriborro bat prestatzea proposatzen zuten. EH Bilduk eta PSE-EEk, aldiz, nahiago zuten bloke guztiak landu eta geroondorioen dokumentua adosten saiatzea.

Bigarren blokean —euskal presoenean—, aurrekoan erabilitako prozedurari jarraitzea erabaki zuten, eta hamalau aditu eraman zituzten batzordera, agerraldia egin zezaten. Apirilaren 11n hasi ziren horretan, eta maiatzaren 28an amaitu. Tarte horretan, Joaquin Gimenez Espainiako Auzitegi Goreneko epaile ohia, Txema Matanzas EPPK-ko kide ohia, Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Instituzioetako idazkari nagusi izandakoa eta beste zenbait aditu agertu ziren batzordekideen aurrean azalpenak emateko.

Uda aurretik amaitu zen adituen agerraldien fasea, bizikidetzaren arloko zenbait lagunen ekarpenekin. Fase hori bukatuta, zereginik zailenari ekin zion Memoria eta Bizikidetza Lantaldeak: ondorioak paperera ekartzea, eta horien inguruan ados jartzen saiatzea. Batzordean parte hartzen duten talde parlamentarioetako bakoitzak bere ondorioak jaso zituen, eta Oregik egin zuen sintesi dokumentua taldeek egindako ekarpenekin. Joan den azaroaren 26an aurkeztu zuen Oregik dokumentu hori, eta taldeek ekarpenak proposatu zituzten abenduaren 17ko bileran.

Oregiren dokumentua eta talde parlamentarioek proposatutako aldaketak ez dituzte ezagutarazi. Edozein modutan, eta, lantaldeak orain arte emandakoa aintzat hartuta, ez da ausarkeria pentsatzea zenbait gairen inguruan badagoela adostasunerako oinarri sendoa —presoen auzian, esaterako, lau alderdiak agertu dira egungo espetxe politika aldatzearen alde— eta beste gai batzuetan —Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «iraganaren irakurketa kritikoa» deitutakoan, esate baterako—, zailagoa izango dela akordiorako guneak topatzea.

PSE-EE, atzera

Baina abenduaren 17ko bilera hartan, orain arte egindako lan guztia eta lantaldearen beraren zeregina «birpentsatzeko» aukera jarri zuen PSE-EEk mahai gainean. Eusko Legebiltzarrean 2012an onartutako zoru etikoa erreferentziatzat hartzen dutesozialistek —hura onartu zenean, ezker abertzalearen zatirik handiena legez kanpo zegoen eta ez zuen eztabaida horretan parte hartzerik izan—, eta uste dute «ageriko zailtasunak» daudela orain hura baino «adostasunzabalagoa» erdiesteko.

Ikusteko dago PSEren jarrera berriak nolako ondorioak ekarriko dituen. EH Bilduren ustez, badago akordiorako aukera, baina iritzi dio sozialistak «lantaldea hondatu nahian» dabiltzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.