21. Korrika

'Klika' egiteko 2.560 kilometro

Korrikaren ibilbidea aurkeztu dute: apirilaren 4an abiatuko da, Garesen, eta 14an amaituko da, Gasteizen. Euskararen alde 'Klika' egiteko mezua zabalduko dute zazpi herrialdeetan. Bideoa albistearen amaieran.

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Prestatu dute 21. Korrikaren ibilbidea: 11 egun, zazpi herrialde, 2.560 kilometro. Klika leloarekin egingo dute Korrika aurten: Euskaraldia igaro berri delarik, euskararen aldeko jokabideak hartzera deituko du Korrikak, euskararen alde Klika egitera. Apirilean izango da 21. Korrika: Garesen (Nafarroa) abiatuko da, hilaren 4an, ostegunarekin, eta Gasteizen bukatuko, hilaren 14an, igandean.

Apirilaren 4an arratsaldean hasiko da Korrika Garesen, 17:00ak aldera. Ekitaldi bat egingo dute aurretik, eta amaieran irakurriko duten mezua sartuko dute lekuko barruan. Garesen abiatu, eta Lizarra aldera joko du Korrikak: iluntzean sartuko da Lizarran, 19:30 aurretik. Hegoalderantz joko du handik, eta Erriberan izango da biharamunean: Tuteran, 08:30 aurretik. Cascanteraino iritsiko da lasterketa. Arratsaldean, Nafarroa erdialdean izango da: Erriberrin eta Tafallan, adibidez. Ekialdera joko du handik: ostiral gauean, 22:30ean, Zangozan izango da.

Iruñea, lehen hiriburua

Nafarroan hasiko da Korrika, han amaitu baitzen aurrekoa. Iruñea izango da, hain justu ere, aurtengo lasterketak igaroko duen lehen hiriburua: hilaren 6an, larunbatean. Goizean Agoitz aldean ibiliko da, eta bazkalondoan inguratuko da Iruñera; Mendillorri auzoan izango da 14:20an. Iruñe alboko herrietan sartu-irtenean ibiliko da ondoren. Hiriburuko alde zaharrean 17:00ak aldera sartuko da; larunbata denez, uste izatekoa da jendetza handia bilduko duela.

Iruñetik irtenda, Nafarroa Behererantz hartuko du Korrikak, eta gauean igaroko du hiriburua: Donibane Garazi (02:40). Larzabaletik barrena, Zuberoara joko du gero, eta goizean goiz iritsiko da Maulera, 07:00ak ondoren. Lapurdirako bideari ekingo dio jarraian, Donapaleutik barrena. Baionara igande arratsaldean helduko da Korrika, 18:00ak aurretik. Angelu eta Miarritze igande iluntzean igaroko ditu. Lapurdiko kostaldeko herrietatik jarraituko du igande arratsean, eta Gipuzkoara 01:30 aldera iritsiko da, Irunera. Aurki hartuko du Nafarroarako bidea, hala ere: Beratik eta Lesakatik igaroko da gauez, eta Lapurdira itzuliko da, Saratik barna. Azkainen izango da astelehen goizean, 08:00etan. Lapurditik Nafarroa aldera berriz, Baztandik: Elizondon izango da 13:20 aldera. Malerrekatik, Leitzaldetik eta Basaburutik igaroko da arratsaldean.

Hilaren 9an, asteartean, Arabara sartuko da Korrika, Sakanatik: Agurainera iritsiko da 08:00etarako. Arabako Errioxan izango da arratsaldean; gauean, Trebiñun. Biharamunean, Bizkai aldera joko du: goizaldean Aiaraldean ibiliko da, baina 11:00etarako Basaurin izango da. Txorierritik eta Uribe Kostatik pasatuko da arratsaldean —Getxon, adibidez, 21:15 aldera izango da—. Gauean Ezkerraldera joko du; Barakaldon, 00:30ean. Osteguneko mugarri nagusia Bilbo izango da: goizean Meatzaldea igaroko du, eta bazkalondoan Bilboko Zazpikaleetan izango da. Busturialdera joko du arratsean.

Hilaren 12an Gipuzkoan sartuko da Korrika, eta arratsalde hasieran Donostian izango da: 16:30 bueltan. Oiartzualdetik igaroko da iluntzean —Errenteriatik, 23:00 aurretik—, eta Beterri, Tolosaldea eta Goierri pasatuko ditu goizaldean. Oñatin izango da larunbat eguerdian, eta Eibarren bazkalondoan. Durangaldera joko du arratsean, eta Zornotzara. Arabarako bidea hasiko du orduan: Arratiara joko du lehenik, Arrasatera gero, eta Legutiotik barrena sartuko da Arabara, 06:00etan.

Gasteiz aldera zuzenean joko du Korrikak igande goizean, eta hiriburuan sartuko da 08:30erako. Gasteizen barrena emango du goiza, eta 12:30ean izango da azken kilometroa, Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan egingo dute ekitaldia, eta orduan irakurriko dute lekukoaren barruko mezua.

Orain hurrena 2009an amaitu zen Korrika Gasteizen. 16. Korrika izan zen, eta mezua Pirritx, Porrotx eta Marimototsek irakurri zuten. Aurtengoa 21. Korrika da, eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omenduko dute.

[youtube]https://youtu.be/6jLLRIETVi0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.