Itunpeko ikastetxeen hitzarmena hobetzea eskaini du Jaurlaritzak

Kristau Eskolan grebara deituta daude gaurtik hilaren 25era arte. Gobernuak eta patronalak ukatu egin dute proposamenak lotura duela ikastetxe horietako lan gatazkarekin

IItunpeko ikastetxeetako langileek iazko maiatzean Bilbon egin zuten manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeekin duen hitzarmena «gaurkotzeko eta hobetzeko» egitasmo bat aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak. Josu Erkorekak iragarri zuen hori atzo, eskola erlijiosoetako langileek gaur hastekoa duten zortzi eguneko grebaren bezperan. Gobernuko eledunak, dena den, ukatu egin zuen neurri hori patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioetan eragiteko asmoz jakinarazi dutela.

Kristau Eskolako zuzendaritzak ez du baloraziorik egin nahi izan, egitasmoak «nola eta zertan eragingo duen jakin arte». Hala ere, hark ere ziurtatu du gobernuaren iragarpenak eta gaur hasiko den grebak «loturarik ez» dutela. «Gaur [atzo] gertatu da notizia, baina aurretik datorren zerbait da. Lan gatazkatik at dagoen finantzaketa gehigarri bat da», azaldu diote ikastetxe sare horretako patronaleko iturriek kazeta honi. Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak, baina, herenegun aitortu zuen eurek Jaurlaritzarekin daukaten itunak mugatzen duela sindikatuei egin diezaieketen proposamena, eta finantzaketa handiagoa eskatu zion gobernuari.

ELAk, berriz, ez du baloraziorik egin nahi izan Jaurlaritzak iragarritako neurriari buruz; sindikatu hori da nagusia Kristau Eskolan. Steilasek kritikatu egin du proposamena, baina ez du zuzenean lotu lan gatazka horrekin. Sare sozialetan salatu du oro har itunpeko ikastetxeek ikasleen segregazioa bultzatzen dutela, eta Jaurlaritzak «saritu» egiten dituela.

Erkorekak zehaztu duenez, gobernuaren asmoa ez da lan gatazka horretan «esku hartzea».«Justifikaezina izango litzateke hori egitea». Azaldu du itunpeko ikastetxeentzako hitzarmena hobetzeko egitasmoa aurrekontuen gabeziari aurre egiteko lege proposameneko neurrietako bat dela, eta sorta berean bilduko dituztela langile publikoentzako soldata igoera eta DSBEaren emendatzea, besteak beste.

Hori guztia aurrera ateratzeko Jaurlaritzak beste alderdi baten babesa behar du Eusko Legebiltzarrean, eta, herenegun, Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak bere burua eskaini zuen horretarako, baldintza bat jarrita: esan zuen langile publikoen soldata igoera babestuko zuela, baldin eta itunpeko ikastetxeentzako baliabide ekonomikoak handitzen bazituen EAJ eta PSEren gobernuak.

Indarrak neurtzera

Gaur dira hastekoak lanuzteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan, eta hurrengo asteko ostiralera arte daude deituta: zortzi eskola egun, denera. Urrian eta azaroan ere egin zuten greba: sei egunetan. Kristau Eskolaren sarea 215 ikastetxek, 9.000 langilek eta 120.000 ikaslek osatzen dute.

Ikasleek galduko dituzten eskola orduak direla eta, gurasoen talde batzuk protestak antolatzen ari dira, eta Jaurlaritzari eskatu diote esku har dezala. Herenegun, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin elkartu ziren, eta hark iragarri zuen Lan Sailarekin bilduko zela, gutxieneko zerbitzuak handitu ditzan eskatzeko. Eta horixe bera egin zuen atzo. «Ez da gauza bera egun bateko greba edo zortzi egunekoa», argudiatu zuen Maria Jesus San Jose Lan sailburuak, Erkorekarekin batera eginiko agerraldian.

San Jose sindikatuekin bildu zen aurretik, eta, negoziazioek porrot egin ondoren, dekretu bidez zehaztu zituen gutxieneko zerbitzuak. Sindikatuek azaldu dutenez, orain arteko grebetan egon diren langileen halako lau egongo dira ikastetxe handienetan; hori, euren iritziz, «neurriz kanpokoa» da, eta langileen grebarako eskubidea «urratzen» du. «Botere gehiegikeria bat da», salatu dute berri agentziei eginiko adierazpenetan.

Manu Lezertua arartekoa guraso elkarte batzuetako ordezkariekin bildu zen atzo, eta azaldu zuen haien «kezkekin» bat egiten zuela. Aldeei eskatu zien konponbide bat bilatzeko.

Gatazka desblokeatzeko, aurreko asteetan bitariko bilerak eginak dituzte sindikatuek eta patronalak. Kristau Eskolak proposamen bat jarria du mahai gainean, eta, atzo esandakoaren arabera, ez du asmorik besterik egiteko. «Bihar [gaur] neurtuko da, beraz, grebak daukan indarra». Datozen egunei begira, ez du aurreikuspenik egin nahi. Sindikatuek, berriz, deialdiekin aurrera egiteko asmoa agertu dute, «eskaintza serio bat noiz jaso zain». ELAk du gehiengoa, eta bat eginda daude gainerakoak ere: Steilas, CCOO, LAB eta UGT.

Kristau Eskolako langileek hamar urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe. Lau ardatz dituzte haien eskariek. Batetik, soldatak: ohartarazi dute %10 galdu dutela erosahalmena. Bigarrenik, lan zama: eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko orduak izatea. Hirugarrenik, haur hezitzaileen eta hezkuntza laguntzako espezialisten egoera: haien lana irakaskuntza gisa hartzea, eta ordu osagarriak izatea. Eta, laugarrenik, enpleguari eustea: ikastetxeak ixten direnean —ikasle faltaren eraginez arriskuan daude zentro batzuk— langileak beste nonbait kokatzeko eredua egitea. Eskari horiekin lotutako proposamen batzuk egin ditu Kristau Eskolak —ordu osagarriekin lotutakoak, adibidez—, baina, sindikatuen esanetan, urrats txikiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.