Altsasuko auziko bertsio ofiziala gezurtatu dute lekuko berriek

Sei testiguk azaldu dute auzipetu batzuk ez zeudela Koxkan istiluen unean, eta zeudenek ez zutela parte hartu. Defentsak dio akusazioaren froga bakarra biktimen testigantza dela

Auzipetutako gazteen gurasoak, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian. J. DANAE / FOKU.
jon olano
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ez zeuden han edo ez zuten parte hartu. Altsasuko auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretora heldu zen atzo, defentsak nahiz fiskalak helegiteak aurkeztu baitzituzten auzitegi horrek ahozko epaiketan emandako ebazpenaren aurka, eta atzo egin zuten helegite horiek aztertzeko auzi saioa. Iazko apirileko epaiketan deklaratu ezin izan zuten sei lekuko igaro ziren epaimahaiaren aurretik, eta zigortutako zortzi gazteak errugabetu zituzten.

Hiru orduz luzatu zen saioa, eta lekukoek gezurtatu egin zituzten fiskalaren eta gazteak zigortu zituen epaimahaiaren kontakizunak, adierazi baitzuten horietako batzuk ez zirela Koxka tabernan egon 2016ko urriaren 15eko goizaldean, eta egon zirenek ez zutela parte hartu ezein istilutan. Espetxeratutako zazpi gazteek bideokonferentzia bidez jarraitu zuten saioa, Zaballako eta Iruñeko kartzeletatik. Iazko maiatzean, Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Oihan Arnanz, Iñaki Abad, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijori, eta Urkijo ez beste guztiak daude preso; Arnanz, Unamuno eta Ramirez de Alda, 2016ko azarotik, eta gainerakoak, iazko ekainetik.

Deklaratu zuen lehen testigua Koxka tabernan izan zen gau hartan, eta ez zuen liskarrik ikusi. Erasoa salatu zuten emakumeetako baten laguna zen lekukoa; epaileari adierazi zionez, une batean guardia zibiletako bat ikusi zuen lurrean, eta guardia zibilaren bikotekide eta lekukoaren laguna, makurtuta, poliziari laguntzen. Testuinguru horretan, testiguak ez zuen Julen Goikoetxea ikusi inor jotzen edo bultzatzen, eta Jon Ander Cob tabernan ere ez zuen ikusi.

Hurrengo lekukoa Cobekin egon zen egun horretan, frontoian aurrena eta Lezea tabernan ondoren. Gero, lekukoa Koxkara joan zen; ez, ordea, Cob. Taberna barruko «nahasmena» gertatu zenean, Cob ez zegoen Koxkan, lekukoaren arabera. Era berean, baieztatu zuen Goikoetxea tabernan zegoela, baina hura ere ez zuen liskarrean parte hartzen ikusi, ezta Arnanz ere. Gainerako lekukoek ere bigarrenaren testigantza baieztatu zuten: Cob frontoian, Lezea, Arkangoa eta Gautxori tabernetan egon zela, baina ez Koxkan.

Testigantza berrietan oinarrituta, auzipetuentzako absoluzioa eskatu zuten defentsako abokatuek. Jaione Karrerak nabarmendu zuen ez dagoela Ramirez de Aldaren aurkako frogarik, eta Manuel Ollek, berriz, ohar egin zuen akusazioen froga bakarrak biktimen hitzak direla. Eva Gimbernat abokatuaren hitzetan, berriz, ez dago Coben aurkako frogarik, eta atzoko lekukotzek baieztatu zuten ez zela Koxkan egon.

Lekukotasun horiei, ordea, balioa kentzen saiatu zen Jose Perals fiskala. Gazteak «terrorismo» delituengatik zigortzea nahi du, eta,horren haritik, esan zuen atzoko lekukoek ez ziotela ekarpen berririk egin prozesu judizialari. Tesi horrekin bat egin zuen Estatuaren abokatuak ere. Zehazki, fiskalak lekuko ugariri galdetu zien gazte auzipetuen aldeko manifestazioetan parte hartu al duten, eta erantsi zuen lekukoak zigortuen lagunak direla. Manuel Olle abokatuak erantzun zion, esanez auzipetuen aldeko manifestazioetara joatea eta egia esatea bateragarriak direla. Halaber, Coben kasuan, fiskalak azpimarratu zuen Arkangoa eta Koxka tabernak gertu daudela eta akusatuak batetik bestera joan zitezkeela, eta ukatu zuen auzian «konspirazio edo Poliziaren azpijoko» bat dagoela: «Ez gaude Guardia Zibilak akusatuen aurka abiatutako kausa orokor batean. Guardia Zibilaren eta bi emakumeren aurkako atentatu baten aurrean gaude».

«Bukatzeko» garaia

Auzitegiaren atarian, fiskalaren jokabidearekin kritiko agertu zen Bel Pozueta, Adur Ramirez de Aldaren ama; «kutsu politikoa duen kontakizun bat» egin nahi izatea egotzi zion. Pozuetaren iritziz, apirileko epaiketan nagusitutako bertsioa «berretsi» zen atzoko saioan, eta auzia «bukatzeko garaia» dela nabarmendu zuen: «Jada ezin dugu proportzionaltasunaz hitz egin, baina justizia ezartzen hasi nahi bada, iritsi da ordua hau guztia amaitzeko eta gure semeak kalera irteteko».

Auzia hizpide izan zen Auzitegi Nazionaletik kanpo ere. Mikel Buil Nafarroako Ahal Dugu-ko parlamentariak ohar batean adierazi zuenez, «zentzugabeak» dira fiskalaren zigor eskariak, eta espero du auziaren fase honetan «ahozko epaiketan egon ez zen proportzionaltasuna» egotea: «Justizia ez denean proportzionala, automatikoki justizia izateari uzten dio».

Auzi saioaren bezperan, auzipetuetako batzuen gurasoak Katalunian izan ziren. Herrialde horretako telebista publikoak Altsasu: ferides obertes (Altsasu: zauri irekiak) dokumentala eman zuen astearte gauean, eta, egun berean, Roger Torrent legebiltzarreko presidenteak harrera egin zien.Harrera horrekin «suminduta» azaldu zen atzo Ana Beltran Nafarroako PPko parlamentaria: «Torrentek zigortuen senideei eginiko harrerak erakusten du procés-aren ideologoen eta Nafarroako batasuntzearen artean dagoen elkar hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.