Mediku nafarren greba, herren

Mediku sindikatuak bere kabuz deitu du gaurko lanuztera. LABek «interes partikularrak» ikusten ditu. Aldarrikapenetako bat: «Euskara eskakizuna ken dezatela lan deialdietatik»

Osasun langile talde bat protestan, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ez du adostasunik lortu. SMN Nafarroako Mediku Sindikatuak grebara deitu ditu herrialdeko medikuak: gaur dute lehen eguna, baina lanuzteak eginen dituzte otsailaren 7, 14, 21 eta 28an ere. Besteak beste, Nafarroako Osasun Departamentuari eskatu diote neurriak har ditzala kontsulta denborak egokitzeko, behin-behinekotasuna murrizteko, lan baldintzak hobetzeko eta lan kargak gutxitzeko. Alta, deialdiaren letra txikiak—euskara eskakizuna lan deialdi publikoetatik kentzeko eskaerak, adibidez— eta greba hauteskundeetatik hain gertu egin izanak mesfidantza eragin dute osasun sektorean, eta hainbat eragilek ez dute protesta babestu.

LABek, osasun arloko mahai sektorialean ordezkari gehien duen sindikatuak, esate baterako, ez du lanuzterik bultzatuko, eta «interes partikular asko» sumatu ditu deialdiaren atzean. Sindikatu abertzaleak bat egin du greba deialdian azaldutako eskaera eta aldarrikapen batzuekin, baina «zintzo» jokatzeko eskatu dio SMNri, batez ere «arazoen arduradunak» identifikatzeko tenorean: «Soldata murrizketa guztiak aurreko legealdian erabaki ziren, UPN Nafarroako Gobernuan eta PSOE eta PP Espainiako Gobernuan zirela; Madrilgo gobernu horiek galarazi dute lantaldeak berritzeko eta zabaltzeko aukera, eta haiek mugatu dute langileon baldintzak kudeatzeko autogobernua».

Are: LABek gogorarazi du ezen 2012an, UPNko Marta Vera Osasun kontseilari zela, lanaldia 38 ordura luzatu zela eta 600 lanpostu murriztu zirela: «Garai hartan, SMNk ez zuen mobilizaziorik antolatu». Legealdi honetan, berriz, Osasunbideko langile guztiek erosahalmena berreskuratu dutela eta langile kopurua UPNk ezarritako murrizketen aurreko egoerara itzuli ez ezik gainditu ere egin duela nabarmendu du sindikatuak.

LABen kritikak «iraingarritzat» jo ditu SMNk. Ohar bidez adierazi du «gezurra» dela orain arte mobilizaziorik egin ez izana: «Greba egin genuen 2004. urtean ere». Bestalde, Nafarroako Gobernuak iaz aplikatutako %5,5eko soldata igoera «desorekatua» eta «bidegabea» dela gaineratu du sindikatu horrek, igoerak maila apaleneko funtzionarioei —D eta E mailakoei— eragin dielako batez ere: «Haiei bai, nabarmen igo dizkiete ordainsariak, baina gu oso urrun gaude 2010eko mailatik».

Euskararen aurka

LAB ez da izan Nafarroako Mediku Sindikatuaren deialdia txarretsi duen eragile bakarra. Nafarroako OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak ere kritika gogorra egin dio SMNri, greba deialdian euskarari egiten zaion aipamenarengatik, batez ere: «Aldarrikapen batzuekin ados egon gaitezkeen arren, bada puntu bat osasungintza euskalduntzearen kontra doana erabat; izan ere, euskara ez baloratzea eta euskarazko profila duten lanposturik ez egotea eskatzen dute».

Nafarroako OEEren esanetan, «ezinbestekoa da pazientearen hizkuntza errespetatzea», eta, horretarako, euskarazko mediku lanpostuak sortu behar dira: «Euskaraz eta gaztelaniaz ongi moldatzen diren profesionalek, komunikazioari dagokionez, zerbitzu hobea ematen ahal diete Nafarroako biztanleei».

Horregatik, osasun langile euskaldunen elkarteak txarretsi egin du «euskara baremoetatik ezabatzeko» asmoa: «Arrotz sentiarazi nahi gaituzte gure etxean, bai gu, langileok, eta baita gure paziente euskaldunak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.