300 aztarna frankista gutxiago

Nafarroako Gobernuak sinbologia frankistaren errolda egin zuenetik, 300 ikurretik gora kendu dituzte erakundeek. Erretiratutako ikur batzuk ikusgai paratuko dituzte martxoan
Nafarroako Gobernuko beharginak Nafarroako Jauregiko gurutze ereinozduna ikuskatzen, kendu aurretik.
Nafarroako Gobernuko beharginak Nafarroako Jauregiko gurutze ereinozduna ikuskatzen, kendu aurretik. JESUS DIGES/ EFE

Ainhoa Larretxea Agirre -

2019ko otsailak 19
Aurten 44 urte beteko dira Francisco Franco Espainiako diktadorea hil eta diktadura bukatu zela. Alta, garai hartako aztarnak oraindik ere ikusgai dira hainbat lekutan, urte luzez egon izan baitira ikur horiek kaleetan. Nafarroan, 2016az geroztik, 300 aztarna baino gehiago kendu dituzte tokiko entitateek, Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Atzo egindako agerraldian eman zituzten datuok Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Alvaro Baraibar Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako txosten batean oinarrituta, 2016an ikur frankisten errolda egin zuen Nafarroako Gobernuak. 302 ikur zenbatu zituzten. Haietatik 224 ziren kale izendegiko plakak eta ereinozdunak, eta 78 ohorezko izendapenak. Ikerketan jarraitu ahala, ordea, kopurua handitu egin da eta, egun, 460 inguru dira detektatutako ikur frankistak. Haietatik, 300 ikur baino gehiago kendu dituzte dagoeneko, eta bertze 78 kentzeko prozesuan ari dira. Ikertzen jarraitzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak, eta, beraz, litekeena da oraindik ere ikur gehiago agertzea.

Ereinozdun gurutzeak eta plakak dira kendutako gehienak, baina tartean badira ohorezko izendapenak ere. Haiek dira detektatzeko zailenak: herri anitzetan izendatu zuten Franco herriko seme kutun, eta, oraingo udalbatza anitzetan, ez dute horren berri. Frankismo hasierako urteetako aktak aztertu behar izan dituzte ikerketarako. Seme kutun izendatzeaz gain, herri batean ohorezko akate ere bazen. Erroldan, 2.500 biztanleko herriak bakarrik sartu dituzte, eta, beraz, litekeena da ohorezko aipamen kopuru hori handitzea gainerako herriak aztertzen hastean.

Ollok nabarmendu zuen «espazioaren demokratizazioa» lortzeko beharrezko pausoa dela frankismo garaiko ikur eta aipamenak kentzea. Hirurehun baino gehiago kendu ondotik, ontzat eman zuen Nafarroako Gobernuak egindako lana, nahiz eta azpimarratu zuen oraindik ere badagoela gehiago egiteko eta ikertzen jarraitu beharra dagoela: «Ikur denak kendu behar dira, ohorezko aipamenen ikerketan sakondu eta ikurren errolda eguneratu».

Errolda gobernuak egin badu ere, tokiko entitateen ardura da frankismo garaiko ikurrak kentzea. Nafarroako Gobernua udalekin harremanetan jarritakoan harrera ona izan dutela nabarmendu zuen Baraibarrek: «Herri gehienetan ez da arazorik izan. Ikurrak zeintzuk diren eta zergatik kendu behar diren azalduta, euren ekimenez kendu dituzte». Hala ere, gogorarazi zuen eremu publikoan udalak derrigortuta daudela sinbologia frankista duten ikurrak kentzera eta kentzen ez dutenek errekerimendu bat jasotzen dutela.

Erakusketa interaktiboa

Ikur frankistak kentzearen garrantzia azpimarratzeko, erakusketa interaktibo bat antolatu du Nafarroako Gobernuak. Martxoan jarriko dute ikusgai, Iruñeko Sarasate pasealekuan. Bideo bidez, orain arte erretiratutako ikur guztiak identifikatu eta mapa batean kokatu dituzte. Gainera, kendutako pieza aipagarrienetako batzuk ikusgai jarriko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna