Bertsio ofizialaren «oinarrizko» parteak gezurtatzen ditu 'Martin Villa txostenak'

78ko Sanferminak Gogoan elkarteak agiria eskuratu du, eta gaur zortzi emango du bertan jasotzen direnen berri. German Rodriguezen hilketaz gain, Joseba Barandiaranena eta Errenteriako erasoak ere ageri dira txostenean

Iruñeko peñek German Rodriguezi eta Joseba Barandiarani iazko sanferminetan eginiko omenaldia. VILLAR LOPEZ / EFE.
jon olano
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
1978ko sanferminetako gertakariak jasotzen dituen Martin Villa txostenak gezurtatu egiten ditu egun horri buruz ofizialtzat jo izan den bertsioaren «oinarrizko» elementu batzuk, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak ohartarazi duenez. Horrez gain, dokumentuan jasotzen diren adierazpen batzuk «desitxuratu» egiten dute Iruñean 1978ko uztailaren 8an gertatutakoa, elkartearen esanetan. Plataformako kideek prentsaurreko bat egingo dute datorren larunbatean Nafarroako hiriburuan, agiriari buruzko xehetasunen berri emateko.

Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan ukatu izan du txosten horren existentzia bera, bai gobernuan PP zegoen garaian, eta bai PSOE zegoenean. Orain, ordea, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak eskuratu du dokumentu hori. EH Bilduk aurkitu zuen, Espainiako Kongresuaren artxibategian, eta elkartearen esku utzi. Elkartearen abokatuak aztertzen ari dira, eta, edukiak xehe-xehe jakinarazteaz gain, larunbateko agerraldian azalduko dute elkarteak zer pauso emango dituen datozen asteetan, alor politikoan nahiz auzibidean.

Elkarteak aurreratu duenez, hiru dokumentu biltzen ditu Martin Villa txostenak: Ignacio Llano 1978an Nafarroako gobernadore zibila zenak Rodolfo Martin Villa Espainiako orduko Barne ministroari bidalitako bat; Dionisio Bartrech Espainiako Polizia Armatuko Bigarren Inspektoreordetzako buruzagiak prestatutako bat eta Segurtasunerako Zuzendaritza Orokorraren Zuzendariordetzak taxututako beste bat; hirurak, 1978ko uztailaren 8an eta 9an Iruñean gertatutakoei buruzkoak.

Hala ere, txostenean ez dira soilik Nafarroako hiriburuko hilketa eta haren ingurukoak jasotzen, Donostian uztailaren 11n eta Errenterian (Gipuzkoa) hilaren 13an gertatutakoei buruzko azalpenak ere ematen baitira. Iruñean German Rodriguez Liga Komunista Iraultzaileko kidea tiroz hil eta gero, mobilizazio ugari egin ziren Euskal Herrian zehar; horietako batean, Donostian, Poliziak tiroz hil zuen Joseba Barandiaran Astigarragako gaztea, uztailaren 11n.

Orduko giroa are gehiago gaiztotu zuen Poliziak hilaren 13an: Burgostik (Espainia) Errenteriara joandako dozenaka poliziak herriko saltokiak apurtu zituzten, haietan lapurtu, eta tiroka hasi zitzaizkien balkoietan zintzilikatuta zeuden eta xingola beltzak zeramatzaten ikurrinei. Horiek horrela, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak asmoa dauka txostena Errenteriako, Donostiako eta Iruñeko udalen, Joseba Barandiaranen eta German Rodriguezen senideen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Memoria Historikoko Dokumentu Funtsaren esku uzteko.

Agiri gehiago «ezkutaturik»

Elkarteak kereila bat aurkeztu zuen joan den urtarrilaren 22an, 1978ko uztailaren 8ko gertakarien harira, eta orain eskuratutako informazioa prozesu horretan baliatuko dute. Elkarteak salatu du Espainiako Barne eta Defentsa ministerioetan «ezkutaturik» dauzkatela beste agiri «garrantzitsu» batzuk, eta haiek ere eskuratzeko lanetan jarraituko dutela. Iazko maiatzean, gertakari horien 40. urteurrenaren atarian, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen horien inguruko informazioa desklasifikatzeko eskaria, PP, PSOE eta Ciudadanosen kontrako botoekin. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuakere eskatu izan dute desklasifikatzeko egun horretako agiriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.