Bi anaiari apaiz batek egindako abusuak salatu dituzte Garesen

Erreparaziokoen ikastetxean jasandako abusuen berri eman du gizon batek, eta azaldu du bere burua hil zuen anaia bati ere eraso ziotela. Gipuzkoan beste lau apaiz salatu dituzte

George Pell kardinala, atzo, Melbourneko epaitegira iritsi zenean. DAVID CROSLING / EFE.
Ion Orzaiz.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Tantaka, baina etenik gabe. Asteburuan Vatikanoan sexu abusuei buruzko goi bilera egin zutenetik, kasu gehiago azaleratu dira Euskal Herriko elizbarrutietan. Batetik, Donostiako gotzaindegiak jakinarazi du lau apaizen kontrako salaketak jaso dituela azken bi urteetan. Bestetik, Garesko Erreparaziokoen ikastetxean (Nafarroa) apaiz batek egindako abusuen berri eman du gizon batek; azaldu du anaiak eta biek pairatu zituztela erasoak. Argitara ateratako kasuek bi ezaugarri dituzte komunean: batetik, ez dituzte jakinarazi erasotzaileen izen-deiturak, eta, bestetik, duela zenbait hamarkada gertatutako kasuak dira denak, eta, ondorioz, preskribatuta leudeke epaitegietan.

Garesko eskola erlijiosoko auziari dagokionez, biktimak berak eman du horren berri SER irrati katean, elkarrizketa batean. Guillermo ezizenarekin aurkeztu zuten, eta ahotsa distortsionatu zioten, inork ez ezagutzeko.

Elkarrizketan, gizonak kontatu du Erreparaziokoen ikastetxeko erizaintza gelan aritzen zen apaiz batek sexu abusuak egin zizkiola, artean 12 urte zituela: «Izugarria izan zen; horrelako eraso bat sufritzea, hein handi batean, barruan daramazun haurra hiltzea da». Abusuak jasan ostean, eskolako bulego batean sartu, eta amari hots egin zion: «Ama, ez bazara nire bila etortzen, ez nauzu berriz ikusiko». Ama heldu zenean, ordea, mutikoa ez zen ausartu gertatutakoa azaltzera. «Duela urte asko hil zen, egia jakin gabe».

Ez zen kasu bakarra izan. Handik zenbait urtera, Guillermok jakin zuen anaia batek ere abusuak pairatu zituela. Bere buruaz beste egin zuen mutikoak, eta idatzita utzi zuen gertatutakoari buruzko testigantza, Guillermori zuzendutako gutun batean: «Eskutitza zabaldu nuenean, bihotza erori zitzaidan: ezin nuen sinetsi niri eraso zidan apaiz hori izan zela anaiaz abusatu zuen bera, eta urte horietan guztietan ez nintzela ezer esateko gai izan; birrindu egin ninduen horrek».

Guillermok ez zuen salaketarik jarri, «erasotzailea aspaldi hil zelako, eta zentzurik ez zuelako», baina Iruñeko Artzapezpikutzan eman zuen gertatutakoaren berri. Nafarroako gotzainak, ordea, ez zion laguntzarik eskaini. «Hormigoizko harresi batekin egin nuen topo: nire anaiaren gutuna entregatzeko eskatu zidaten; esan zidaten han kutxa bat zeukatela gisa horretako testigantzaz betea, eta hortik ez zela inoiz aterako. Nik, jakina, ez nuen halakorik onartu».

BERRIA harremanetan jarri da Garesko Erreparaziokoen ikastetxeko zuzendari Jesus Santerrekin, eta auziaz galdetu dio, baina, haren esanetan, «orain» ari dira gertatutakoaz jabetzen: «Hedabideen bitartez izan dugu horren berri, eta ezustean harrapatu gaitu». Zuzendariaren esanetan, ikastetxeko komunitatea «harrituta eta atsekabetuta» dago gertatutakoarekin. Zuzendariaren arabera, inoiz ez zuten salaketarik jaso: «Nik dakidala, horren berririk ez zuen ez ikastetxeko zuzendaritzak, ezta kongregazio erlijiosoak ere». Artzapezpikutzan argibideak eskatu ditu BERRIAk, baina erantzun diote «Erromatik» kudeatzen dituztela halako auziak.

Beste lau salaketa

Garai berekoak dira Donostiako elizbarrutian azaleratutako kasuak ere. Jose Ignacio Munilla gotzainak eman zuen horien berri, astelehenean, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan. Haren esanetan, duela bi urte izan zuten abusu horien berri, Juan Kruz Mendizabalen auzia argitara atera ostean. Zehazki, lau biktimaren testigantzak jaso zituzten, «duela 38-50 urte» gertatutako abusuei buruzkoak. Donostiako elizbarrutiak ez du eman lau abusatzaile horien izen-abizenik. Azaldu du horietatik bi hilik daudela, eta, beraz, ezin direla epaitu, eta beste bi kasuak «preskribatuta» daudela. Auzia argitzeko, «Vatikanoak ikuskatutako prozesu kanonikoa» abiatu zuen gotzaintzak. Azaldu dute abusatzaileek errua aitortu zutela eta «zigor kanonikoa» ezarri zietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.