Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Katalunia

Puigdemonti Europako bozetara aurkeztea debekatu dio Hauteskunde Batzordeak

Kataluniako presidente kargugabetuaren abokatuaren ustez, herenegungo hauteskundeetan independentistek izan zituzten emaitza onengatik ezarri diote debekua. ERCk izan du boto gehien, JxC alderdiak jasotakoa halako bi

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua hauteskundeen berri jasotzeko bilkura batean, herenegun, Bruselan. MARTA BORRAS / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen biharamuna astindu zuen atzo Hauteskunde Batzordearen erabaki batek. Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuari debekatu egin dio maiatzaren 26an egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztea, Ciudadanosen eta PPren inpugnazio bat partzialki ontzat jo ondoren. Alderdi horiek argudiatu zuten Puigdemont ez dagoela atzerrian bizi diren Espainiako herritarren zerrendan, eta, hortaz, «justiziatik ihesean» ari dela. Presidente kargugabetuari bezala haren zerrenda berean zeuden bertze bi erbesteraturi ere debekatu egin die aurkeztea —Toni Comini eta Clara Ponsatiri—.

Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuak herenegungo hauteskundeen emaitzarekin lotu du erabakia, haren ustez independentisten «bertze garaipen bat» eragotzi nahi duelako, Twitter sare sozialean salatu duenez. Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik ohar bateratu batean adierazi dute «ekintza juridiko guztiak» eginen dituztela debeku hori baliogabetzeko.

Zerrendak ofizialki aldarrikatu ondoren 48 ordu dituzte helegitea paratzeko Espainiako Auzitegi Gorenean. Hark epai bat eman ondoren, Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera dute. Ez da Puigdemontek aurkeztuko duen helegite bakarra izanen; atzo jakin zenez, bertze auzi batengatik Kanadako Auzitegi Federalera joko du, iragan martxoan hango gobernuak Quebecen sartzea debekatu ziolako.

Puigdemonti aurkezteko debekua berretsiko baliote, kolpe handia litzateke JxC Junts Per Catalunyarentzat. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan 2016an CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak ateratakoak baino emaitza txarragoak izan baititu; ia bi puntu jaitsi da bototan, eta diputatu bat galdu du —%12,05 eta zazpi jarleku orain—. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaz geroztik bi hauteskunde egin dira Katalunian: hango parlamenturakoak —2017ko abenduaren 21ean— eta herenegungoak. Kataluniakoetan JxCk independentismoaren lidergoari eutsi zion, baina Espainiako Kongresurakoetan ERC Esquerra Republicanak alde handia atera dio —botoen %24,6 eta hamabortz diputatu lortu ditu ERCk—.

Laura Borras JxCren buruzagiordeak atzo emandako prentsaurrekoan aitortu zuen alderdiak independentzia lortzeko jarraitu beharreko estrategiaz dituen desadostasunek eragina izan dutela emaitzan, eta adierazi zuen maiatzaren 26ko hauteskundeak —Kataluniako udaletarakoak eta Europarakoak— «bigarren itzulia» izanen direla.

Independentistak, %39,4

Haizea alde duela aurkeztuko da ERC maiatzeko bozetara, herenegungo emaitzekin legitimatuago ikusi baitu erreferendumaz geroztik hartu duen jarrera —independentziarako alde bakarreko bidea baztertzearena—. Espainiako diktadura bukatu zenetik (1975) Katalunian egin diren hauteskundeetan bakarka aurkeztuta bigarren aldiz izan da boto gehien jaso duen alderdia —aitzinekoa, 2014ko Europako hauteskundeetan—. 2016ko Kongresurako hauteskundeetatik sei puntu igo da, eta sei jarleku irabazi ditu —ia 400.000 boto gehiago—. 1,4 punturen aldea atera dio bigarren izan den PSC Kataluniako Alderdi Sozialistari —hamabi diputatu lortu ditu PSCk—. Udalerrietan, berriz, nagusitasun erabatekoa izan du: 747tan nagusitu da ERC —Bartzelonan barne—, 107tan JxC eta 90etan PSC.

Kataluniako parte hartzea Espainiako batezbertzekoa baino ia bi puntu handiagoa izan da—%77,6koa—, eta 2017ko Kataluniako Parlamenturakoekin alderatuz puntu eta erdi txikiagoa. ERCk boz horietan baino 80.000 boto gehiago lortu ditu, eta JxCk, berriz, 450.000 gutxiago. Katalunian jokoan zeuden 47 jarlekuetatik 22 irabazi ditu independentismoak, eta hemeretzi 155aren blokeak —PSCk, Ciutadansek, PPk, eta, orain, Voxeko bat gehituta—. Podemos kidetzat duen koalizioak zazpi diputatu irabazi ditu. 155aren giltza PSOEk du orain, Espainiako Senatuan gehiengo osoa lortu baitu. Botoei dagokienez, alderdi independentistek %39,4 lortu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.