Erabiltzaileei dirua itzuliko diete

Olanok atzo iragarri zuen neurria: lanuzteen ondorioz zerbitzurik jaso ez duten eta ordainduak dituzten orduak itzuliko dizkiete erabiltzaileei. Senideen ustez, aldundiak hartutako neurria «gutxieneko bat» da.

Paulo Ostolaza.
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Grebaren ondorioak pairatu arren, zaharren egoitzetako erabiltzaileek hileroko kuota berdin ordaintzendute. Hilabeteak zeramatzaten bai senideen elkarteak, baita EH Bilduk ere, aldundiari zerbitzurik eman ez zuen orduen ordaina itzultzeko eskatzen, eta Markel Olano diputatu nagusiak baiezkoa eman zuen atzo. Haren arabera, orain arte neurria hartu ez izanaren arrazoia «legearen ikuspuntutik bideragarria» zen konponbide bat aurkitu ez izana izan da. Erabiltzaileek enpresei ordaintzen diete hileroko kuota, eta, beraz, diputazioak ezin zien zuzenean itzuli dirua. Aldundiak asteon bidaliko die familiei egin beharreko urratsak azaltzen dituen gutuna, eta dirua datorren urteko lehen hiruhilekoan itzuliko zaie.

Diputazioaren kalkuluen arabera, grebak hasi zirenetik aurtengo irailera, behar zen baino 710.000 euro gehiago eman dizkie azpikontratatutako enpresei. Erabiltzaile bakoitzak jaso beharreko kalte ordaina ezberdinada, eragin dien lanuzte orduen eta ordaintzen dutenaren araberakoa.

Kasu gehienetan, lekuaren %60 ordaintzen da diru publikoarekin, eta beste %40 inguru erabiltzaileak jartzen du. Ehuneko horrek gora edo behera egiten du hainbat aldagairen arabera.

Xabier Pierrugues Gipuzkoako Senideak elkarteko kide da. BERRIAri adierazi dionez, plataformak neurri hori hartzeko eskatu izan dio diputazioari orain arte izandako bi bileretan. Lehenengoan, legearekin arazoak zituztela esan zieten, eta bigarrenean, berriz, ez zutela argi. Albistea atzo jakin zuten, prentsaren bidez; aldundiak ez die ezer adierazi.

Neurriaz duen iritziaz galdetuta, «gutxieneko bat» dela esan du Pierruguesek: «Eskatzen dugunaren zati bat da, baina, gu diputazioaren bezero zuzenak garenez, lan gatazkari konponbide bat emateko eskatzen diogu, kosta ahala kosta».

Euren senideek pairatzen duten egoera hobetzea da plataformako kideen helburu nagusia: «Grebarik gabe ere, ez dira betetzen erabiltzaileak egoera duin batean egoteko baldintzak, eta mobilizatzen jarraituko dugu».

Bestalde, EH Bilduk egin duen adierazpenean esan du «aldundia behingoz bide horretan jarri izana pozgarria» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.