Espainiako inbestidura. Euskal alderdiak

«Estatuaren egiturak egokitzea» adostu dute EAJk eta PSOEk itunean

Inbestidurako akordioa lortu dute EAJk eta PSOEk. EAJk babestu egingo du Sanchezen hautagaitza. Trukean, Gernikako estatutua betetzea eta Nafarroari trafiko eskumenak transferitzea hitzartu dute

Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar, atzo, Madrilen, ituna sinatzeko ekitaldian. BALLESTEROS / EFE.
gotzon hermosilla
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioa izenpetu dute EAJk eta PSOEk Espainiako Kongresuan. Atzo Madrilen sinatutako akordioaren ondorioz, EAJk Espainiako Kongresuan dituen sei diputatuek Sanchezen aldeko botoa emango dute inbestidura saioan, eta, trukean, bi aldeek konpromisoa hartu dute aurrerantzean «komunikazio arin eta etengabea» izateko zenbait gairen inguruan negoziatzeko, adibidez, «[Espainiako] Estatuaren egiturak lurralde nortasunetara egokitzeko beharrezkoak diren erreformak bultzatzeko».

Arlo gehienetan, akordioak ez du zehaztasun handirik, eta etorkizunean izango diren negoziazioetarako utzi dituzte horien edukiak, baina negoziaziorako esparru bat zedarritzen du, eta eztabaidatu beharreko auzien artean «estatuaren egituren erreformak eta, hala badagokio, beharrezko lege aldaketak» aipatzen dira estreinako aldiz.

Zehatzagoa da eskumenen arloa: itunaren arabera, 2020an negoziatu eta transferituko dira EAEn oraindik eman gabe dauden eskumenak, eta Nafarroako trafiko eskumenak eskualdatzeko sei hilabeteko epea ezartzen da.

«Nazio aniztasuna»

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du akordio honek «ateak» zabaltzen dizkiola «[Espainiako] Estatuaren nazio aniztasunaren errealitatea onartzeari», eta hori «aldaketa positiboa» dela.

EAJren EBBren lehendakari Andoni Ortuzarrek, berriz, esan du akordioaren bidez «bermeak» lortu dituztela «Gernikako estatutua behingoz bete eta autogobernu estatus berria negoziatu ahal izateko».

Akordioan Nafarroako trafiko eskumena agertzeak polemika sortu du. Nafarroako Gobernuak esan du «eskaera historikoa» dela, eta ontzat jo du Espainiako Gobernuak «berretsi» izana. Nafarroako EAJk esan du «zilegi» dela «nafarrentzat onuragarriak diren akordioak bilatu nahi izatea». Guardia Zibilaren AUGC elkarteak, berriz, mobilizazioak iragarri ditu horren kontra.

Hamabi puntu ditu EAJk eta PSOEk Madrilen izenpetutako inbestidura akordioak. IHonako hauek dira iunaren ardatzak:

1. Komunikazioa. EAJk eta PSOEk eta, maila instituzionalean, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «etengabeko komunikazioa» izango dute alde biei eragiten dieten gaietan, «desadostasunen judizializazioa» saihestuz eta «akordio politikoa» lehenetsiz. Testuan, neurri fiskalak, kontzertu ekonomikoaren inguruan egon daitezkeen desadostasunak, defizit helburuak eta «dekretu digitalak» aipatzen dira adostu beharreko gaien artean.

2. Estatuaren egitura. «Estatuaren egiturak lurralde nortasunei egokitzeko beharrezkoak diren erreformak» bultzatuko dituzte. Horrekin, «Kataluniako gatazkari» eta EAEko estatus berriaren eskakizunari irtenbidea eman nahi diete.

3. Eskumenak. Akordioan aurreikusten du EAEko estatutuan falta diren eskumenak 2020an eskualdatzea eta sei hilabeteko epean trafiko eskumenak Nafarroaren esku uztea «bere garaian EAEri emandakoen eduki eta hedadura berarekin».

4. Azpiegiturak eta neurri ekonomikoak. Espainiari dagozkion azpiegiturei «presaz, irmoki eta erabakitasunez» heltzea bereziki, AHT abiadura handiko trena, industria sustatzea, energia eraldaketara egokitzeko egin beharko den ahalegina «konpentsatzea», aldaketa horiek eragindako lanpostuak babestuz, eta EAJk bere garaian PPrekin adostu eta oraindik bete gabe dauden neurriak hartzea ere jaso dute akordioan.

5. Europa. «Europaren eraikuntza eta euskal instituzioek Europako Batasunaren instituzioetan duten presentzia eta parte hartzea bultzatzea» aurreikusi dute itunean.

6. Kirol selekzioak. Akordioaren arabera, «behar besteko bideak» irekiko dira «kirolaren eta kulturaren esparruan Euskadik nazioarteko ordezkaritza izan dezan bultzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.