Koronabirusa

Tutera eta Ordiziako kasuen oldarraldien harira, adi ibiltzeko esan dute agintariek

Sorburua Ordizian duten 69 kasu agertu dira; Tuterakoarekin zerikusia dutenak 31 dira. «Transmisio komunitarioa» egiaztatzeko dago beste hainbat tokitan; ikertzen ari dira

Jendea kalean asteon, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Izurriaren kontrolerako datuen azken zenbaketan, COVID-19a duten beste 31 positibo atzeman dituztela esan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak: bost Araban, zortzi Bizkaian, eta hemezortzi Gipuzkoan. Ordiziako (Gipuzkoa) taberna gune batean abiatutako kasu multzoari dagokionez, adierazi zuen beste 11 positibo atzeman dituztela birusaren agerraldi horretan, eta dagoeneko 69 direla multzo horrekin zerikusia duten kasuak. Bizkaian atzeman dute kasu horietako bat, Araban beste bat; erkidego osora zabalduta dago, beraz. Nafarroako osasun agintariek ere eman zuten atzo azken datuen berri; ostegunean jakinarazi zuten Tuteran 23 kasu agertu zirela ezkontza baten ingurumarian, eta atzo esan zuten denera 31 direla positibo horiekin zerikusia dutenak. Tuterako Udalak elkarlan osoa azaldu dio Nafarroako Gobernuari kasuak kontrolatzeko martxan jarri beharko diren urratsetarako.

Ordizian atzeman diren kasuei dagokienez, positibo gehienak jende gaztea direla azaldu zuen atzo Murgak; batez beste, 32 urte dituzte. Aintzakotzat hartzeko moduko datua da hori; izan ere, adinean gora egin ahala gordindu egiten dira eritasunaren sintomak, eta pronostikoa larriagoa izaten da. Sailburuak onartu zuen, hala ere,gazte horien inguruko kontaktu «estuengana» heldu ahala agertu direla adin handiagoko pertsona positiboak ere. Dena dela, kasu multzo horretan kutsatutako inork oraingoz ez du joan behar izan erietxera larri dagoelako, atzo Murgak helarazitako datuen arabera. Arabako kasu berriak «funtsean» familia baten barruko transmisio baten ondorio direla azaldu zuen, eta positibo horiek ez dutela oraingoz aparteko neurririk hartzea eskatzen. Ezta ikertzen ari diren gainerakoek ere. «Oraingoz ez dago transmisio komunitariorik», nabarmendu zuen Murgak: «Guk behar diren egiaztapenak egin ostean jartzen ditugu abian gure ekintzak».

Onartu zuen, hala ere, gimnasio batean egona zela Gasteizen positibo eman duten pertsonetako bat, jende gehiago inguruan izan zuela orduan, eta adi daudela, testek zer erakutsiko. Eskoriatzan ere (Gipuzkoa) testak egin dira kasu baten harira; zehazki 53 azterketa egin dituztela nabarmendu zuen sailburuak, eta positibo bat agertu dela. Gainerako kasuetan deus nabarmentzekorik ez dagoela esan zuen Murgak. Baionako Belharra erietxean ere kasu bat topatu dute, eta ikerketa zabal bat jarri dute jatorria argitzeko.

Idiazabalgo udalekuak

Oraingoz, aparteko neurriak Ordizian bakarrik hartu ditu Jaurlaritzak; maskara une oro eraman behar dute han, eta tabernetako jarduera mugatuta dago: barran, adibidez, ezin da deus hartu, distantziak zorrotz kontrolatu behar dira, eta 23:30ean itxi egin behar dituzte. Beste hainbat neurri ere hartu behar izan dituzte Ordizian; udalekuak, esaterako, bertan behera utzi dituzte, eguneko zentroetako jarduna eten egin dute, eta zahar etxeetako kontrola ere areagotuta dago. Inguruko herrietan ere hartu dituzte hainbat prebentzio neurri, eta izurriaren ondorioak iristen ari zaizkie. Atzo, esaterako, Idiazabalgo Udalak azaldu zuen bertan behera utzi zituela haurrentzako udalekuak positibo eman duelako begiraleetako batek. Prebentzio gisara, PCR testak egingo dizkiete udalekuetan parte hartzen ari diren guztiei, bitartean bakartuta egon beharko dute. Lasaitze aldera, esan zuten begiraleak ez duela «harreman zuzenik» izan udalekuetako umeekin.Ordiziako kasuekin kezka handia azaldu dute osasun publikoko arduradunek: 2.573 test egin dituzte egunotan herrian eta 44 positibo agertu dira. Oldarraldiarekin lotutako kasuak dezente gehiago dira, ordea, eta horrek erakusten du zabalduta dagoela. Kasuek sorburua Etxezarreta kaleko hainbat ostatutan dute; ohiko topalekua dira herrian.

Tuteran, «blindatuta»

Hildakorik ez dago kasuen azken zenbaketan, baina berriki erietxetara birusa duten bi adineko heldu direla onartu zuen Murgak. Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek aitortuzuen kezkatuta daudelagaitzak Tuteran eta inguruetan izan dezakeen eraginaz, eta «blindatu» egin dituztela han zentro soziosanitarioak, bisitetara begira-eta. Iruñean ere adi daude familia baten barruan agertu diren kasuei, bost pertsonak positibo eman baitzuten. Kontrolatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.