Koronabirusa

Haztegietan dago arriskua

Europako hainbat herrialdek bisoi amerikarren haztegiak itxi dituzte, animaliak birusarekin kutsatu direla eta. Adituak eta talde ekologistak kezkatuta daude.

Bi bisoi amerikar haztegi bateko kaiolan. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Abisua Herbehereetatik etorri da: gobernuak debekatu egin du bisoi amerikarrak haztea, zenbait landetxetan COVID-19a atzeman dela eta. Lehen agerraldiak uda baino lehen detektatu zituzten, eta animaliei probak egiten hasi zirenean ohartu ziren arazoaren tamainaz: milaka eta milaka bisoik positibo eman zuten. Ondorioz, 600.000 animalia baino gehiago sakrifikatzea erabaki zuen gobernuak, eta landetxe guztiak itxi zituen. Areago, 2024 baino lehen bisoi amerikarra hazteko industria guztiz debekatzeko konpromisoa ere hartu du Herbehereetako Gobernuak.

Danimarkan eta Ameriketako Estatu Batuetan ere atzeman dituzte koronabirus kasuak haztegietan, eta hil egin dituzte horietako bisoi asko. Espainian ere izan da foku bat: uztailean, Toledoko haztegi bateko hainbat langilek positibo eman ondotik, bertako bisoiei egin zizkieten probak, eta milaka kutsatuta zeudela ikusi zuten. 90.000 bisoi baino gehiagohil zituzten. Antzerako egoera izan dute Belgikako, Frantziako eta Poloniako haztegi ugaritan ere: bisoien artean fokuak agertu dira, eta milaka animalia sakrifikatzea erabaki dute gobernuek.

Bisoi amerikarraren inguruko alarma orain piztu da, baina arazoa ez da berria komunitate zientifikoarentzat: aspaldi dakite mustelidoak birusaren gordailu izan daitezkeela, eta gizakietara jauzi egin dezaketela. «Guretzat ez da sorpresa izan», azaldu du Joxerra Aihartza zoologo eta EHUko irakasleak. Azaldu du aspalditik dakitela hainbat mustelido —tartean, bisoia— SARS-CoV-2 birusarekin kutsa daitezkeela, eta haren gordailu izan daitezkeela.

Izurria mundu osora zabaldu aurretik, Txinako hainbat ikerlarik ohartarazi zuten koronabirusa oso erraz zabaltzen zela animalia batzuetan; tartean, katuak eta mustelidoak. Eta, azken horien artean, bereziki hudoetan zabaltzen zela samurren. «Birusak hudoan sartzeko giltza baldin badu, bisoi amerikarrean sartzeko giltza ere izango du». Argi mintzo da Aihartza bisoi amerikarrak birusa zabaltzeko duen arriskuari buruz: «Animalia horiek kopuru handietan egoten dira haztegietan, elkarren ondoan pilatuta, eta oso erraza da beren artean birusa kutsatzea».

Larruaren industriarako erabiltzen dute bisoi amerikarra, eta gehienak haztegietan izaten dituzte. Bisoien artean lehen kasuak agertu zirenean, haztegiak ixteko kanpaina bati ekin zion WWF erakunde ekologistak, eta gobernuei eskatu zien landetxeetan izan daitezkeen agerraldien gaineko «kontrol neurriak zorrozteko» eta landetxe guztiak lehenbailehen ixteko. Osasun arriskuarekin kezkatuta daudela azaldu du WWF erakundeko arduradun Laura Morenok: «Bisoi amerikarra espezie inbaditzailea da, eta haztegiak arrisku handia dira biodibertsitatearentzat. Eta orain, gainera, badakigu bisoiak koronabirusarekin kutsa daitezkeela. Arrazoiak sobera dauzkagu haztegiak ixteko eskatzeko».

Euskal Herrian, bisoi amerikarraren haztegi bat dago Getarian (Gipuzkoa), eta talde ekologistak Eusko Jaurlaritzari galdegin dio «prebentzio neurriak» abian jartzea eta lehenbailehen ixtea. Morenok salatu du, ordea, gobernuek muzin egin dietela eskaerei: «Arriskuaren tamaina gutxiesten ari dira, eta modu pasiboan egiten ari dira kontrolak».

Administrazioen jarrerarekin kezkatuta dago erakunde ekologistako arduraduna. «Osasun arazo larri bat da hau, eta administrazioak ez dira ezer egiten ari». Morenok ohartarazi duenez, bisoi amerikarraren haztegiak dituzten Europako herrialde gehienetan ez bezala, Espainiako Estatuan ez dira «modu aktiboan» bilatzen kutsatutako bisoiak: «Ez diete probarik egiten animaliei eta bertako langileei, eta autopsiarik ere ez hiltzen diren bisoiei». Herbehereetan bisoi amerikarretan atzemandako kasuen %60 autopsietan aurkitu dituzte.

Gipuzkoako Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuari dagokio Getariako haztegiaren prebentzioaren, zaintzaren eta kontrolaren jarraipena egitea. Erakundeko iturriek BERRIAri azaldu diote badutela egoeraren berri, eta Getariako haztegiaren «monitorizazio aktiboa» egiten ari direla, bertako animalien eta langileen segurtasuna bermatze aldera. Gainera, apirilean Herbehereetan alarma piztu bezain pronto Espainiako Gobernutik eskatutako neurriak betearazi zirela dio Gipuzkoako Aldundiak: besteak beste, PCR probak egin zitzaizkiela Getariako haztegiko langileei, eta denak negatibo izan zirela.

Monitorizazio sistema

Baina kezkatzeko arrazoi ugari dela uste du Aihartzak. Izan ere, jakina da hainbat animaliak, tartean mustelidoak, SARS-CoV-2 birusaren eraldaketan tarteko lana egin dezaketela, eta birusagizakiengana iristeko bitartekari izan. Haatik, Aihartzak ohartarazi du administrazioek ez dutela haien inguruko «modu sistemikoko azterketarik» egiten: «Ez dakigu zer ari den gertatzen mustelidoekin, edo katuekin. Hemen inork pentsatu al du monitorizazio sistema bat jartzea gure inguruko aziendetan zer gertatzen ari den jakiteko?». Ideia hori azpimarratu du Aihartzak bereziki: bisoi amerikarra ez ezik, beste animalia ugari ere izan daitezkeela koronabirusaren gordailuak.

Hausnarketa horrekin bat egiten du Morenok ere, baina nabarmenduta «gero eta ebidentzia zientifiko gehiago» daudela bisoi amerikarraren kutsatzearen inguruan, eta beharrezkoa dela arazoari heltzea. Azaldu duenez, Herbehereetako eta Danimarkako bisoi amerikarren haztegietan egiaztatu ahal izan dute bertako langileak bisoiek duten birusaren bertsio berberarekin kutsatu direla. «Adituek diote gaur egun bisoi haztegi bateko langilea izateak arrisku handiagoa duela erizain edo mediku izateak baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.