Koronabirusa munduan

Nazio bat, konfinamendu bat

Erresuma Batuko nazio bakoitzak neurri ezberdinak hartu ditu birusaren hedapena gutxitzeko asmoz. Ingalaterran eta Galesen etxeko konfinamendua ezarri dute.

Pertsonen arteko distantzia mantentzeko eskatzen duen kartel bat, Narberthen, Galesen. ASHLEY CROWDEN / EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
COVID-19 kasuek etenik gabe gorantz jarraitzen dute Erresuma Batuan. Iraileko azken astean hasi ziren kutsatuak gora egiten, eta geroztik gorakada etengabea izan da. Herenegungo azken datuen arabera, 25.517 ziren atzemandako kutsatu berriak; Europan gehien dituzten herrialdeetan hirugarrena da, etamilioi bat kutsaturen langa gainditu zuen asteburuan. Herrialdeko nazioetako agintariek birusaren hedapena etetea dute helburu. Alta, lehen ministro bakoitzak neurri ezberdinak ezarri ditu horretarako; Gales izan zen neurriak zorroztu zituen lehen nazioa, eta atzetik jarraitu diote gainontzekoek.

INGALATERRA

Joan den larunbatean iragarri zuen konfinamendua Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, eta, herenegun parlamentuak onartu ondotik, atzo goizaldean sartu zen neurria indarrean. «Etxean gelditu behar duzue, eta beharrezkoa bada soilik atera», nabarmendu zien Johnsonek herritarrei. Jatetxe eta ostatuak itxi dituzte, baita ezinbertzeko produktuak saltzen ez dituzten establezimenduak ere. Nazioarteko zein nazio barneko bidaiak debekatuta daude, baita eremu pribatuan etxekoa ez den bertze edonorekin bilkurak egitea ere. Aitzitik, herritarrek egunean ordubete izanen dute aire zabalean kirola egiteko. Eskolek, institutuek zein unibertsitateek irekita jarraituko dute, eta herritarrak bertara zein lanera joateko ateratzen ahal dira etxetik. Gutxienez abenduaren 2a arte egonen dira horiek guztiak indarrean.

Neurriak iragartzearekin batera, esperantzarako mezu bat ere zabaldu zuen Johnsonek asteburuan: «Gabonak ezberdinak izango dira aurten, baina, hartu beharreko neurriak orain hartzen baditugu, litekeena da senitartekoekin elkartzeko aukera izatea». Erresuma Batuko lehen ministroa kosta ahala kosta saiatu da etxeko konfinamendurik ez ezartzen, eta, horretarako, egoera epidemiologikoaren arabera, hiru alerta maila ezarri zituen. Hartutako neurriek, ordea, ez dute esperotako eraginik izan, eta azkenean konfinamendua ezartzea erabaki zuen larunbatean. Urriaren 25ean jo zuen goia positibo kopuruak: 22.507 kasu atzeman zituzten. Geroztik egonkor mantendu dira kasuak, baina azken egunetan berriz ere goranzko joera hartu dute.

GALES

Ingalaterrarekin batera, etxeko konfinamendua ezarrita duen nazio bakarra da Gales; lehena izan zen, gainera, neurri hori ezartzen. Urriaren 19an hartu zuen erabakia Mark Drakeford lehen ministroak, herrialdeko egoera epidemiologikoa «hagitz larria» zela iritzita. Konfinamendua ezarri zuenean, egunean 2.500 kasu berri baino gehiago atzematen zituzten, eta transmisio tasa 1,4koa zen. Jatetxe, ostatu eta ezinbertzekoak ez diren denak itxi eta herritarrei etxean gelditzeko eskatu zien Drakefordek.

Gainera, eremu publikoan zein pribatuan edonorekin biltzea debekatu zuen. Bakarrik bizi diren adinekoak zein guraso bakarrak salbuetsi zituen debekutik. Konfinamendua iragarri zuenetik, lehen hezkuntzako eta hezkuntza bereziko ikastetxeek irekita jarraitu dute, eta, bigarren hezkuntzaren kasuan, online modalitatea eta presentziala, biak txandakatu dituzte. Astelehenera arte egonen dira indarrean.

Neurriak iragarri zituen egun berean onartu zuen Drakefordek bi aste «epe motza» dela konfinamenduak eraginik izan ote duen edo ez ikusteko; ordea, birusa eteteko «suebaki funtzioa» betetzeko konfinamenduaezartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen. Neurriak indarrean sartu direnetik, ia erdira jaitsi dira positiboak; hala, azken kontaketan 1.272 kasu berri atzeman dituzte, eta egindako testen %5,87k eman dute positibo.

ESKOZIA

Eskozian, oraingoz ez du konfinamendurik ezarri Nicola Sturgeon lehen ministroak. Eskualde bakoitzak duen egoera epidemiologikoaren arabera, bortz alerta maila ezberdin daude: zero, bat, bi, hiru eta lau—. Gobernuak egindako azken eguneraketaren arabera, egun ia eskualde denak daude hirugarren mailan; alerta maila horretan, eremu pribatuan etxe berean bizi diren bizikideak soilik elkar daitezke, eta aire zabalean, aldiz, sei. Jatetxe eta ostatuek irekita jarraitzen dute. Mahai berean gehienez sei pertsona bakarrik egon daitezke, eta ezin dute alkoholdun edaririk saldu. Gainera, 17:00etan sar daitezke azken bezeroak establezimendura, eta 18:00etan itxi behar dituzte ateak.

Herrialdean ezarritako alerta mailek ez diete joan-etorriei eragin. Alta, Sturgeonek herenegun nabarmendu zuen birusaren hedapena eteteko ezinbertzekoa dela mugikortasuna ahalik eta gehien murriztea, eta aurreratu zuen gobernua aztertzen ari dela hirugarren eta laugarren alerta mailan dauden eskualdeetan joan-etorriak erabat etetea; horretarako, egin beharreko lege urratsak aztertzen hasiko dira aurreratu zuen. Herritarrei ohartarazi zien oraingo murrizketak bete ezean neurri «gogorragoak» hartu beharko dituztela.

Kasuek urriaren 25ean jo zuten goia, eta geroztik pixkanaka apaltzen ari dira positiboak.Azken datuen arabera, 1.216 kasu berri erregistratu dituzte, eta testen %7,8k eman dute positibo.

IPAR IRLANDA

Neurriak hartzen lehena izan zen Ipar Irlanda. Urriaren 14an gogortu zituen neurriak Arlene Foster lehen ministroak, hein batean Johnson estu hartze aldera konfinamendua ezar zezan. Urriaren 14an neurriak hartu, eta 16an sartu ziren indarrean. Geroztik, jatetxe eta ostatuak itxita daude, eta etxerako zerbitzua bakarrik ematen dute. Masaje lekuak, ile apaindegiak eta estetika zentroak ere itxi zituzten, eta dendek debekatua dute 20:00etatik aitzinera alkohola sartzea. Horrekin batera, telelana derrigortu zuten.

Gainera, hezkuntzako oporrak azaroaren 1a arte luzatu zituzten, eskolaren baitan birusaren transmisioa eteteko neurri gisa. Etxe bakoitzean bildu daitekeen gehienezko kopurua hamar pertsonara mugatu zuten. Azaroaren 16a arte daude neurriak indarrean, baina litekeena da epe hori igarota neurri zorrotzagoak hartzea.

Hiru aste dira neurriak ezarri zituztela,baina positiboek kopuruak oraindik ere gorantz jarraitzen du, baita erietxean dauden erien kopuruak ere. Aste bakarrean 2.882gaixo izatetik 3.125 izatera igaro dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.