Kartzela zigorra azken aukera izatea dute helburu Nafarroan

Foru gobernuak espetxe zigorrak betearazteko planteatutako ereduak «neurri alternatiboak» lehenesten ditu. Santosen arabera, zigortutakoak gizarteratzea dute helburu

Iruñeko kartzelaren sarrera, orain hiru urte. VILLAR LOPEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Nafarroak ez ditu espetxeko eskumen osoak, baina haren esku dago zigorrak nola betearazi, eta kartzela zigorra azken aukera izatea du asmo. Horixe da, hain zuzen, Nafarroako Gobernuaren espetxe zigorrak betearazteko ereduaren helburu nagusietako bat. Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak atzo aurkeztutako dokumentuaren arabera, kartzela zigorren ordez, «neurri alternatiboak» lehenetsi behar dira. Izan ere, ereduan jaso dituzten lau ildo estrategikoak aintzat hartuta, kartzeletan daudenen bizitza hobetu eta haien eskubideak bermatu nahi ditu Nafarroako Gobernuak, helburu gisa edukita zigortutakoen gizarteratzea eta erregimen erdi irekiak indartu ahal izatea.

Santosen esanetan, ereduan proposatutakoaren bidez «integratu» egingo dira «espetxeko populazioari» emandako zerbitzuak; haiei emandako arreta «hobetu» egingo da, eta «prozesu guztiek» gizarteratzea izango dute xede. Kontseilariarentzat, eredu horrek ez ditu gizartetik «aldentzen» askatasunik gabe utzi dituzten pertsonak. Iruditzen zaio kartzelak «gizarte horren partetzat» hartu behar direla. Dokumentuan, gainera, kontuan hartu dute eredua modu eraginkorrean ezarri ahal izateko beharko litzatekeen antolaketa administratiboa.

Azkeneko zortzi hilabeteotan ondu dute gobernuak plazaratutako eredua. Hamabi pertsonak osatutako talde batek landu du 130 orrialdeko dokumentua, eta tartean ziren, Santosez gain, abokatu batzuk eta, besteak beste, espetxeratutakoekin lan egiten duten zenbait elkarte.

Zerbitzu berri bat

Aste honetan, hain zuzen, Zigorra Betearazteko eta Justizia Errestauratiborako Zerbitzua sortu du Nafarroako Gobernuak, eta Justiziaren Zuzendaritza Nagusiaren menpe egongo da. Santosek bulego berri horren «garrantzia» nabarmendu du: «Zerbitzu publikoa, zerbitzua herritarrei, espetxeko populazioari eta delituen biktimei».

Kontseilariaren iritziz, «gizarte hobe bat» eraikitzen lagunduko duen «justizia sendagarriaren aldeko apustua» egin du, horrenbestez, foru gobernuak. Aurrera eraman nahi duten ereduaren bidez, iruditzen zaio «gatazken konponketan» «agente aktibo» izateko aukera edukiko dutela aldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.