Aitortza ezetz esan zutenei

Nafarroako Gobernuak intsumisioari eta kontzientzia eragozpenari buruzko «ahozko eta idatzizko memoria» bildu du. Sarean eskuragai jarri dituzte dokumentu eta testigantza ugari

Intsumiso talde baten eserialdia, 1991. urtean, Iruñeko Gobernu Militarraren egoitzaren aurrean. BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Planto egiteagatik zigortu zituzten. Euskal Herrian, milaka pertsona mobilizatu ziren soldadutzaren, armadaren eta militarismoaren aurka, 1970eko hamarkadatik 2001. urtean Espainiak derrigorrezko zerbitzu militarra eten zuen arte. Nafarroan, zehazki, indar eta sostengu sozial itzeleko mugimendua izan zen intsumisoena, eta garai hartako gobernuek gogor jo zuten haren kontra, protesta baketsuak kolpeka isilaraziz eta ehunka gazte kartzelara bidalita.

Orain, soldadutza amaitu eta hogei urtera, gazte horien oroimena gorde eta gizarteratzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, mugimendu antimilitarista haren izaera «plurala» eta «bakezalea» nabarmenduta. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa jendaurrean, Eragozpen eta Intsumisioaren memoria Nafarroan (1971-2002) izeneko jardunaldiaren barruan.

Egitasmoa, baina, ez da berria. Uxue Barkosen gobernuak abiarazi zuen, 2018an, eta txostena egiteko ardura eman zion Pedro Oliver ikerlari eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasleari. Harekin batera, informazioa biltzeaz eta sailkatzeaz arduratu ziren Bruno Lopez ikertzailea eta Fernando Mendiola NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.

Oliverrek azaldu zuenez, egitasmoak lau ardatz ditu: Nafarroako kontzientzia eragozpen mugimenduaren «esparru historikoa» azaltzea; iturri dokumentalen eta ikus-entzunezkoen katalogoa osatzea; kontzientzia eragozpenaren aldeko kolektiboen «bizitza organikoa» ezagutzea eta beren barne agirien inbentarioa egitea, eta, azkenik, «mugimenduaren memoria bat eraikitzea».

Lau helburu horiek aintzat hartuta, Kontzientzia Eragozpenaren eta Intsumisioaren Artxibo Historikoa aurkeztu zuen gobernuak iragan otsailean. Guztira, soldadutzaren aurkako mugimenduen inguruko 6.000 dokumentu bildu zituzten: 4.000 egunkari zati, 400dik gora afixa eta eranskailu, baita hainbat gizarte eragilek eta talde antimilitaristak argitaratutako idazkiak ere. Material hori guztia ikusgai dago jada Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren gunean (https://pazyconvivencia.navarra.es).

Atzoko jardunaldian azaldu zutenez, Memoria izeneko atal bat ere gehitu diote artxibo historikoari. Hartan, entzungai jarri dituzte talde antimilitaristetako zenbait kideri eginiko elkarrizketa kolektiboak. AFOINA, EHGAM, Sakanako Talde Antimilitarista, Kakitzat, KEM eta Nafarroa Intsumitua erakundeetako partaideen testigantzak jasota daude, besteak beste.

Iritzi publikoa bereganatuz

«Frankismoaren hondar urteetan sortu zen kontzientzia eragozpen mugimenduak balio demokratikoetan eta justizia sozialean ardaztutako diskurtso batera jo zuen», azaldu zuen Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, atzoko aurkezpenean. «Eztabaida planteatu eta gizarteratzeaz gain, iritzi publikoa bereganatu zuten, eta hori guztia lortu zuten auzitan jarrita indarkeria arma politiko gisa».

Kontseilariaren irudiko, ezinbestekoa da intsumisioaren eta kontzientzia eragozpenaren oroimena gordetzea, mugimendu horiek «bakearen kulturari egin zioten ekarpena» gogoratze aldera. Halaber, artxibo historikoa sarean eskuragarri jarri izana nabarmendu zuen: «Gizarte osoari eskaini nahi izan diogu proposamen hau, eta, bereziki, belaunaldi gazteenei, beren iragan hurbilaren alde hori ezagutzeaz gain, kultura bakezale hori bereganatu dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.