EH Bilduk ez du nahi bozak aurreratzea

Ez dago ados Espainiakoekin bat egitearekin: «Beste batzuk dira gakoak». Beste denek ez dute gaizki ikusten Urkulluren planteamendua

EH Bilduko Maider Otamendi eta Dani Maeztu eta PSE-EEko Idoia Mendia, Eusko Legebiltzarrean, atzo. DAVID AGUILAR / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
EH Bilduk ez du nahi Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratzea; are gutxiago Espainiako Gorteetakoekin bat egitea, azkenean horiek errepikatu behar badira. Arrazoi nagusia: Euskal Herrian beste batzuk direla korapiloak eta gakoak eta horiek ez direla Espainiakoekin nahastu behar. «Herritarrentzat ez litzakete egokiena». Ezta koalizioaren interesentzat ere, Asier Arraiz eledunak eta Sortuko presidenteak aitortu duenez. Gogoratu du koalizioa eta ezker abertzale osoa hausnarketa prozesuan daudela.

EH Bildu da modu argi batean aurka azaldu den alderdi bakarra. Ahal Dugu-ko idazkari nagusi nagusi Nagua Albak atzo esan zuen ez duela gaizki ikusten Iñigo Urkulluk mahai gainean jarri duen aukera, eta PPko idazkariorde nagusi Javier de Andresek gonbidatu du urratsa egitera. PSE-EEk ere begi onez hartu du.

Ez da lehenengo aldia EAJko buruzagiak aukera aipatzen duena; beti izan da komunikabide batean eta Espainian gobernua osatzeko dituzten zailtasunean testuinguruan. Herenegun esan zuen berriz ere, Euskadi irratian, urrian egin beharrean aurreratu egin ditzakeela. Eta horretarako bi arrazoi eman zituen: herritarrak gogaituta daudela Espainiako gobernabiderik ezak eragindako egoerarekin, eta urte berean bi hauteskunde egiteak gastuak handituko lituzkeela. Oposizioko taldeek uste dute alderdikeriaz jokatzen ari dela lehendakaria, eta lehenbailehen erabaki bat hartzeko eskatu diote.

Urkullu, Madrilera begira

Arraizen arabera, «ez da egokia» egun batean esatea legealdi oraindik ez dela amaitu eta asko dutela egiteko, orain bi egun Urkulluk berak bere gobernuaren jardunaren 1.000 egunak azaltzeko eginiko ekitaldi batean esan zuen bezala, eta egun bat geroago adieraztea «agian» aurreratuko dituela bozak. Horretarako, legebiltzarra oso denbora gutxian desegin beharko luke. «Eta hala balitz, legealdi hau amaituta egongo litzateke». Hain justu, Urkulluk aukera proposatu eta egun berean onartu zituen legebiltzarrak gobernuak gainean izan dituen hiru lege garrantzitsu: udalen legea, toki publikoetan tabakoa eta alkohola kontsumitzearena eta kontratazio publikoetan klausula sozialak sartzearena.

Epeei dagokienez, berriz, Eusko Legebiltzarreko bozen araudiaren arabera, 30-60 egun lehenago desegin beharko litzateke parlamentua. Espainiako araudia zehatzagoa da: 54 egun. Epe hori erabili ohi da Gasteizko legebiltzarrean, baina ez du zertan. Maiatzaren 2ra arteko epea dute Madrilen; bestela, hurrengo egunean deitu beharko lukete bozetara, ekainaren 26rako. Urkulluk, beraz, aurretik zein ondoren har dezake erabakia. «Ez du hori argitu nahi, eta ematen du berak bere buruari abantailaren bat eman nahi diola».

EH Bilduko eledunaren arabera, «gauza bat da Espainiako hauteskundeak eta horien testuingurua, eta beste bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa». Azpimarratu du berak ez duela analisi hori egiten «emaitzen ikuspegi batetik», edo ez soilik. «Ez dut uste han gertatzen ari denak, zorionez, zerikusirik duenik Euskal Herrian gertatu behar duenarekin». EH Bildukoak ez du ukatzen Euskal Herrian ere herritarrak «gogaituta» daudela Espainian gertatzen ari denarekin, baina uste du «beste modu batean pentsatzen dutela» eta horiei heldu beharko diotela hemengo alderdiek. «Herritarrentzat ere ez litzake egokia egun berean egitea hauteskundeak».

Arraizek, halaber, gogoratu du zerrendak osatzen ari dela EH Bildu, baita barne antolamendua eta ildo politikoa zehazten ere. Baita Sortun ere, eta ezker abertzalean, oro har, Abian prozesuaren barruan; maiatz-ekainerako aurreikusi zuten batzarra, baina egun jakinik jarri gabe. «Gure apustua ez da hauteskundeei begirakoa», azpimarratu du Sortuko buruzagiak. «Epe luzerakoa nahi dugu. Gure proiektu politikoa berrasmatzen ari gara, ezkerreko subiranismoa euskal gizarte berri honetan kokatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.