Euskalduna zubiko egitura «ondo» dago

Hamabi orduz itxita egon da, pasabideko sabaiko estalkian arrakala bat sortu delako. Teknikariek esan dute pieza bat hautsi dela baina egiturak ez duela kalterik izan

Arrakala, Euskalduna zubiko pasabidearen sabaian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ezusteko itzelarekin esnatu ziren atzo Deustuko bizilagunak, Bilbon. Hamabi bat orduz Euskalduna zubia itxi egin behar izan zuen udalak, egiturak izandako desoreka arazo batengatik. Pasabideko sabaian arrakala bat sortu da, eta zati batek metro erdi bat egin du behera. Zubia osatzen duen pieza bat hautsi da, baina, teknikarien arabera, egiturak ez du kalterik izan: «Segurua da».

Handik igaro ziren ertzain batzuk 05:00 aldera ohartu ziren gertatutakoaz, eta Bilboko Udalari abisua eman zioten. 09:30 aldera ireki zuten oinezkoentzat, handik igarotzea segurua zelakoan. Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariak egun osoan ibili ziren egitura aztertzen. Baieztatu zutenean zubi branka ez zegoela mugituta, 17:00 aldera, ibilgailuentzat ere zabaldu zuten. Hala, beste zubi batzuk erabili behar izan zituzten Deustutik Bilbo erdigunera joateko. Batez ere, Deustuko zubia. Eta horrek nabarmen eragin zuen Bilboko trafikoan: auto ilarak sortu ziren.

Naiara Casillas Bermeotik etorri zen erosketak egitera. «Enekuritik sartzen gara beti, eta zubi hau zeharkatzen dugu erdigunera joateko. Baina gaur, iritsi, eta itxita topatu dugu, eta Deustun utzi behar izan dugu autoa. Egia esan, ez dakigu zer gertatu den». Dagoeneko erosketak eginda, zubiko oinezkoen pasabidetik zetorren, poltsak eskuan, autora bueltan. «Denbora gehiago behar izan dugu, baina, tira, ondo moldatu gara».

Deustuar gehienek irratian entzunda jakin zuten zubia itxita zegoena, baina ez zekiten askorik gertatutakoaz. Horietako bat izan zen Ibon Areso Bilboko alkate ohia. Zehaztu zuen zubia Bizkaiko Foru Aldundiak egin zuela, 1997an, eta gero utzi zuela Bilboko Udalaren esku. «Gogoan dut udalari pasatu aurretik ere galtzada konpondu zutela, antzeko arazoren batengatik. Dilatazio juntura izan zela uste dut».

Pasabidea zurkaiztu

Eta ondo oroitu du. Teknikarien txostenak azaldu du zubia bi piezak osatzen dutela: Euskaldunatik datorren zubia bera eta Botikazarreko biribilgunera arte jaisten den arranpa. Bi egitura horien lerrokatzea ez da zuzena izan hasieratik, eta, obra bukatu berritan, pieza bat ipini behar izan zuten junturan. Pieza hori da apurtu dena. Horren ondorioak «soilik bisualak» direla esan dute. Hala ere, oinezkoen pasabidea zurkaizteko aholkatu diote udalari.

Deustuko bizilagunek ere gogoratzen dituzte aurrez izandako arazoak. «Ez zaigu zubi ona atera», zioen Cristina Burguera deustuarrak. Hala ere, segurua dela uste du. Egunero zeharkatzen du, oinez, beste aldean dagoen Erruki Etxera beharrera joateko. «Auzoarentzat ezinbesteko lotura da Bilbo erdigunearekin. Eskerrak oinez igaro daitekeen; bestela, hamabost minutu gehiago beharko genituzke Deustuko zubitik igarota».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.