Elkartasunaren salaketa

Bilboko Atxuri auzokoek migranteei laguntzen diete aterpetxeko hiru gauen muga igaro eta lotarako lekua galtzen dutenean. Giza babesa ekintza politiko bihurtu nahi dute.

Asteazken gaua Atxuriko saskibaloi pistan igaro zuten migratzaileetako batzuk, bizkarrez. JUNE PRIETO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Migratzaileentzako 88 leku dauzkan aterpetxe bat dago Bilbon, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalak finantzatua. Bizkaiko Gurutze Gorriak kudeatzen du. Joan den uztailaren 10ean ireki zituen ateak, aurretik zegoen txikiago bat ordezkatzeko. Hirira iritsi berri diren migratzaileek hiru gauez egin dezakete lo han. Erakundeen arabera, Europarako bidean igarotzen dira Euskal Herritik; beraz, ez dute luzaroan geratu gura; «atseden hartzeko baino ez». Asteazken gauean, soilik lau lagunek egin zuten lo han; gainontzeko oheak hutsik geratu ziren. Hala salatu du Atxuri Gorri auzo elkarteak. Bien bitartean, 60 lagunek igaro zuten gaua Atxuriko saskibaloi pista estalian. Estalpean, baina kale gorrian. Hiru gaueko muga gainditua zutenez, ezin zuten aterpetxea berriro erabili. Gehienek hogei egunetik gora egin dituzte Bilbon dagoeneko. Eta hirian geratu nahi dute.

Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma ekain bukaeran hasi zen erakunde publikoek egiten duten harreraren hutsune hori betetzen. Baina, duela bi aste, jarduna eten zieten. Harrezkero, Atxuri Gorri auzo elkartea dabil aterpetxe publikoan lo egiteko aukera galdu duten horiei laguntza ematen. Saskibaloi pistan egiten dute lo, eta Atxuriko bizilagunek ematen diete babesa eta janaria. Iñigo Sancho da haietako bat: «Ez dugu laguntza humanitario hutsa eskaini nahi. Babes sare politiko bat sortzea da gure asmoa, desobedientzia zibilaren bidetik». Erakunde publikoek egiten ez duten hori egiten du auzo elkarteak. Baina ez soilik migratzaileen premiak asetzeko. Baita herritarren artean kontzientzia politikoa sortzeko ere, eta erakunde publikoak neurriak hartzera behartzeko.

Egunero legez, 08:00ak aurretik esnatu ziren atzokoan ere. Jaiki zirenean, Sancho zeukaten zain. «Bart ere auzoko hamar bat lagun egon ginen hemen haiekin hitz egiten. Apurka-apurka, hasi dira euren bizipenak kontatzen». Lotarako zakuak, mantak eta motxilak kiroldegiko lokal batean gorde zituzten. Handik, moja batzuek kudeatzen duten jantoki sozial batera abiatu ziren, gosaltzera.

«Bart [herenegun gauean] hemen geundela, beste hamar etorri ziren, Gurutze Gorriaren aterpetxean lekurik gabe geratu zirelako. Eta geneukana haiekin banatu genuen», azaldu zuen migratzaileetako batek. Ez du izenik eman nahi. Kamerungoa da, eta 29 urte ditu. Duela gutxi hil zaio aita. Kontatu du bizilagun batzuek familiako ondasunak kendu nahi zizkietela. Seme zaharrena izaki, bera da familiako buru; horregatik, esan du bizilagun horiek bera hiltzen saiatu direla, sorginkeria erabilita. «Ihes egin behar izan nuen». Hamar hilabeteko bidaia egin, eta ekain bukaeran heldu zen Bilbora. Andaluzian lehorreratu zenean, aukeran eman zioten Madrilera edo Bartzelonara joan, edo Bilbora etorri. Euskal Herria hautatu zuen. «Ez nekien zer topatuko nuen hemen; ez nekien nora nentorren ere».

Kritikoa da jaso duen tratuarekin. Haserretu egin da kontatzen hasitakoan zer gertatu zaion duela egun batzuk. Bilbon, Gurutze Gorriaren aterpetxean hirugarren gaua egin zuenean, esan zioten ezin zuela gehiago han lo egin. «Gezurretan nenbilela ere esan zidaten, hiru gau baino gehiagotan egin nuela lo han. Nik ez dut gezurrik esaten. Hiru gau egin ditut han. Tokiak libre zeuden, eta gera nintekeen galdetu nuen. Badakit soilik hiru egunerako dela».

Bilbo harrera hiri bihurtu

Taldeko guztiak Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik etorritakoak dira; denak gizonezkoak. Taldean bada Kamerungo beste bat, gutxienez. 27 urte ditu, eta dagoeneko 28 egun igaro ditu Bilbon. Politikan ibili da bere herrialdean, eta mehatxatu egin dituzte bera eta familia. Hala, ihes egitea erabaki zuen. Autoz abiatu zuen bidaia. Nigeria, Niger, Aljeria eta Maroko zeharkatu zituen. Eta patera batean egin zuen Marokotik Espainiarako bidea.

«Gurutze Gorriak erreskatatu gintuen itsasoan. Jatekoa eman ziguten, baita arropa ere. Gero, Poliziaren esku utzi gintuzten». Ez da kexu segurtasun indarrek emandako tratuagatik. «Ez dit minik edo tristurarik eragin. Badakit herrialde bateko segurtasuna haiek bermatu behar dutela, eta normala da gu atzematea, legez kanpo etorri baikara». Eta esker oneko agertu da Bizkaiko Gurutze Gorriarekin eta, batez ere, bilbotarrekin, laguntza eman baitiete.

Euskal Herrira iritsi arteko bidaia gogorra izan da, fisikoki eta psikologikoki. Baina ez dira damutzen, eta berriro egingo lukete. Boli Kostako 26 urteko migratzaile batek azaldu du askotan izan duela heriotza buruan bueltaka. «Ez da erraza bidaia hasteko erabakia hartzea, eta ez da erraza bidea. Badakigu zer arrisku dituen. Badakigu bizia arriskuan jarriko dugula». Beldurrik handiena itsasoan pasatu zuen: 21 ordu igaro zituzten txalupan. Belaunak flexionatu eta makurtzeko imintzioa egin du, bidaia zelan egin zuen erakusteko. «Denbora luzez egon ginen noraezean, alde batera ozeanoa eta bestera Mediterraneoa genituela».

Asilo eskaera hasi dute hirurek. Baina otsailerako eman diete zita Espainiako Poliziaren bulegoetan. Sanchok ohartarazi du migratzaile horiek beharrizan asko dituztela. «Lortu nahi dugu aterpetxe publikoak ez edukitzea epe mugarik. Baina, era berean, Bilbo benetako harrera hiri bihurtu nahi dugu. Bizitza berri bat hasteko politikak behar dituzte: etxebizitza, gizarteratzea eta lan merkaturatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.