Funtzionario guztiak euskalduntzeko epeak eskatu ditu Kontseiluak

Administrazioa euskalduntzeko dekretu berriak jaso beharreko neurrien berri eman du erakundeak. Besteak beste, langile publiko berri guztiek sarrera proba euskaraz egitea proposatu du

Artxiboko irudi bat: euskara Osakidetzan sustatzeko kapaina bat. JON URBE / FOKU.
Samara Velte.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoan euskara arautzen duen dekretua berritzeko proposamen sorta bat plazaratu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Egun indarrean dagoen araudia 1997koa da, eta, Kontseiluaren ustez, ez da behar bezala egokitu azken hogei urteotako garapen soziolinguistikora. Euskararen ofizialtasuna, praktikan, «desorekatua» da horren ondorioz: «Ia lau hamarkada joan dira euskara hizkuntza ofizial izendatu zenetik, baina 1982an jaiotako herritarrak, egun, zailtasunak ditu zerbitzu publikoak euskaraz eskuratzeko, eta, oro har, bere bizimodua euskaraz eratzeko». Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak jaso behar lituzkeen oinarrizko printzipio batzuk proposatu ditu Kontseiluak, 2016ko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan oinarrituta. Hauek dira proposamenaren ardatz nagusiak:

ESKAKIZUNAK, EREMUKA



Egungo sisteman, hizkuntz eskakizuna lanpostu bakoitzari lotzen zaio. Filosofia hori «arriskutsua» dela azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, eremu zabalak gera daitezkeelako lanpostu elebakarrez beteta: «Administrazioa euskalduntzeko, errazagoa da arlo bati jartzea hizkuntz eskakizuna, eta, demagun, ezartzea eremu horretan gutxienez langileen %75ek izan behar dutela egiaztatua eskakizuna». Proposamenaren arabera, arduradun teknikoek, adibidez, hirugarren hizkuntz eskakizuna egiaztatu beharko dute. Kanadan ere eredu hori erabiltzen dutela azaldu du Bilbaok, eta gogorarazi du administrazioaren euskalduntzeak «bi aurpegi» dauzkala: «Bat da herritarren arreta, eta bestea langileek ere badaukatela euskaraz lan egiteko eskubidea. Horretarako, arloak edo eremuak izan behar dira euskaldunak».

LANPOSTU BERRI GUZTIEI



Kontseiluaren arabera, funtzionario berri guztiek euskaraz dakitela bermatu behar da. Horretarako, postua eskuratzeko azterketa euskaraz egitea proposatu du. «Orain arte, tituluekin jokatu dugu», argitu du Bilbaok: «Baina nola egiaztatzen da gaitasuna titulu baten bidez?». Eusko Jaurlaritzan ere antzeman dute arazoa: langile batzuek duela urte asko lortutako tituluak aurkezten dituztela hizkuntza gaitasuna frogatzeko, baina gero ez direla gai egunerokoan euren postuari dagokion euskara maila erabiltzeko. «Unean-unean pertsona batek bere lanari dagozkion funtzioak egiteko gaitasunak al dauzkan egiaztatzeko modu eraginkorrena ez da titulua erakustea, baizik eta probak euskaraz egitea», uste du Bilbaok. Hortik aurrera, euskara tituluak merezimendu gisa kontuan hartuko lirateke soilik, baldin eta langileak eskatzen zaiona baino maila handiagoa egiazta balezake.

Horrez gain, lanpostu guztiei euskara egiaztatzeko derrigortasun data ezartzea proposatu du Kontseiluak: berriei eta beteta daudenei; azken horien kasuan, trebatzaileak jarrita eta epeak negoziatuta. Erretiroagatik hutsik geratutako postuei iraungitako derrigortasun datak jartzeko eskatu du, «zirrikiturik» ez uzteko. Adibide bat jarri du Bilbaok: «Nik lanpostu bat daukat, eta haren iraungitze data 2021. urtea da, baina justu bihar erretiratuko naiz. Hortaz, postu horri aldatu behar zaio data, sartzen den hurrengoa elebiduna izango dela ziurtatzeko».

ARLO GUZTIETAN



Indarrean dagoen dekretuakEAEko administrazio orokorreko, erakunde autonomoetako, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko, Lan Harremanen Kontseiluko, foru eta toki administrazioetako, batzar nagusietako eta EHUko langileei eragiten die. Lege berriarekin zabaldu egin nahi dute eragin esparru hori. «Azken hogei urteotan enpresa publiko gehiago sortu dira, eta ziurtatu nahi genuen horiek ere dekretuaren eraginpean egotea», argitu du Bilbaok. Ondorioz, sozietate publikoei, sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei ere eragin beharko lieke, besteak beste. Horrez gain, «euskaraz gaituta ez dauden arduradun politikoek» ikastaroak jaso beharko lituzkete, gutxienez B2 maila eskuratzeko.

ERAGIN LINGUISTIKOAREN PREBENTZIOA



Erakundeok guztiok, edozein erabaki, proiektu, neurri edo lege diseinatzen dutenean, kontuan hartu beharko lukete egitasmo horrek tokiko egoera linguistikoan izan dezakeen eragina, hirigintza proiektu handi guztiek lehenbizi ingurumenean izango duten eragina neurtu behar duten bezalaxe. Ideia hori Galestik hartu du Kontseiluak, eta nagusiki arnasguneen babesarekin du zerikusia. «Ikuspegi prebentiboa» du, Bilbaoren hitzetan: «Udalen legeak jasotzen du neurri hori gaur egun; hori maila autonomikora eraman behar da, ez dezagun ezer egin hizkuntzaren egoeran eragingo duena, gero adabakiak jartzeko».

EPEAK



Langile publikoak euskalduntzeko, denbora muga zehatzak eskatu ditu Kontseiluak: gaur egungo liberazioen sistema ez zaio behar bezain eraginkorra iruditzen. «Epeetan, ziurrenik, desadostasunak izango ditugu, baina hizkuntza politika batean ez badira epeak jartzen, ad eternum bihurtzen da». Bilbaoren ustez, ez da aski langile berriak euskaldunduta iritsiko direla espero izatea: «Orain dagoena ere kontuan hartu behar da. Noiz utziko diogu langile elebakarrak kontratatzeari? Erakunde bakoitzak noizko euskaldunduko ditu langile guztiak? Aurreko dekretutik hogei urte igaro dira, eta egia da gizarte euskaldunagoa daukagula; uste dugu benetan aukerak badaudela proposamen batzuk indarrean jartzeko».

ESKAKIZUN MISTOAK ETA SALBUESPEN DEKRETUAK



Kontseiluaren proposamenak beste bi berritasun nagusi jasotzen ditu. Lehenak lanpostuei dagozkien eskakizun mailekin du zerikusia: funtzionario batek bete behar dituen zeregin guztietarako euskara maila bera eskatu beharrean, trebetasun bakoitzaren araberako eskaerak ezartzea proposatzen du. «Agian langile batek ahozkoan hirugarren eskakizunari dagozkion trebetasunak behar ditu, baina idatzizkoan bigarrenari dagozkionak».

Beste proposamena euskara egiaztatzetik salbuetsita dauden postu eta langileei buruzkoa da. Gaur egun, ikasketak euskaraz egin dituztenei gutxieneko euskara maila aitortzen die administrazioak; Kontseiluaren ustez, neurri hori ezabatu behar da, langileak administraziora sartzen den unean egiazta dezan euskaraz behar bezain ondo moldatzen dela. Bestelako salbuespenak berrikusi behar liratekeela uste du Bilbaok: «45 urtetik gorakoena, adibidez, aldatu egin da: ez da gauza bera gaur 45 urte edukitzea, edo duela hogei urte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.