Maravillaseko kideek gaztetxea ez husteko eskatu diote Geroa Bairi

Gaztetxeko kideek adierazi dute «kaletik bakarrik» irits daitekeela aldaketa soziopolitikoa. «Beste auzo eredu» baten aldeko proiektua dela diote, eta defentsarako deia egin dute

Maravillas Gaztetxekoak, atzo goizean eginiko prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Maiatzetik abuztura, Iruñeko Maravillas gaztetxeak hainbat mehatxu izan ditu. Batetik, Iruñeko Udalaren zitazio bat jaso dute, eta eraikinean edozein ekitaldi publiko egitea debekatu die gaztetxekoei. «Eraikinean edozein jarduera eginez gero, delitutzat jo dezakete, espazioa itxi eta guri isun bat jarri», salatu dute gaztetxekoek. Bestetik, Nafarroako Gobernuak hasieran iragarri zuen ez zuela badaezpada husterik nahi, baina, uztail amaieran, salatzaile izatetik akusazio partikularra izatera pasatu da; ondorioz, segurtasun arrazoiengatik gaztetxea husteko eskatu du. Gainera, auzitegiak bost kide ikertu gisa deklaratzera deitu ditu. Hori guztia ikusita, gaztetxeko ordezkariek gobernuari eskatu diotehustea bertan behera uzteko eta bost ikertuei akusazioa kentzeko .

Azken asteetako gertakarien harira, Maravillas gaztetxeko kideek agerraldi bat egin zuten atzo, egoeraren berri emateko. Ehunka iruindarren eta Alde Zaharreko hainbat bizilagunen babesa izan zuten. Maravillas gaztetxeko bi kidek idatzi bat irakurri zuten, baina babes neurri gisa, ez zituzten izen-abizenak eman nahi izan.

Gaztetxekoen arabera, aldaketa bat egon da: «Jada ez gaude epaiaren esperoan: edonoiz etor daitezke gaztetxea hustera». Salatu zuten gobernuak ez duela edozein garai hautatu gaztetxea hustu dezatela eskatzeko. Abuztuan, Iruñeko epaitegietako langile asko oporretan daude, eta abokatuek ezin dute epaitegiko jakinarazpenik jaso. «Badaezpada husteko agin dezakete, guk ezer jakin gabe».

Gobernuak hartutako erabakiari begira, Maravillas gaztetxekoek Geroa Bairen jarrera kritikatu dute: «Euskal Jai hustu zutenean UPNk egin zuen bezala egin du, orduan ere auzitegietako jakinarazpenekin berdin jokatu baitzuten, eta, azkenean, badaezpada hustu zutelako». Gobernuarekin ere oso kritiko azaldu dira: «Nahiz eta Geroa Bai aldaketa instituzionalaren parte izan, interes gutxi ditu komunean horren alde borrokatu zen jendearekin».

Era berean, Maravillas gaztetxekoek orain arte eginiko lana azpimarratu nahi izan dute. «Hilabeteetan, auzolanaren bitartez hainbat proiektu garatu ditugu: liburutegia, jantoki soziala, zinema herrikoia...». Nabarmendu dute gizartea eta norbanakoen bizitzak «errotik aldatzeko lanabesa» dela egitasmoa. Azaldu dute etxebizitzen eta alokairuen kostuak igo direla Alde Zaharrak urteotan izandako eraldatzearen ondor ioz, eta gentrifikazio prozesu horren ondorioz, bizilagun askok auzoa utzi dutela. Nabarmendu dute gaztetxeak «beste auzo eredu baten alde» egiten duela .

Bestetik, gaztetxea babesteko deia zabaldu dute: «Maravillas bezalako espazioak defendatzea bidezkoa izango den mundu baten alde borrokatzen diren pertsona eta proiektuak defendatzea da», argudiatu dute. «Maravillas auzoaren eta gure bihotzen parte bilakatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.