Fikzioa, baina ez asmazioa

'Motxilaren umea' filma egin zuen taldeak beste pelikula bat aurkeztuko du aurki: 'Azken arnasa arte', presoen senide adinekoen errealitatea agerian utzi nahi duena.
Koldo Zelestino eta Rita Naveira pelikularen zuzendariak.
Koldo Zelestino eta Rita Naveira pelikularen zuzendariak. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko irailak 29
Ramonik 96 urte ditu, eta seme bat du Puerto de Santa Maria espetxean (Espainia). Antzeko egoeran daude Jose Angel eta Piedad; adinekoak dira, eta seme-alabaren bat kartzelan dute, baina Piedad, horrez gain, burua galtzen hasia da, eta ia ez du inor ezagutzen. Haien ibilbideak txirikor- datu egiten dira, urrundu eta berriro gurutzatu; hiru istorio desberdin dira, baina maite dituztenak urrun edukitzeak elkartu egiten ditu haien bizipen eta sentimenduak.

Fikzioa da dena, asmaturikoa, pelikula baten gidoia. Baina ez guztiz. Ramoni pertsonaia Ramoni Galdeanok antzezten du; Pakito Lujanbio preso ohiaren ama da, eta, hortaz, badaki zer den ia 30 urtez kartzela batetik bestera ibili behar izatea semea ikusi ahal izateko. Jose Angel, berriz, Jose Angel Aramendi da; aktore gisa Motxilaren umea pelikulan egin zuen debuta, baina, horrez gain, Alaitz Aramendi presoaren aita da. Den-denek Azken arnasa arte pelikulan parte hartu dute, Motxilaren umea hari segida ematen dion filma eta presoen senitarteko adinekoen errealitatea azalera ekarri nahi duena. Datorren asteartean aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian.

Motxilaren umea sekulako arrakasta izan zen, eta ez soilki 2017an estreinatu zenetik milaka lagunek ikusi dutelako edo nazioarteko hainbat jaialditan aurkeztu dutelako. Beste bat izan da haren arrakasta: ezkutuan zegoen errealitate bat agerian uzteko balio izan zuen, eztabaida politikoaren erdigunean jarri zuen, eta errealitate horri izena jarri zion. Gaur egun, haur motxiladuna esapidea ezagun egin da gurasoren bat —edo biak— espetxean dituzten umeak izendatzeko. BERRIAk jaso du bere estilo liburuan, eta ETBk Ur handitan saiorako gai horren inguruan prestatutako erreportajeari Motxiladun umeak izenburua jarri zion.

Kurkuluxetan elkarteak ekoitzi zuen Motxilaren umea, eta elkarte hori dago Azken arnasa arte filmaren atzean ere. «Nabarmendu nahi izan dugu gure nagusiek zelako garrantzia duten, zer-nolako ardura eta duintasuna erakusten duten egoerarik larrienetan ere; eta seme-alaba edo biloba espetxean edukitzea bada egoera larri horietako bat», azaldu du Koldo Zelestinok, Kurkuluxetan elkarteko kide eta filmaren zuzendarietako batek.

«Bihotz guztietara eta pentsamolde guztietara» iristeko moduko pelikula egin nahi izan dute, beste zuzendari Rita Naveirak azaldu duenez. «Erakutsi nahi izan dugu zer-nolako egoeran dauden hainbat pertsona nagusi». Eta, horretarako, aktore profesionalekin lan egin beharrean —Itziar Ituño da pelikulan agertzen den aktore bakarra; Motxilaren umea-n ere agertzen zen— antzeko esperientziak bizi izandako pertsonekin jokatzea hobetsi dute.

Proselitismorik egin gabe

Motxilaren umea pelikularekin bezala, Azken arnasa arte-rekin ere ez dute proselitismorik edo planteamendu ideologikorik egin nahi izan: egileek errealitate bat jartzen dute ikuslearen aurrean, eta ikusleari uzten diote nahi dituen ondorioak ateratzeko lana. «Sakabanaketa hitza, esaterako, behin ere ez da agertzen pelikulan», azaldu du Zelestinok. «Oinarri sinple batetik abiatzen gara: zerbait baldin bagara, hori da beste batzuk ere izan zirelako. Eta ardura historiko bat dugu ondorengoak ere zerbait izan daitezen».

Horrekin, omenaldi bat egin nahi izan diote adineko jendeari: «Nagusiak ari dira gizartea astintzen», gogora ekarri du Naveirak. «Pentsiodunen mobilizazioak ikustea besterik ez dago. Hainbat arlotan, nagusiak ardurak hartzen ari dira, eta gai honetan ere bai. Nik uste dut momentua oso aproposa dela honen moduko pelikula bat egiteko». Zelestinok dioenez, «gorazarre» egin nahi izan diete pertsona nagusiei, «omenaldi xume bat hainbat arlotan, eta errealitate krudel honen aurrean ere, egiten ari diren ahaleginari, haien kemenari eta duintasunari».

Naveirak dioenez, horrelako egoerak pairatzea egokitu zaien nagusien ezaugarria izaten da «isilpean» eramaten dutela euren oinazea: «Ez dira inoiz kexatzen. Haien egoeraz hitz egiten badiezu, beti aipatuko dizute ustez okerrago dagoen norbait. Baina egundoko lana egiten dute, egundoko ahalegina, eta hori nabarmendu nahi izan dugu».

Presoen senitarteko adinekoen gaia ezkutatu antzean egon da orain arte. «Errealitatea hor dago», esan du Zelestinok, «eta, zuzenean edo zeharka, jende askori eragiten dio. Aurreko filmarekin ere arazo bat jarri genuen mahai gainean, baina, nire ustez, badago ñabardura bat: umeak, azken finean, etorkizuna dira, hazten ari dira, baina nagusiak badoaz. Zoritxarrez, oso litekeena da baten bat hiltzea pelikula aurkezten dugun bitartean. Espero dugu honek balio izatea barruak mugiarazteko eta baten bat konturatzeko ezin dugula denbora luzez itxaron hau konpondu arte».

Izan ere, hori da, egileen ustez, errealitate horren alderik makurrena: borondate politikorik egotekotan, erraz asko konpon litekeela: «86 urte edukitzea ez da konpongarria», esan du Zelestinok; «hori adina da, ez du atzera bueltarik. Baina 86 urteko pertsona horrek senide presoa ikusteko mila kilometro egin beharrean hamar kilometro egitea, hori ordu gutxiren buruan konpon daitekeen arazoa da».

Datorren asteartean izango da estreinaldia, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan, eta oso ekitaldi berezia prestatu dute horretarako: pelikula proiektatzeaz gain, musikariak, bertsolariak, filmean parte hartu duten aktoreak eta presoen senide adineko ugari izango dira han.

Aurrerago, urriaren 10ean Hernaniko Biteri kultur etxean (Gipuzkoa) eta 14an Lekeition (Bizkai) eskainiko dute. Sorta luze baten lehenengo emanaldiak izango dira horiek. Oraingoz, euskara hutsez emango dute filma, eta laster ingelesezko, gaztelaniazko eta katalanezko azpidatziak jartzeko asmoa dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna