Hondarribiko udalbatzak ez ditu Jaizkibelen aurkako erasoak gaitzetsi

EAJren eta PSEren mozio batek «errespetua» eskatu du «alardea sentitzeko moduentzat», eta «aldekotasuna» adierazi dio andrerik gabeko desfileari, «herri borondatearen adierazpena» delakoan

Bete egin zen atzo Hondarribiko Udaletxeko areto nagusia, alardeari buruzko eztabaidan. GORKA RUBIO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Hondarribia
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Jaizkibel konpainia parekideari babesa adierazteari uko egin zion atzo Hondarribiko udalbatzak (Gipuzkoa). Iragan irailaren 8an aspaldiko desfilerik gogorrena izan zuen emakumeak soldadu gisa onartzen dituen taldeak: plastiko beltzez gain, aurkako txistuak eta oihuak jasan behar izan zituen Kale Nagusian. Halere, udalbatzak uko egin zion alarde egunean gertatutakoa erasotzat hartzeari eta gaitzesteari. Berdintasuna aipatu gabe, bizikidetzari lotutako testu bat onartzera mugatu zen: «Udala hiritarren arteko bizikidetzari kalte egiten dioten irain, istilu eta eraso guztien aurka dago».

Osoko bilkura jendetsua izan zen atzo arratsaldean udaletxean. Jaizkibelen aurkako erasoa gaitzesteko EH Bilduk aurkeztutako mozio bat eztabaidatzekoak ziren, eta «presioa egitera» joateko mezua zabaldu zen alarde baztertzailearen aldekoen artean. 80 pertsona baino gehiago agertu ziren, aretoa betetzeraino. Istilurik ez zen izan, baina batzuetan isiltasuna eskatu behar izan zuen Txomin Sagarzazu alkateak, batik bat EH Bilduko eleduna mintzatu zenean, publikoan zeudenek hitzaldia moztu ziotelako.

Jaizkibelek jasandakoa «eraso bortitz bat» izan zela salatu zuenkoalizioak: aurrez antolatu zutela, eta helburu izan zuela konpainia mistoaren desfilea «eragoztea», txilibituak eta sirena hotsak erabiliz. «Edozein medikuk onartuko luke zarata eraso fisiko bat dela. Oldarraldi horrekin talde horrek bizikidetzarako behar den gutxiengo errespetua apurtu du», adierazi zuen.

EH Bilduren testuaren aurrean, beste hiru mozio aurkeztu zituzten gainerako taldeek. Abotsanitzek —2015ean Bildutik banatutako taldeak— «oso larritzat» jo zituen irailaren 8ko gertaerak, eta arbuiatu egin zituen, baina erantsi zuen alarde eguna bizitzeko modu ugari daudela, eta guztiak direla «zilegi eta errespetagarriak». «Ikuspegi ezberdin» horien arteko zubiak eraikitzea eta Jaizkibeli ere harrera egitea galdegin zion udalari.

PPk, berriz, 2008an Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia hartu zuen gogoan —diskriminazioa ukatu zuen sententzia hark—, eta «prebarikatzea» egotzi zien erakunde publikoei, Jaizkibel diruz laguntzeagatik.

Hiru mozio horietako bat ere ez zen aurrera atera. EAJk eta PSEk adostutako testua onartu zuen azkenean udalbatzak, bi alderdion botoekin. Testuak errespetua eskatu zuen «alardea sentitzeko moduentzat», baina, batez ere, emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearentzat, «herri borondatearen adierazpena» delakoan: «Udalak bere aldekotasuna adierazi nahi dio Hondarribiko Alardeari, gure hiriaren kultur ondasun immaterialaren adierazpen nabarmenena delako, eta hondarribiarrek emandako zilegitasuna duelako».

Hondarribiko Emakumeak taldeko kide batek ere hitza hartu zuen bilkuran: beren aurkako «diskriminazioa» salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.