Arta puntako gurutzea, lurrean

Flota frankistan Errepublikaren aurkako borrokan hil ziren Ondarroako hemezortzi errekete omentzen zituen ikurrak. Udalak jakinarazi du ez duela gurutzea berriz eraikiko. Bideoa albistearen amaieran.

Punta Artako gurutzea, atzo eguerdian, lurrean botata. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Rejado.
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Arta puntako ikur frankista eraitsi dute. Ondarroa mendebaldean (Bizkaia), portutik gertu, lurrean botata hasi zuen atzoko eguna gurutzeak. Lagun talde batek bota zuen gauez, eta sare sozialetan zabaldu zuten bideoa. Bertan omentzen ziren Baleares gerraontzi frankistan Errepublikaren aurkako borrokan hil ziren Ondarroako hemezortzi marinel, erreketeak guztiak. Gurutzean aipatu herritarren izenak agertzen ziren, honako esaldi honekin batera: Jainkoaren eta Espainiaren alde beren bizia eman zuten ondarroarren omenez.

Ikur hori Eusko Jaurlaritzak 2012an egindako katalogoan agertzen da, eta Eusko Legebiltzarrak kentzeko edota moldatzeko eskatua zuen. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k jakinarazitakoaren arabera, Ondarroako Udala hondakinak kentzeaz arduratuko da, eta ez du gurutzea berriz eraikiko. Gurutzea eraitsi aurretik udalak proposatu zuen ikur frankista kendu, eta, horren ordez, beste oroigarri bat eraikitzea, itsasoan hildako herritar guztien omenez.

Sare sozialetan zabaldutako bideoan, gurutzea eraisteko lanak erakutsi dituzte. Egunez hasi ziren, eta betoiaren barruko metalezko egitura iluntzean moztu zuten. Eusko gudarien omenez, faxistak Ondarroatik kanpora idatzi zuten egileek bideoaren amaieran. Turrune! aldizkariak eman zuen gertatutakoaren berri. Bertan jasotako informazioaren arabera 1958an eraiki zuten gurutzea. Halaber, aldizkari horrek jaso du Eusko Jaurlaritzak Ondarroako Udalari eskatu ziola gurutzea kentzeko. Udalak, ordea, jakinarazi du ez zuela horren berririk.

Jaurlaritzak azaldu du udalen eskumena dela ikur frankistak kentzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden ikur guztiak Jaurlaritzak berak eskatutako txosten batean agertzen dira. 2012an aurkeztu zuen, eta Eusko Legebiltzarrak eskatu zuen katalogoan agertzen ziren ikurrak kentzeko edo aldatzeko. Gogora institutuak izan du udalei ebazpena helarazteko ardura. Are, lan horiek egiteko diru laguntza eskaintzen die udalei.

Beste oroigarri bat hilerrian

Herenegun eraitsitakoa ez da Baleares gerraontzian hildako errekete ondarroarrei egindako omenaldi bakarra. Hilerrian beste ikur bat dago. Jatorrian marinelen izenak zituen, baina Franco hil eta gero kendu zituzten. 1978an bertan ehortzi zuten Jose Maria Arrizabalaga Bizkaiko Gaztedi Tradizionalisten burua, ETAk tiroz hilda; egun ere ez dago haren izenik. Hiru data baino ez dira ageri bertan: 1833, 1872 eta 1936 urteak; lehen eta hirugarren gerra karlisten urteak dira lehen bi datak. Horrek adierazten du bi gerra horiek 1936koaren Ā«aurrekari zuzenĀ» gisa hartu zituela Francoren diktadurak, Jaurlaritzaren txostenaren arabera.

[youtube]https://youtu.be/F-z_slNG-SQ[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.