Martxoak 8: greba feminista

Gipuzkoa. Arnasa luzeko grebak, soldata arrakala ezabatzeko

Polizia etxeetako eta epaitegietako garbitzaileek 171 egun daramatzate greban. Zahar etxeetako langileak ere greban daude otsailaren 20tik. «Irabazi arte» borrokatuko dute. Bideoa albistearen amaieran.

Jon Fernandez.
Donostia
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Atzerapausorik, bat bera ere ez!». Atzo Donostiako kaleetan milaka emakumek oihukatutako esaldia uste sendo bat da Olatz Iruretagoienarentzat eta Transi Camporentzat. Gipuzkoako Ertzaintzaren egoitzetako eta Donostiako epaitegietako langile grebalariak dira biak, eta ELA sindikatuko bazkideak. Iazko irailaren 19an utzi zioten lan egiteari, beraien eskubideak sektoreko gizonezkoen parean jartzeko eskatzeko. «171 egun greban igaro eta gero, begirada aurrera bakarrik zuzendu dezakegu», azaldu du Campok, ziurtasunez. «Baditugu itxaropena eta indarra azkeneraino joateko. Konbentzimendu osoa daukagu».

Hiru sektoreak administrazioaren azpikontratak dira: kaleko garbiketetan, gizonezkoak dira %80; polizia etxeen eta epaitegien garbiketan, aldiz, emakumeak dira hamarretik ia hamar. Kaleko garbitzaileen oinarrizko soldatak baino %13 apalagoak dira komisarietakoak, eta %7 txikiagoak epaitegietakoak. Lan borroka da, baina batez ere borroka feminista da. «Soldata arrakala desagertzea eskatzen dugu».



Bi garbiketa sektoreetan 40 emakume daude, Garbialdi enpresarentzat lanean. Ia sei hilabete daramatzate greban, momentuz emaitzarik gabe. «Baina konbentzituta gaude indar honek guztiak balio duela boterea mugiarazteko», azaldu du Iruretagoienak. «Zailena hastea da», gaineratu du Campok. «Behin greban hasita, jarraitzea baino ez da geratzen. Lortu arte».

Bizkaiko esperientzia

Badute erreferente bat: Bizkaiko zahar etxeetako greba. 378 egun igaro eta gero, langileek garaipena lortu zuten 2017 amaieran. «Elkar animatu behar dugu. Bizkaian lortu badute, guk ere lortuko dugu», dio Campok. Eta ez daukate beldurrik borroka luzatzeko. Prest daude greba luzeenaren marka hausteko. ELAren erresistentzia kutxa ezinbesteko tresnatzat jo dute, hura gabe bideraezina izango litzatekeelako halako greba bati luze eustea.

Campo eta Iruretagoienaren mahai beraren bueltan daude Ane Sastre eta Aitziber Aranberri ere, Donostiako Bulebarreko eguerdiko elkarretaratzera joan aurretik solasean. Gipuzkoako Diputazioak azpikontraten esku lagatako zahar etxeetako langileak dira, ELAko bazkideak, eta greban daude otsailaren 20az geroztik —iazko urte amaieran beste hamasei egunez egin zuten greba—. 5.000 behargin daude sektorean, gehienak emakumeak.



«Dauzkagun ratioekin, eskaintzen dugun zaintza ez da kalitatezkoa; ez da humanoa», esplikatu du Aranberrik. «Erlojuaren kontra lan egiten dugu». Batez beste, hamabost minutu izaten dituzte pertsona bakoitza ohetik altxatzeko, dutxatzeko, janzteko, ilea apaintzeko eta gelatik ateratzeko. Eskandalagarria dela adierazi du Sastrek: «Pertsonak dira. Estresa da guretzat, eta estresa da zaharrentzat ere».

Botereko alderdi politikoen hipokrisia nabarmendu dute lau grebalariek: Jaurlaritzakoena eta aldundikoena. «Alderdi askok boladan dagoelako darabilte feminismoa ahotan», kexu da Campo. «Emakundek, adibidez, ez digu bilerarik onartu. Eta hainbat aldiz joan gara Emakunderen atera, asteartean azkenengo aldiz». Momentuz, alferrik.

Hitzak bai, ekintzarik ez

Edonola ere, Aranberrik uste du Martxoaren 8ko greba feministak balio duela administrazioari presio gehiago egiteko. «[Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu] Maite Peñaren mitin batean izan ginen Andoainen otsailean, eta pila batetan esan zuen soldata arrakala. Baina hitz horiek ekintza bihurtzea beren esku dagoenean, atzera egiten dute». Hain zuzen, ELAk diputazioari egotzi dio sektoreko bi patronalekin adostutako akordiorako oinarria atzera bota izana.

Polizia etxeetako eta epaitegietako langileek, berriz, greba eskubidea urratzea egotzi diote Jaurlaritzari. «Greba hasi eta ia bost hilabetera, dekretuz behartu gintuzten egun batean dena garbitzera». Camposek salatu du grebaren eraginak ezabatu nahi izan dituztela.

Garbiketa eta zaintza sektoreetako emakumeen lan baldintzetan administrazioak daukan erantzukizunari ez muzin egiteko eskatu du Sastre grebalariak: «Azpikontratazioekin, gainetik kendu nahi dute erantzukizuna. Baina eskatu diegu sartzeko kontrataziorako klausula sozialak eta berdintasunarenak».

[youtube]https://youtu.be/ki1Cqw7ZH-c[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.