Euskal kulturaren transmisioa, eskolan. Curriculumak

Lerro artean jasotzen (ez) dena

Ikastetxeetan zer irakatsi eta zer ikasi behar den zehazten dute curriculumek. Euskal Herrian aplikatzen diren dekretuek apenas begiratzen dioten euskal kulturaren gaiari.

Espainiako eta Frantziako gobernuen esku dago, gaur egun, Euskal Herriko ikastetxeetan lantzen den curriculuma zehaztea. IDOIA ZABALETA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikastetxeetan zer irakatsi eta zer ikasten den: horra gakoa. Nafarroako Curriculum Ofizialak, Oinarrizko Hezkuntza Curriculumak eta Programmes txostenek zehazten dute, gaur egun, Euskal Herriko haur eta gazteek zer gaitasun, metodologia eta ebaluazio jaso behar dituzten irakaskuntza prozesuan. Curriculumean biltzen da hori guztia. Baina, idatzita dagoenak ez ezik, agertzen ez denak ere badu pisua: euskal kultura apenas izendatzen baita aipatutako dekretuetan. Eta, euskal esaera ezagunaren arabera, izenik ez duenak ez baitu izana. Begoña Bilbao EHUko irakasle eta ikertzaileak sakon ikertu zuen gaia Curriculuma eta kultura Euskal Herrian liburuan (Utrisque Vasconiae, 2003). Honela dio: «Curriculum ofizialaren inguruko gorabeherak, testuliburuetan agertuko diren edukiei buruzkoak —zer sartu eta zer ez— izaten dira, baina sakonagoko arrazoiak dira eztabaidaren iturria: arrazoi politikoak, ekonomikoak eta kulturalak, hain zuzen». Euskal Herriko errealitateari heltzen dio segidan. «Askotan testuliburuen bidez egiaren zati bat baino ez da azaltzen. Gehienetan talde kultural txikiek galdu egiten dute eurentzako garrantzia daukan errealitatea. [...]. Euskaldunok ez dugu gure historia, geure izaerarekiko guztia eskolan ikasteko aukerarik, are gutxiago gure kulturan oinarritutako eskola izaterik».

Dekretu guztien artean, Eusko Jaurlaritzak Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako ondutako Heziberri 2020 egitasmoa da euskal kulturaren gaiari zuzenean heltzen dion bakarra. Honela dio, hitzez hitz, Heziberri 2020. Hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa txostenak: «Globalizazioaren ondorioz etor litekeen homogeneizazioari aurre egingo badiogu, beharrezkoa da euskal kulturaren garapena sendotzea, gizarte honetako aktore bakoitzak aukera izan dezan gizartearen ezagutza teoriko / emozional / tekniko batera heltzeko».

Are, transmisioaren gaiari ere heltzen dio dokumentuak. «Kultur ereduek bizirik jarraituko badute, belaunaldien arteko transmisioaz gain, eta herritarren ideologia eta nortasun atxikimenduaz gain, funtzionalak izan behar dute, eta komunikazio eredu berrietara moldatu behar dute. Tradiziotik abiatuta, euskal kulturaren eredu berri bat birsortu behar da, modernoa, funtzionala eta estetikoki atsegina, eta bat etorri behar du egungo harreman prozesuak eta informazio trukeak arautzen dituzten tresnekin».

Eredu pedagogikoaren marko teorikoan da hori. Gerora, Oinarrizko Hezkuntza Curriculumean zehaztuta dauden edukietan, ez baita euskal kulturari buruzko blokerik definitzen: euskal kulturari buruzkoak Euskara eta Euskal Literaturan, Musikan, eta Historia eta Geografian azaltzen dira, sakabanatuta, irakasgai guztiek duten Euskal curriculumaren berariazko edukien zehaztapena ataletan.

Euskal kulturarik ez

Halakorik ez du biltzen Nafarroako curriculumak. Euskal kulturaren aipamenik ez dago, adibidez, 2015ean onartu zen Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dekretuan, eta euskal curriculumari buruzkorik ere ez du ageri. Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaira mugatzen da euskal kulturaren lanketa. «Hezkuntza literarioa» zehazten du dekretuak irakasgaiaren xedeen artean. «[Euskal Hizkuntza eta Literatura] Multzoak bere egiten du ikasle kultu eta gaituak egiteko helburua». Irakurzaletasuna bultzatu beharra nabarmentzen da ondoren, eta bi ertz aipatzen ditu: «Beren gustu pertsonaletatik eta heldutasun kognitibotik hurbil» dauden lan literarioen lanketa, batetik, eta «gure literaturaren ekarpenik esanguratsuenetako batzuen gaineko oinarrizko ezagutza ematen duten testu literarioen» irakurketa eta ulermena bermatzea, bestetik.

Ez lurralderik eta ez hizkuntzarik. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezartzen diren dekretuetan ez da hiru lurraldeen aitortza administratiborik egiten; eta euskara ere ez da bere horretan azaltzen. Langues vivantes (e?trange?res ou re?gionales) adarra da, zehazki, horietan azaltzen dena, eta tokian tokiko hizkuntza lantzea ahalbidetzen du Frantziako Hezkuntza Ministerioak haien bidez. Honela dio, kasurako, Programme du cycle 3, kolegioaren 3. mailako ikasleek —14 eta 15 urte bitarteko gazteek— landu behar dituzten materialak zehazten duen dekretuak: «Atzerriko edo erregioetako hizkuntzen irakaskuntzaren xedea da frantsesa ez den hizkuntza baten gaitasun eta ezagutza lortzea».

Programak dio helburua duela hizkuntzen Europako marko bateratuan A1 eta A2 mailetarako adostutako gaitasunak hartzea. Eta kultur adierazpenen ezagutzarekin lotzen du gero. «Ezagutza linguistikoak, bizitza ohituren ezagutzak eta kulturarenak indartu egiten dute herri edo erregio horren hizkuntza erabilera».

Tokian tokikora egokitzea

Aspaldikoa da aplikatzen diren curriculumen gaineko kezka, eta Euskal Herrirako curriculuma ontzeko egitasmoa abiatu ere abiatu zuten 2003an. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Sortzen Ikasbatuaz-ek eta Udalbiltzak sinatutako akordioa izan zen abiaburua. Gerora, elkarte, eragile, aditu eta herritarrak bildu zituzten prozesura. 2008ko ekainaren 21ean plazaratu zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma, oinarrizkoa eta komuna. Aplikaziorik ez zuen izan, baina bertan jarritako oinarriak biltzen ditu Heziberrik.

Badira bestelako egitasmoak ere: hainbat herritan, tokian tokiko curriculumak lantzen hasi dira azken urteetan, Euskal Herriko zein ingurune hurbileko eduki eta jakintzak jasotzeko asmoekin. Orion (Gipuzkoa), adibidez, herri curriculuma ondu zuten herriko eragile eta norbanakoek, eta herrian dauden ikastetxeetan lantzen ari dira jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.