Sexu-eraso kasuetan «gogorrago» aritzeko deia egin die epaileei Barakaldoko alkateak

Gizonezko bat atxilotu dute emakumezko bati eraso egitea egotzita, eta aurrez sexu abusuak egin izan dituela jakin da. Elkarretaratze bat egin dute herrian erasoa gaitzesteko

Asteburuko erasoa gaitzesteko atzo arratsaldean Barakaldon eginiko elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
«Poliziak egina du bere lana; orain, epaile eta fiskalei dagokie beren egitekoa betetzea». Barakaldoko (Bizkaia) alkate Amaia del Campok justizia sistemari begiratu nahi izan zion atzo, asteburuan herrian jazo den sexu erasoa hizpide hartuta. Zabaldua zen ordurako eraso horren harira atxilotuta dagoen gizonezkoak aurrekariak dituela antzeko hainbat deliturengatik, eta horri atxikita solastatu zen alkatea, egun justiziak ematen duen erantzunarekin kontentagaitz: «Esku gogorragoa izan behar dute». Hain justu, halako kasuetan behin-behineko kartzela zigorra hautatzeko eskakizuna egin die, eta jarrera irmoa halakoak epaitzeko orduan: «Aski berme izan behar ditugu, egiten duenak ordainduko duela jakiteko».

Larunbat gauean jazo zen erasoa. Bi saltoki handiren inguruetan, oldartu egin zitzaion gizona andrazko bati; bortxatzeko ahalegina egin zuen, baina kontra egin zion emakumeak. Nahi zuena lortu ezin zuela ikusita, han inguruko pendoitz batean bota zuen gizonak emakumezkoa. Ertzainengana jo zuen emakumeak erasoa salatzera. Igandean atxilotu zuten haiek gizonezkoa, Trapagaranen (Bizkaia). Ertzainen komisarian egin zuen atzo eguna, epailearen aurrean noiz deklaratuko.

28 urteko gizonezko bat da atxilotua. Aurretik ere, Poliziak atxiki izan du sexu abusuak egitea leporatuta. Barakaldoko Udalak adierazpen bat onartu zuen atzo erasoa gaitzesteko: «Tinko arbuiatzen dugu andreen osotasunaren eta bizitzaren kontrako edozein motatako ekintza edo jarrera».

Udalak, halaber, bat egin zuen arratsaldean mugimendu feministak erasoa salatzeko egina zuen elkarretaratzerako deiarekin. Argitan emakumeentzako aholkularitza zentroak egin zuen protestarako deia. Horrekin batera, instituzioei mintzatu zitzaien; gogorarazi zien gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko estrategia beteak behar direla erasoak eragozteko, eta «autodefentsa feminista» dela erasoon aurkako biderik osoena.

Seme-alaben aurrean

Barakaldokoaz gain, eraso matxista gehiago egon dira asteburuan. Igandean, 35 urteko gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, emaztea jotzea egotzita. Udaltzainek jakinarazi dutenez, emakumea aurpegian eta gorputzean jipoitu zuen, bikotearen bi seme-alabak aurrean zituela, biak adingabeak. Hain justu, haietako batek eman zien abisua udaltzainei. Atxilotzeko unean, «agresibitate handia» erakutsi zuen atxilotuak, udaltzainek jakinarazi dutenez. Polizien aurrean, emakumeak salatu egin zuen erasoa, eta gizonak onartu egin zuen berak egindakoa. Sansomendi auzoko etxebizitza batean izan zen, bazkalostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.