Eusko Legebiltzarreko emakume politikariek jasandako jarrera matxisten gogoeta egin dute

Ipiñazar, Etxebarrieta, Arana, Rojo eta De Bengoetxea Irati Sarasuak gidatutako mahai inguruan, asteazkenean, Donostian.
Ipiñazar, Etxebarrieta, Arana, Rojo eta De Bengoetxea Irati Sarasuak gidatutako mahai inguruan, asteazkenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Irati Urdalleta -

2019ko azaroak 15
Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuetatik 39 dira emakumeentzat eta 36 gizonentzat. Horrela, nahiko parekatua ematen du emakumeek politikan duten parte hartzeak. Hala ere, zenbakietatik harago, «erabakitzeko guneetan daukaten tokiari» eman behar zaiola garrantzia ziurtatu dute, asteazkenean Donostian Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatuta egindako Emakume politikariak hitza hartzen mahai inguruan. Bertan izan dira Maitane Ipiñazar (EAJ), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Eukene Arana (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojo (PSE-EE) eta Juana de Bengoetxea (PP).

Bostak Eusko Legebiltzarreko parlamentariak dira, baina hainbat zailtasun gainditu behar izan dituzte emakumeak izateagatik. Etxebarrietak argi dio emakume izate hutsagatik gutxietsi egin izan dutela, nahiz eta beste arrazoi batzuengatik izan dela pentsatzeko hezi izan duten. «Iritsi berria, emakumea eta gaztea naiz, eta horrek asko eragin izan dit». Gainera, emakume izate hutsagatik gehiago eskatzen diotela nabarmendu du: «Gizonen etxe bat denez, eta emakumeak bertan sartu garenez, merezi dugula erakutsi beharra daukagu». Gauza bera sentitu du Aranak ere, eta hainbat epairi aurre egin behar izan die: «Serio jartzen naizenean, gizonei ez zaie gustatzen. Epaitu egiten naute janzten dudan arropagatik ere».

Paternalismoa izan da politikariek gehien aipatu duten hitzetako bat: «Gertatu izan zait nire alderdiko gizonek esatea nola hitz egin eta zer egin behar dudan. Gu alderdi politiko berria gara, eta beraiek ere ez ziren aurretik legebiltzarrean egon», esan du Aranak. Jasandako bereizketaren adibide zehatzak ere eman dituzte. Rojo haurdun zegoen, eta erditu eta hiru egunera legebiltzarrera joan behar izan zuen. Izan ere Patxi Lopez lehendakari izendatzeko, ezinbestekoa zen bera egotea, botoa ezin delako delegatu: «Egunero deitzen zidaten erditu al nintzen galdezka. Ginekologoarekin hitz egin nuen umea ateratzeko, botoa eman behar nuelako». De Bengoetxeak ere antzeko egoera bat ikusi zuen bere alderdian: «Arantza Quiroga erditu eta bi edo hiru egunera itzuli zen legebiltzarrera, eta askok ama txarra izatea leporatu zioten».

Bakoitzaren ideologia alde batera utzi, eta bat egiten erakutsi diete bizi behar izan dituzten egora horiek. «Izugarria da beste alderdi bateko emakume batek onartzen dizunean gizon batek gaizki hitz egin dizula edo ondo erantzun diozula», azaldu du Etxebarrietak. Rojo ere ados dago: «Tribunatik jaitsitakoan beste alderdietako emakumeek ondo egin duzula edo ea zerbait gertatzen zaizun esaten dizute».

Kontra egiteko zailtasunak

Gizonezkoen jarrera matxistei aurre egitea ez dela beti erraza izaten diote. «Politikan oldarkorragoa bilakatu naiz, eta jada, esaterako, ez ditut arropari buruzko iruzkinak onartzen», dio Rojok. Ipiñazarrek, berriz, bere buruari jarritako oztopoak gainditzen ikasi du: «Neure buruari mugak jarri izan dizkiot emakumea eta gaztea izateagatik, baina ikasi dut ez egiten, eskubide berak ditugulako». Arana ere antzera mintzatu da: «Jada ez dut ezer barkatzen. Ez dit balio orain ez dela momentua esateak».

Emakumeak baztertzen dituen egoeraren aurrean, «autokritika» egin beharra azpimarratu du Etxebarrietak. Politika instituzionala «maskulinizatuta» dagoela iruditzen zaio, eta erabaki organo denak gizonezkoek soilik osatutakoak ez diren arren, erabakitzeko moduak horrelakoak iruditzen zaizkio. Horregatik, politika feministen beharra azpimarratu du: «Militantzia politikoan, emakume askok hartzen dugu parte, baina botere eremuetan, hau da erakundeetan, asko daukagu egiteko». Arana ere bat dator: «Legebiltzarrera sartzean, gauza asko aldatuko genituela pentsatzen genuen, baina ezinezkoa da». Rojok uste du azken urteetan hobekuntza egon dela, baina oraindik lan handia egin behar dela. «Lan egiteko aukera ematen dizute, baina erabakiak hartzea askoz zailagoa da», nabarmendu du. Gako bat ere eman du Etxebarrietak: «Bilera gune formaletatik kanpo hartzen dira erabaki asko, eta hor gu ez gaude».

Egon diren aurrerapausoetan berdintasun politikak garrantzitsuak direla onartu arren, bat datoz nahikoa ez direla. «Testuinguru historiko bateko beharrei erantzun diete, baina orain, politika feministak behar ditugu», azaldu du Etxebarrietak. Horrela, sistemaren analisi sakon bat egingo litzatekeela ziurtatu du, eta orain arte «bazterrean» egon diren pertsonak «erdigunera» ekarri. «Gizartea erakundeak baino pauso bat aurrerago doa», gaineratu du Aranak. Eta beste gako bat ere aipatu dute guztiek: finantzaketa handiagoaren beharra. «Baliabide gehiago beharko genituzke, berdintasun politikak garatzeko», nabarmendu du De Bengoetxeak.

Pil-pilean dauden hainbat gairen inguruan erakundeek izan beharreko jarrera ere eztabaidatu dute. Irantzu Varelaren eta Pikara Magazine-ren aurka egin berri dituzten pintaketei dagokienez, irmo mintzatu da De Bengoetxea, borratu egin beharko liratekeela esanez. «Horrelako gertaerek erakusten dute enbarazu egiten dugula; beraz, ondo ari gara», nabarmendu du. Ipiñazar ere erabat ados dago berarekin. «Sare sozialak ere badira indarkeria matxistaren eragin gune bat, eta eraso horiek ez dira gutxietsi behar», gaineratu du Etxebarrietak. Aranak azaldu du berak ere jasan izan dituela erasoak sare sozialen bidez: «Bidali dizkidate pistola baten argazkiak, hurrengoa ni izango naizela esanez».

Emakume gazteen beharra

Zailtasunak zailtasun, politikak emakume gazteen beharra duela azpimarratu dute. «Emakumeek gaitasun handiagoa daukagu besteen lekuan jartzeko», azaldu du De Bengoetxeak. Rojo ere «politika gizatiartzeaz» mintzatu da, eta Etxebarrietak azpimarratu du kapitalaren ordez pertsonak erdigunean egoteko beharra.

Beste gai gehienetan ikuspegi desberdina eduki ohi duten parlamentariak feminismoak ados jartzea lortu du, bizi duten egoera ez da gutxiagorako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna