Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Lanetan «irregulartasunak» ikusi dituzte ELAk eta LABek

Sindikatuak bisitan egon dira zabortegian, eta «erakundeen gardentasunik eza» salatu dute han. Jaurlaritzak, aldiz, ukatu egin ditu salaketak; esan du langileak «babestuta» ari direla

ELAko eta LABeko kideek elkarretaratzea egin zuten atzo zabortegiko sarreraren aurrean, Zaldibarren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak luizia jasan zuen Zaldibarko zabortegian izan dira (Bizkaia), bi langile desagertuak aurkitu eta eremua egonkortzeko egiten ari diren lanak ikuskatzeko. Sindikatuetako kideek esan dute «irregulartasun ugari» antzeman dituztela bisita horretan. Jaurlaritzak, berriz, ukatu egin du hori, eta esan du «segurtasun neurri guztiak» hartzen ari direla lan horietan.

Joan den astetik iragarrita zegoen ELAk eta LABek Zaldibarko zabortegira egin behar zuten bisita. Hala ere, sindikatuetako ordezkariek salatu dute bertaratu direnean Ingurumen sailburuorde Elena Morenok harrera egin diela eta gero alde egin duela, «bisita enpresa pribatu baten esku» utzita.

«Gu ez gara etorri begirunezko bisita batean», esan du ELAko bozeramaile Peio Igeregik, «baizik eta lana ikuskatzera eta bi desagertuak topatzeko zer egiten ari ziren ikustera, eta ez diote gure galderetako bati ere erantzun».

Igeregik «lotsagarritzat» jo du erakundeen jarrera, eta esan du Jaurlaritzaren «gardentasunik eta informaziorik eza» bat datorrela «gobernu honen izaera neoliberalarekin». Haren ustez, langileak ez dira «lehentasun» Jaurlaritzarentzat.

LABeko ordezkari Xabier Ugartemendiak esan du kudeaketa guztia «enpresa pribatuen esku» gelditzen ari dela, eta ikusi dutena «larritzeko modukoa» dela: «Ikusi ditugu bi langile desagertuta, ikusi ditugu berrehun langile baino gehiago autobidea irekitzen lehenengo egunean, inolako neurririk gabe; gaur [atzo] arduratuta gentozen Zaldibarreko zabortegiaren bisita egitera, eta are arduratuago goaz hemendik».

Sindikatuetako ordezkariek esan dutenez, lanean ari ziren beharginetako askok ez zeukaten amiantoaren kontrako babes egokirik. Beste batzuk bazkaltzera joan dira «zabor kutsatua ibili ostean egoki garbitu gabe», eta beste zenbait zaborra zamatzen eta husten aritu dira «osasunerako inolako babesik gabe». Beharginak egiten ari diren lanordu kopuruaz ere «zalantzak» agertu dituzte sindikatuek.

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aurkitzeko lanei dagokienez, sindikatuetako ordezkariek esan dute ez dutela informazio askorik, baina bisitan esan dietela oso zaila dela bi langileak ustez egon daitezkeen eremuan bilatzea, eta horregatik ari direla beste alde batean bilatzen.

Horren kontra protesta egiteko, bertaratu diren ordezkari sindikalek elkarretaratze bat egin dute zabortegiko sarreraren aurrean. ELAk eta LABek iragarri dute otsailaren 27an beste elkarretaratze bat egingo dutela, gehiengo sindikalak antolatuta, Alberto Sololuze, Joaquin Beltran eta aurten lan istripuan hildako langile guztiak gogoratzeko, Ermua eta Eibar batzen dituen biribilgunean, 18:30ean.

«Osasun neurri guztiak»

Eusko Jaurlaritzak erantzun egin die sindikatuen salaketei, eta esan du Zaldibarko zabortegiko erreskate eta egonkortze lanetan diharduten langile guztiak «beharrezkoak diren laneko segurtasun eta osasun neurri guztiekin» ari direla beharrean.

Esan dutenez, langile guztiek babes ekipamenduak erabiltzen dituzte, «unean uneko zereginetara eta arriskuetara egokituta». Gainera, hiru deskontaminazio eremu jarri dira «segurtasuna eta osasuna une orotan bermatzeko», laneko sarrera eta irteeraren trantsizio guztietan. Esan dutenez, langileak hiru eremutatik igarotzen dira, lan jantziak utzi, dutxatu eta kaleko arropak ostera ere janzteko.

Jaurlaritzaren arabera, langileen kontrol eta babesean espezializatutako enpresa bat kontratatu dute, egonkortze eta erreskate lanetan aritzen diren gainerako taldeekin jarduteko. Enpresa hori otsailaren 7az geroztik ari da laginak hartzen, airean dagoen amianto zuntzaren maila neurtzeko, eta, orain arteko azterketa guztien arabera, ez dago amianto maila arriskutsurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.