Mendigorriko gurasoek auzitara jo dute D eredua ezartzearen alde

Nafarroako Gobernuaren ezezkoa ikusirik hartu dute erabakia. Mendigorrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatu nahi dute. Kautelazko neurriak eskatu dituzte

Mendigorriko gurasoak eta Behatokiko ordezkariak, atzo, auzitegiaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Beren seme-alabentzat euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen duten Mendigorriko gurasoek (Nafarroa), Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera, helegitea aurkeztu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, eskubide hori ukatzen duen Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka. 2020-21eko ikasturtea irailean hasiko denez, kautelazko neurriak ere eskatu dituzte gurasoek, Auzitegi Nagusiaren ebazpena berandu iristeak umeen eskubideei kalterik ekar ez diezaien. Espero dute hamabost eguneko epean Auzitegi Nagusiak ebatzi egingo duela kautelazko neurrien inguruan.

Joan den ekainean, gurasoek eta Behatokiakgora jotzeko helegitea aurkeztu zuten Hezkuntza Departamentuan. Orduan ere, gurasoek iragarri zuten auzitara joko zutela erantzuna positiboa izan ezean. Uztailaren 7an iritsi zen departamentuaren erantzuna: uko egiten zion gurasoen eskaera aintzat hartzeari. Hortaz, bide administratiboa amaituta, auzitara jotzea erabaki dute gurasoek.

Hezkuntza departamentuak Mendigorrian D eredua ez jartzeko emandako argudio nagusia da hezkuntza maparen arabera Mendigorriko zentroari ez dagokiola D eredurik, eta irtenbide bakarra litzatekeela hezkuntza mapa arautzen duen foru dekretua aldatzea.

Hala ere, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren iritziz, hezkuntza mapari buruzko aipamen hori «aitzakia» hutsada: «Euskararen Legearen arabera, eremu mistoko ikastetxeetan D eredua ezartzeko eskaera bat badago, gutxinaka eskaera hori bete beharko litzateke, eta hezkuntza mapa horretarako tresna bat baino ez da. Antolaketa horiek aldatu ahal dira:orain arte hainbat aldaketa egin dira hezkuntzaren antolaketari dagokionez, eta ez da izan inolako eragozpenik horretarako. Ez dugu ulertzen orain esatea dekretua aldatu beharko litzatekeela; uste dugu izapide administratibo hutsa izan beharko lukeela».

Gurasoek bilera izan zuten Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin, eta han beste oztopo bat jarri zieten haien eskaera bideratzeko: hurrengo ikasturtea bertan da, eta ez omen dago astirik hezkuntza mapa berregokitzeko. Behatokiaren ustez, hori ere ez da arrazoi nahikorik gurasoen eskaera aintzat hartzeko: «2019ko azarotik bazuten eskaera horren berri. Ez dugu ulertzen zergatik batzuetan gaztelaniazko lerroak zabaltzeko ez dagoen inolako oztoporik eta hilabete baten buruan egiten duten, eta D eredua ezartzeko, aldiz, hainbeste oztopo dagoela».

«Argudio sendoak»

Gurasoek eta Behatokiak badakite epaibidea luzea izan daitekeela, eta egokitzen den epailearen arabera interpretazio bat edo bestea egingo dutela; hala ere, uste dute «argudio sendoak» dituztela: «Gurasoek eskura zituzten zirrikitu guztiak erabili dituzte egoera konpontzeko». Gainera, Nafarroako arartekoak ere arrazoia eman die, eta eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari gurasoen nahia aintzat har dezan.

Gaubekak dioenez, gurasoak «nekatuta» daude, auziak hartu duen norabidea ikusita: «Haientzat oso gogorra izaten ari da. Hezkuntza Departamentutik jasaten ari diren tratua ere gogorra da: hilabete askoan ez diete erantzunik eman, eta egin dituzten bileretan ere, badirudi beraiek direla errudunak». Beste aldetik, ikasturte berria gerturatzen ari da, eta haien umeak oraindik ez daude aurrematrikulaturik, horrek dakarren guztiarekin.

Hala ere, aurrera egiteko asmoa dute, badakitelako auzia ez dela bakarrik D ereduan matrikulatu ezinik dabiltzan sei haur horiena: «Eredu mistoan eta erdaldunean hainbat eta hainbat guraso daude, seme-alabak D ereduan matrikulatuko lituzketenak, baina horrek zer-nolako oztopoak dakartzan ikusten ari direnak», azaldu du Gaubekak.

Auzibideak gastuak dakartza, eta horiei aurre egiteko Mendigorriko euskararen haziak izeneko kanpaina jarri dute abian: laguntza txartelak atera dituzte, www.euskarazbizinahidut.eus webgunean eskura daitezkeenak, eta Mendigorrian eta inguruko herrietan ere salgai jarriko dituzte udan egingo diren ekitaldietan. Gaubekak dioenez, Euskal Herri osoan elkartasuna bilatuko dute, «hau injustizia hutsa delako, euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen ari zaien haur hauentzat ez ezik, atzetik etor daitezkeen guztientzat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.