Koronabirusa
Espainiako Gobernuaren neurriek ez dute eraginen Hegoaldeko hirietan

Pandemiaren bilakaera txarra duten 100.000 biztanletik gorako hirietan neurri murriztaileak jartzea agindu du Espainiako Gobernuak, baina neurriak ez die eraginen Hego Euskal Herriko hiriei; edo ez oraingoz, behintzat. Izan ere, murrizketak jartzeko hiru irizpide hartuko ditu aintzat Espainiako Gobernuak: hamabortz eguneko epean 100.000 biztanleko 500 positibo atzeman izana, PCR positiboen maila %10etik gorakoa izatea eta ZIUetako okupazioa %35ekoa baino handiagoa izatea.
Iruñean zegoen ezarrita fokua: izan ere, Nafarroako hiriburuak hiru baldintzetatik bi betetzen ditu, baina ez hirugarrena. ZIUetako okupazioa %22koa da Iruñean, hain justu: Madrilek jarritako %35etik urrun. Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak ez du baztertu, ordea, orain arte Nafarroan harturiko neurriak luzatzea: ortziralean erranen dute.
Espainiako Estatuko Osasun sailburuen arteko bilera egin zuten atzo hirietako murrizketei buruz erabakitzeko, eta Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako osasun ordezkariek baiezkoa eman zioten Espainiako Gobernuaren proposamenari. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, halere, «ezinegona» adierazi zuen bileraren ondotik, Espainiako Gobernuaren proposamenaren berri komunikabideen bidez jaso baitzuen herenegun. Adosturiko neurrien alde egin du Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta Madrili eskatu dio harturiko erabakia «irekia» izan dadila eta «irizpide teknikoen arabera eguneratu» dadila, «etorkizuneko egoerei hobeto erantzun ahal izateko». Osasun Sailaren arabera, Espainiako Osasun Ministerioak onartu egin du Jaurlaritzaren eskea.
Desadostasun ugari
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak adierazi du adostua izan dela hirien murrizketei buruz harturiko neurria, eta datozen egunetan agertuko dela BOE Espainiako aldizkari ofizialean. Kritika ugari eragin ditu hura hartzeko eta jakinarazteko moduak, ordea. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo goizetik ohartarazi zuen ez zuela «atseginez» jaso proposamena, bertzeak bertze komunikabideen bitartez izan baitzuen haren berri. Espainiako Gobernuak jarritako irizpideez gain, bertzelako adierazleak sartzeko proposatu zuen Urkulluk: erraterako, biztanleriaren dentsitatea kontuan hartzeko. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere irizpide gehiago eskatu zituen: bertzeak bertze, ospitaleen okupazioa, eta kasuen eta agerraldien arteko loturak eta jarraipena aintzat hartzea. Adierazi zuen, halere, neurriarekin ez dagoela «ez ados, ez desados»: «Marko orokor bat egotearekin ados egon gaitezke, zeina gero erkidego bakoitzak bere egoerara egokitu ahal izanen duen. Horretan datza kogobernantza».
Madrilgo erkidego autonomoarekin adostu ondoren proposatu zuen neurria Espainiako Gobernuak, herenegun. Madrilgo erkidegoak, ordea, atzera egin du, eta neurriaren aurka agertu da. Espainiako Estatuko bertze lau erkidegok egin zuten neurriaren aurka atzo. Denek bete beharko dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.