Nola egin trantsizio ekosoziala

Klima larrialditik haratago, «ezegonkortasun orokorra eta zibilizazio krisia» izan dituzte hizpide hainbat adituk, EH Bilduk auziaz egindako nazioarteko konferentzian

EH BILDU / BERRIA.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Kolapsoa hizpide hartuta, munduari «beste amaiera bat» ematea «posible» dela iruditzen zaio Amaia P. Orozcori. Pentsamendu ekofeministaren erreferenteetako baten ustez, ideia hori «transmititu» egin behar da, eta, klima larrialdiaren erdian, pentsatu behar da trantsizio ekosozial hori nola egin. Damien Thomson GUE/NGL Europako Parlamentuko ezkerreko taldearen osasun publikorako aholkulariarentzat, «derrigorrezkoa» izango da «borrokak elkartzea» eta «elkartasun ereduak» sustatzea. Brasilgo MST Lurrik Gabeko Mugimenduko kide Janaina Stronzakeren iritziz, bidea egiten hasteko bi galdera hauei erantzun behar zaie: «Lan egingo dugu geure bizitzak beste batzuek antola ditzaten? Edo lan egingo dugu geure bizitzak guk geuk antola ditzagun?».

EH Bilduk antolatutako Eraldatu ala kolapsatu: klima larrialdi garaietarako politika nazioarteko konferentziaren aurreneko eguneko solasaldietako batean parte hartu zuten hirurek, streaming bidez. Jardunaldiak amaitzeko, beste bi mahai inguru telematiko daude programatuta gaurko.

Klimatik harago, ezegonkortasun orokorra eta zibilizazio krisia izenburupean aritu ziren, Iñaki Barcenak eta Julia Martik gidatuta. Hamabost minutuko hitzaldi bana egin zuen bakoitzak. Orozco ikerlariak ekin zion, eta esan zuen, hasteko, «gizon heterozuri asfaltatua» krisian dagoela, eta «neokolonialismoak, kapitalismoak, arrazismoak» ekarritako kolapso ekologikoari ezin zaiola teknologiarekin erantzun, arazoa «egiturazkoa» delako.

Pentsatzen du, horrenbestez, «despiste» garai bat dela egungoa. «Zertaz ari gara askatasunaz ari garenean?». Dudak. Eta beste despiste bat: «Defendatzen ari gara gauza batzuk inoiz pentsatuko ez genuen jende batekin batera». Uste du hori gertatzen ari dela, «arazoa» dela, «erreferenterik» ez dagoelako.

Beste «kontakizun bat» behar delakoan dago. Orain arte bi «hegemoniko» identifikatu ditu. «Seduzitzailea, esaten zuena eredu sozioekonomikoa eskubide sozialekin konbinatu zitekeela. Baina kontakizun hori apurtu egin da». Eta, bestetik, «Trump eta Bolsonaroren modukoek» hauspotutakoa: «Esaten digute: 'Garapenaren ametsa apurtu da: egin zitzaizuen promesa seduzitzaileak dio ez zaretela denok kabitzen'». Eta uste du bien artean «sintesi biolento bat» egongo dela.

Horri aurre egiteko ahaleginean, planteamendu bat egin du Orozcok. «Kontakizun bat eraikitzeko, eraiki dezagun geure aniztasunean guztioi tokia egingo digun bat». Horretarako, «hautsi» egin beharko litzateke sistema, «desazkunde metabolikoarekin», eta «desberdinkeria guztiei aurre egin beharko litzaieke, erantzukizun partekatu eta asimetrikoa izanda». Trantsizioa bultzatzeko «birbanaketa, desmerkantilizazioa eta birlokalizazioa» sustatu behar direla nabarmendu du.

Stronzake MSTko kidearen iritziz, «presazko» auzia da «beharren erresumatik askatasunaren erresumara» egin beharreko trantsizioa. «Zenbat eta oinarrizkoagoa izan gizakiak duen beharra, orduan eta errendimendu handiagoa emango die salgai horiek erabiltzen dituzten enpresei». Stronzakeren esanetan, salgai horiek dira «ura, airea», baita pertsonak ere. «Kolapsoaren ezaugarrietako bat da, modu sistematikoan, egiturazkoan, mendean hartu behar dituela beste bizimodu batzuk». Eta horren aurka egiten dutenek «zuzeneko indarkeria bortitza» pairatzen dute.

Planetaren hegoaldean gertatu da kolapsoa: «Faveletan, komunitate indigenetan... gizakia ulertzeko modu bat amaitu da. Kolapsoa kapitalismoaren erdigunera gerturatuz doa». Eta, hain zuzen, «eraldaketa» egiteko, «gizaki izatera» deitu du. Baina ohartarazpen bat: «Errepresioa dator. Pribilegioak dituztenek ez dituzte modu baketsuan eman nahi».

Inflexio puntuaz

«Ez dut ezkorra izan nahi, baina oso baikorra ere ezin naiz izan», eman zuen abisua Thomson zientzia politikoetako adituak. «Bai berotze globala eta baita politika egiteko modua ere inflexio puntu batera hurbiltzen ari dira». Bi aukera daude: «Kaos batean erortzea, edo etorkizuna printzipio demokratikoetan oinarritzea».

Uste du «neoliberalismoak» azken 40 urteotan egindako politika klimatikoek «distrakzioa» izan dutela asmo. «Eta estatuek inguru egoki bat sortu dute merkatuek konponbideak ekar ditzaten. Ez dituzte pertsonak kontuan izan». Ongi ezagutzen du Europako Parlamentua, eta erakundeek zergatik «huts» egiten duten azaldu zuen: «Erakundeetan ez dago mekanismo nahikorik politikak zientziarekin bat egin dezan. Interes talde boteretsu eta erreakzionarioek indar handia dute instituzioetan». Thomsonen esanetan, «dirutzak» ordaintzen dituzte «haien interesak» agenda politikoan jartzeko. Monsanto enpresa aipatu du adibide gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.