16 urteko gazteek eginen dute hilabetez «zerbitzu nazionala»

Frantziako Gobernuaren helburua da «frantses nazioaren parte» izatearen sentimendua sortzea. Derrigorrezko egonaldia izanen da hilabetez, eta hiru hilabetekoa aukeran
Emmanuel Macron lehendakariaren hauteskunde programan zegoen egitasmoa.
Emmanuel Macron lehendakariaren hauteskunde programan zegoen egitasmoa. SEBASTIEN NOGIER

Eneko Etxegarai Urain -

2018ko ekainak 27
Zerbitzu Nazional Unibertsala indarrean ezarriko du Frantziak 16 urteko gazteentzat. Gaur du aurkeztekoa egitasmoa Edouard Philippe lehen ministroak, baina informazioa aurreratu zuten atzo Liberation egunkariak eta Europe 1 irratiak. Haien arabera, hau izanen da Zerbitzu Nazional Unibertsalaren oinarria: 16 urtetan hilabeteko derrigorrezko saio bat, eta, horrez gain, 25 urte bete arte, hautazko hiru hilabeteko beste saio bat. 2022an gazteen erdiei aplikatzea da gobernuaren helburua, eta lehen «boluntarioek» 2019an egiten ahalko dute saioa. Horretarako, konstituzioa aldatu beharko dute Frantzian, herritarren zati batek aldi batez jarduna gelditzeko. Gobernuaren arabera, helburua da «frantses nazioaren parte» diren sentimendua hedatzea gazteen artean, eta «gizarte erresilienteago bat» izatea.

Derrigorrezko hilabete hori bi denboralditan banatuko lukete. Lehen bi asteetan, «elkarteekin eta kolektibitateekin harremanetan», gazteen eginkizuna izanen da «proiektu kolektibo bat» eratzea. Europe 1 irratiaren arabera, lehen fase hori gazteen osasun egoera aztertzeko ere baliatuko lukete, eta analfabetismoa detektatzeko. Horren bidez, gobernuaren helburua da jakitea zenbat gaztek utzi duten eskola oinarrizko gaitasunik gabe.

Bigarren zatian, berriz, ikasketa modukoak izango lituzkete. Liberation egunkariaren arabera, bi aste horietan heziketa zibikoa jasoko dute gazteek, eta lehen sorospenak egiteko formakuntza. Horrekin batera, Frantziako Armadako ordezkarien mintzaldiak izango lituzkete. Europe 1 irratiak erantsi du gai batzuk emanen dizkietela aukeran gazteei. Honako hauek lirateke: pertsonen zaintza, ingurumena eta garapen iraunkorra, defentsa eta segurtasuna, kultura eta numerikoa, eta tutoretza —azken hori, eskola utzi dutenei laguntzeko—.

Ikusteko dago derrigorrezko egonaldi hori noiz eginen duten. Liberation-en arabera, eskola garaian eginen dute erdia, eta beste erdia, oporraldian; Europe 1 irratiaren erranetan, Omiasainduko, otsaileko, apirileko eta udako oporraldien artean iraganen da.

Bigarrenean, elkarteak

Lehen zati horren ondoren, hautazko hiru hilabeteko saioa egiten ahalko dute gazteek. Ez dute zuzenean armadaren eskutik eginen, egunkariak azaldu duenez: Zerbitzu Nazional Unibertsalaren labela eskuratu duen elkarte edo organismo batean egiten ahalko dute. Irratiaren arabera, lehen fasean hautatutako gaiari buruzkoa izanen da bigarren egonaldia ere, eta aukera izanen da hiru hilabete baino luzeagoa ere izan dadin.

Frantziako Gobernuak kalkulatu du urtean 800.000 gazte inguru deituko dituela egonaldi horietara. Mugikortasuna bultzatu nahi du, gainera: etxetik gertu ez, ahal den kasuetan «edozein eskualdetara» bidaliko dituzte gazteak. Nolanahi ere, gobernuak ez du egitura berririk eraikitzeko aurreikuspenik, baizik eta jadanik badaudenak baliatuko ditu.

Oraindik ez dago argi nolakoa izanen den hilabeteko egonaldia, baina martxan jartzeko 1,7 milioi euroko aurrekontua izanen du gobernuak. Horri erantsi behar zaio urteko funtzionamendu gastua: 1,5 milioi euro inguru.

Gazteei galdezka

Benjamin Griveaux gobernuko bozeramaileak RTL irratian adierazi du gazteekin harremanetan jarriko direla egitasmoa martxan jartzeko: «Udazkenean kontsulta bat irekiko dugu gazte antolakundeekin, gazteekin aztertzeko nola eraikitzen ahal ditugun gauzak, errepublikarekiko lotura berriz eraikitzeko».

Ekain hasieran, hain justu ere, gazte erakunde batzuek kritikatu egin zuten Zerbitzu Nazional Unibertsala derrigorrezkoa izatea. Iritzi hori gainditu nahi du Eliseoak: «Oraindik bazegoen zerbitzu militarraren ideia, baina denentzako onuragarria den momentu bat sortzea da helburua, batez ere eskolako arazoak eta gizartekoak atzemateko helburuarekin». Hain zuzen ere, Europe 1 irratiaren arabera, Hezkuntza Ministerioak izanen du egitasmoaren ardura nagusia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna