Frantziako Senatuak sexu erasoen aurkako legea onartu du

Aldeko 224 boz eta kontrako 22 jaso ditu testuak. Adingabeen «onespenik ezaren presuntzioa» kenduta pasatu denez, 15 urtez azpikoak ez babestea leporatu diote
Artxiboko irudia: Baionan indarkeria matxistaren aurka egindako elkarretaratze bat.
Artxiboko irudia: Baionan indarkeria matxistaren aurka egindako elkarretaratze bat. AURORE LUCAS

Imanol Eppherre -

2018ko uztailak 6
Sexu erasoen aurkako legea maiatzean Frantziako Asanblea Nazionaletik pasatu ondoren, asteazkenean eta atzo Senatuan eztabaidatu zuten. Maiatzeko hartan, lege testuak desadostasun nabariak sortu zituen gobernuaren, diputatuen, mugimendu feministaren eta umeen babesteko elkarteen artean. Bigarren artikuluak zuen, hain zuzen ere, ezkerreko oposizioaren haserrea eragin. Adingabeko biktimak babestea zuen xede, baina prozesuan izandako aldaketen ondorioz, kontrakoa egitea leporatu zioten atzo Marlene Schiappa Berdintasunerako Estatu idazkariak aurkeztutako legeari. Hala ere, Senatuak legea onartu zuen, aldeko 224 botorekin eta kontrako 22rekin. Orain, Berdintasun Batzordearen oniritzia falta zaio.

Izan ere, testuaren hasierako bertsioak adingabeen «onespenik ezaren presuntzioa» jaso zuen: heldu batek 15 urtetik beherako adingabe bati sarketa bat egiten bazion, automatikoki sexu eraso bezala kontsideratzea nahi zuen. Orain arteko legedian, adingabeen aurkako bortxaketetan, auzipetuak argudia zezakeen «sexu harremana behartzerik gabe» eta biktimaren onarpenarekin izana zela, eta hori aldatu asmo zuen lege berriak.

Estatu Kontseiluak, ordea, konstituzioaren aurkakotzat jo zuen puntu hori, akusatuaren errugabetasun presuntzioa errespetatzen ez zuela aldeztuz. Horren ordez, gobernuak abusutzat jotzea erabaki zuen, heldu batek 15 urtetik beherako bati «ekintza sexual» bat egitean, adingabeak «onartzeko beharrezkoa den zentzua eta heldutasunik» ez badu.

Horrez gain, beste puntu batek ere sortu zuen atzo debate zalapartatsua Frantziako goi ganberan. Asteazkenean, mugimendu feministako kideak poztu egin ziren, senatariek «penetrazioak eragindako sexu kalte delitua» kentzea erabaki zutenean. Izendapen horri bortxaketa terminoa saihestea eta eufemismo bat erabiltzea egozten zioten aurkakoek. Gainera, bortxaketaren tipifikazioa leuntzea ere leporatzen zion oposizioak. Halako erasoak delitu gisa izendatzea eta epaitzea atzerapausotzat zuten, bortxaketa krimen bat dela baitio Frantziako legeak; hots, izan daitekeen arau hausterik larriena.

Hala ere, paradoxikoki, sexu kalte delitu izendapenak berekin zekarren zigorrak gogortzeko proposamena: bost urteko presondegi zigorra hamar urtera emendatuz. Helburua, beraz, delituaren kondena azkartzea zen, adingabeen aurkako sexu eraso kasuetan batez ere.

«Penetrazioak eragindako sexu kalte delitua» kendu izana txalotua izan bada ere, mugimendu feministako kide batzuen partetik, adingabeen «onespenik ezaren presuntzioa» kentzeak du sozialista eta intsumitu senatarien haserrea eragin. Aste honetako eztabaidetan, eskuineko oposizioak berriz argudiatu du presuntzioak konstituzioa urratzen duela. «Zakil bat ez da haur baten ahoan, uzkian edo baginan sartzen nahi gabe», erantzun zuen Laurence Rossignol sozialistak.

Hala ere, atzoko saioan, sexu erasoei aurre egiteko, hezkuntzan baliabideak indartzeko neurriak bozkatuak izan ziren. Gainera, intzestu kasuetan biktimak sufritzen duen traumaren aldeko emendakin bat bozkatu zuten. Egun, sexu eraso bat jasan duen adingabe batek 18 urte betetzean, hogei urteko epea dauka salaketa aurkezteko. Orain, berriz, amnesia post-traumatikoa sufritzen dutenen kasuan, hogei urteko preskripzioa desagerrarazi da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna