Donostiako hondartzen ataka estua

Aztik Donostiako Udalaren enkarguz egindako ikerketa baten arabera, Donostiako hondartzak asko txikituko dira klima aldaketaren ondorioz, eta desagertzeko joera hartuko dute mareagora denean.

inaki petxarroman
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Klima aldaketak eta itsas maila igotzeak eragin nabarmena izango dute hondartzetan ere. Aztik Donostiako Udalaren enkarguz amaitu berri duen ikerketa baten arabera, hiriko hondartza guztietan nabarituko da itsasoak geroeta toki gutxiago utziko duela. Duela bi aste entregatu diote txostena Aztiko zientzialariek Donostiako Udalari, eta itsas maila zenbat igoko den, hipotesi batzuk aurreikusi dituzte azterlanean.

Hipotesi positiboenaren arabera, 2030erako Kontxak eta Ondarretak lau metro atzera egingo lukete; 2050erako, zazpi metro; eta mende bukaerarako, berriz, hamalau metro. Are eta nabariagoa izango litzateke eragina Zurriolako hondartzan: zazpi metro galduko lituzke 2030erako, 11 metro 2050erako, eta 24 metro 2100erako.

Hipotesi negatiboen arabera, baina, eragina are eta handiagoa izan liteke. Izan ere, kasu horretan, mende hondarrerako hamalau metro atzera egingo luke hondartzak Kontxan eta Ondarretan, eta 33 metro Zurriolan.

Itsas maila igotzeak Santa Klara uharteko hondartzan ere zer eragin izan lezakeen aztertu dute. Ildo horretan, mende bukaerarako, bakarrik itsasbeheran geratuko litzateke uhartea agerian, eta gaur egun baino zabalera txikiagoan, hau da, gaur egun denaren erdian,gutxi gorabehera. 2030erako, berriz, metro bat egingo du atzera, ikerketa horren arabera.

Iazko martxoan aurkeztu zuen Donostiako Udalak Donostia egokitu egiten da egitasmoa, hiria klima aldaketara nola egokitu aztertu eta lantzeko. Egitasmo horrek lau ardatz zituen, eta horietako lehena zen «ikerketa sakon bat» egitea klima aldaketak hiriko hondartzetan nola eragingo duen neurtzeko.

Horrez gain, egitasmo horrekin neurtu nahi dute nola hobetu informazioa balizko olatu handien eta uholdeen kasuan. Halaber, aztertu nahi dute zer-nolako eragina izan dezaketen muturreko gertaera klimatikoek hiriko zerbitzu eta azpiegitura kritikoetan, hala nola energia, gas eta telekomunikazio zerbitzuetan,eta hiri sistema indartzeko egokitzapen neurriak ere zehaztu nahi dituzte. 105.500 euroren aurrekontua jarri du udalak egitasmo horiek gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.