Gasteizen adingabe bat atxilotu dute sexu eraso bat egitea leporatuta

Mugimendu feministak manifestazioa egin zuen atzo arratsaldean; udalak eguerdirako deitu du elkarretaratze batera. Erasoa salatu duen neska ere adingabea da. Donostian ere, beste atxilotu bat
Milaka lagun elkartu ziren atzo iluntzean, mugimendu feministak deitutako manifestazioan.
Milaka lagun elkartu ziren atzo iluntzean, mugimendu feministak deitutako manifestazioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Samara Velte -

2018ko abuztuak 9
Atzo goizaldean, emakume adingabe batek sexu eraso bat egin ziotela salatu zuen Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan. Ondorioz, Poliziak bi gizon identifikatu zituen —biak ere adingabeak—, eta haietako bat atxilotu zuen eguerdi aldera, erasoaren egiletzat jota. Jakinarazi dutenez, erasoa Florida parkean gertatu zen; xehetasun gehiagorik ez dute eman oraingoz.

Gasteizko Udalak eta mugimendu feministak nork bere protokoloa abiatu dute erasoaren berri jakindakoan. Gorka Urtaran alkateak berak eman zuen erasoaren berri atzo goizean, irratian; «gorputz txarra» geratu zitzaiola esan zuen, eta udalak hainbat osasun baliabide eta laguntza psikologikoa eskaini dizkiola neskari. Erasoa gaitzesteko, udalak erabaki du bost minutuz etetea Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako jarduera ofizial guztiak, eta hamabost minutuko elkarretaratze batera deitu du gaurko: eguerdiko ordubatean egingo dute, Plaza Berrian. Horrez gain, antzeko etenaldiak egiteko eskatu die jaietako hainbat eragileri, besteak beste Blusei eta Neskei, tabernariei eta jaiguneetako arduradunei.

Mugimendu feministak, berriz, eraso matxisten aurkako bere protokoloa abiatu zuen, eta atzo bertan egin zuen manifestazioa. Martxa jendetsua izan zen; milaka lagun abiatu ziren txosnagunetik, eta Andre Maria Zuriaren plazan amaitu zuten, elkarretaratze batekin. Goizaldean gertatutako sexu erasoaz harago, «jaietan gertatzen diren hainbat eraso sexisten panoramika bat» eman nahi izan zuten, Irati Leon mugimendu feministako kidearen hitzetan: «Udalaren ikuspegia murritzegia da: soilik gertaera jakin batzuekin aktibatzen du prokoloa. Baina guk ikusten dugunez gai hau errotik landu behar dela, egiturazko irakurketa bat egiten dugu, eta beste hainbat eraso jartzen ditugu mahai gainean, txosnagunean edo tabernetan gerta daitezkeenak». Horien artean «irainak, begiradak edo ukituak» ere badaude.

Udalak ere gogor gaitzetsi du erasoa, eta gogorarazi du halakoak ez direla «ekintza bakanak, gizartea egituratzen duten jarrera esplizituek, normalizatutako mezuek eta mezu sinbolikoek osatzen duten haril bat baizik», zeinaren helburua baita «emakumeak gizonen menpe mantentzea, eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak zeharkatzen dituen gorputz, eredu edota jokabiderik ez onartzea».

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ere argitaratu du ohar bat Gasteizko erasoaren harira. «Beti ez dira gazteak erasotzaileak eta biktimak, baina egia da egun oraindik ere badaudela indarkeria egoerei aurre egin behar dieten emakume gazteak».

Donostian ere erasoa

Bestalde, Donostian ere gertatu zen eraso matxista bat atzo goizaldean. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizeko laurak aldera jazo zen, Parte Zaharrean: 35 urteko gizon batek «izaera sexualeko ukituak» egin zizkion kalean emakume bati. Emakumearen bikotekideak geratzeko eskatu zionean, gizona eta harekin zegoen beste lagun bat oldartu egin zitzaizkien. Bikoteak ezkaratz batean hartu zuen babes, handik hurbil; gizonek sarrerako kristala hautsi zuten, baina Ertzaintzaren patruila batek geldiarazi zituen. 35 urtekoa sexu abusua egitea leporatuta atxilotu zuten; bestea, kalteengatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna