Maravillas, auzoa eraldatzeko tresna

Eskaintza sozial eta kultural oparoa dauka Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeak. Desjabetuen Memoria egitasmoan lanean dihardute orain, «ahaztuen» eta «galtzaileen» testigantzak azaleratzeko xedez (bideoa, amaieran).

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

«Ez da festarako lekua, ez da zapalkuntzarako lekua; munduaren eta auzoaren transformazio sozial eta kulturala gauzatzeko espazio bat da». Markel Jimenezen hitzak dira. Eider Españarekin batera, Rozalejoko markesaren jauregian dagoen Maravillas gaztetxeko ateak ireki dizkiote BERRIAri Iruñeko bi gazteek (ikusi, argazki bilduma).

10:00ak dira, eta jende gutxi dabil Iruñeko Alde Zaharreko Nabarreria plazan. Turista bakanen bat eta lanean ari diren banatzaileak. Plazako eraikin guztien artean, ordea, batek ematen die atentzioa handik igarotzen diren turista eta herritarrei: Maravillas gaztetxea da.

Eraikina 2017ko irailaren 3an okupatu zuten Alde Zaharreko gazteek; Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak hustu zuten abuztuaren 17an. Azken egunak tentsio handikoak izan dira Maravillasen. «Lasaitasun erlatiboa» sumatzen dute orain. Tentsioa igarota, huste horrek sortutako kalteak konpontzeko lanean ari dira gazteak, buru-belarri.

«Transformazio sozial eta kulturala» gauzatzeko xedez, hainbat proiektu ari dira garatzen gaztetxean, nahiz eta azken egun hauetan geldirik izan dituzten horietako asko: «Huste agindua atzera botatzeak lasaitasuna eman digu. Abuztu hasieratik stand by egoeran izan gara, ekintza gutxi batzuk soilik garatuz. Huste agindua indarrean egon den bitartean, elikagaien bankuak soilik funtzionatu du, bertzelako egitasmoak gelditu behar izan ditugu».

Izan ere, elikagai bankua da orain arte gaztetxeko kideek sortutako egitasmorik zabalena. «Auzoko denden kanpoaldean jartzen gara, eta bertan daudenei behar dugun elikagai eta produktuen zerrenda bat ematen diegu, jendearen beharren araberakoa», azaldu du Españak. Gero, bildutako produktu guztiak beharra duten Alde Zaharreko eta Iruñeko familien arten banatzen dituzte. «Eragile askorekin bat egiten duen proiektu bat da, eta klase elkartasuna sustatzeko tresna bat», gaineratu du Jimenezek.

Bestalde, «gizarte eraldaketa» sustatzeko bidean, emakumeen ahalduntzea ari dira lantzen gaztetxean. Palestra izeneko gunea atondu dute horretarako. Jauregiaren sotoan dago, eta gimnasio itxura duen gela zabal bat da. Lurra koltxonetaz estali, eta andre gazteek autodefentsa feminista eta arte martzialak ikasten dituzte. Dozenaka emakume biltzen dira Palestra gunean, gazte mugimenduetakoak gehienak.

Ohiko aisialdirako alternatibak sortzea da gaztetxearen bertze helburuetako bat. Horretarako, eraikina okupatu eta berehala, Paradisu Zinema sortu zuten. Eraikinaren hirugarren solairuan dagoen gela zabal bat da, eta igandero proiektatzen dituzte filmak. Zinema gelan pintatuta dagoen horma irudiak erakusten du gaztetxeak bere egin duen filosofia: Paradisu zinema ametsak forjatzen diren materialekin egina dago, irakur daiteke. Zinemaren ondoan dago gaztetxearen bertze proiektuetako bat: Lapiku Txiki herri jantokia. Zinema eta jantokia «bertzelako erlazio sozial arruntetatik harago joateko espazio gisa» definitu dituzte gaztetxeko kideek. Liburutegia antolatzeko lanetan hasi dira, eta bilera gelak ere prest dituzte. Gela horiek euskara irakasteko eta bertso eskolarako erabiltzen dituzte, bertzeak bertze.

Azkenaldian, Desjabetuen Memoria proiektuarekin ere badabiltza gaztetxeko kideak. «Zenbait borrokalariren memoria jorratzeko eta azaleratzeko proiektua da», kontatu du Jimenezek. «Garaileek eraiki ohi dute historia, eta horren azpian geratu da galtzaileen memoria. Aurrerapausoak emateko, beharrezkoa da hori berreskuratzea», gehitu du. Egitasmo horren lehen ekintza abuztuaren 15ean egin zuten: Maravillas Lamberto eta haren ahizpa Josefina omendu zituzten. Gaztetxe barruan, Maravillasi gertatutakoa azaltzen duen horma irudi bat ere margotu dute, haren historia zabaltzeko.

Elkartasuna

Maravillas gaztetxeko ateak irekita daude, eta jende ugari bertaratu da elkartasuna erakutsi eta proiektuari buruz informazioa eskatzera. Azken egunetako gertakarien ondotik herritarren jakin-mina zabaldu dela onartu dute gaztetxeko kideek. Bertako jendea ez ezik, turistak ere gerturatzen zaizkie tarteka. Bartzelonatik etorritako gazte baten kasua da. Eraikinaren sarrerak harrituta, sartzea erabaki du, eta adi-adi entzun ditu gaztetxeko kideek bertan gertatutakoari buruz emandako azalpenak. Elkartasuna adierazi, eta hurrengo batean Iruñera etortzean hor jarraituko duen esperantzarekin agurtu ditu gazteak. Cascantetik (Nafarroa) etorritako aita-seme batzuk ere sartu dira. Azken egunetan gertatutakoarekin haserre, elkartasuna agertu diete gazteei.

Azken asteak gogorrak izan arren, gogotsu daude. «Orain normaltasunera itzuli eta proiektuari segida ematea askoz errazagoa da. Lan asko dugu egiteko, badakigu, baina hasi gara auzoa zirikatzen».

Ez da gaztetxe bat, mundua ulertzeko modu bat baizik lelopean, manifestaziora deitu dute biharko. Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da, 18:00etan. Iruñeko eta Euskal Herriko hainbat kolektibok atxikimendua eman diote.

[YouTube]https://youtu.be/noBf495r9Ys[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.