Mehatxuka limurtu nahian

AEBei eta Kanadari zaildu egin zaie NAFTA berrirako ituna, eta Etxe Zuriak Ottawari egotzi dio amore ez ematea. Trumpek mehatxu egin du MMEtik irteteko, eta esan du EB «Txina bezain txarra» dela
AEBetako presidentea mitin batean, herenegun, Indianan.
AEBetako presidentea mitin batean, herenegun, Indianan. MARK LYONS / EFE

Jon Fernandez -

2018ko irailak 1
Azken hiru egunetako baikortasuna mikaztu egin zitzaien atzo AEBetako eta Kanadako ordezkariei Washingtongo negoziazio maratoian. Zenbat eta gertuago epemuga, orduan eta konplikatuago eta urrunago zegoen NAFTA berrirako akordioa atzo arratsean. Mexikok eta Etxe Zuriak astelehenean sinatu zuten merkataritza itun berria, eta Kanada ere batzea zuten asmo, baina AEBek eta Kanadak oraindik ez zuten itunik sinatu atzo lerrook idazterakoan.

AEBetako presidenteari areagotu egin zitzaion urduritasuna, eta han-hemen banatu zituen mehatxuak. Ottawa limurtzeko egunean, kontzesio gehiago eskatu zizkion, bereziki nekazaritza arloan. Baina Chrystia Freeland Kanadako Atzerri ministroak argi utzi zuen nahiago duela itunik eza itun txar bat baino, eta Etxe Zuriari gogorarazi zion Kanada dela AEBen merkatu nagusia, Txina, Erresuma Batua eta Japonia batuta bezainbestekoa. Bazkide egin nahi duena keinatzeaz ase ez, eta Trumpek mehatxu balak jaurti zizkien beste bi erakunderi: MME Munduko Merkataritza Erakundeari eta Europako Batasunari.

Bloomberg informazio agentziari emandako elkarrizketa batean, MMEri ohartarazi zion herrialdea erakundetik aterako duela AEBekiko jarrera hobetzen ez badu. «Normalean ez dugu irabazten helegite bakar bat ere [MMEn], iaz izan ezik», argudiatu zuen. «Eta badakizue zergatik irabazi genituen asko iaz? Badakitelako bestela alde egingo dudala handik».

Halaber, Bruselari leporatu zion «Txina bezain txarra izatea» merkataritza gaiei dagokienean. Ez da hilabete pasatu Etxe Zurian Jean-Claude Junckerri eskua estutu zionetik eta agindu zionetik lurperatu egingo zuela EBrekin gerra komertziala egiteko aizkora. Trumpek etsaiak bezainbeste durduzatzen ditu bazkideak.

Nahiz eta ez baztertu Kanadarekin ituna lortzeko aukera, eta nahiz eta esan azken egunotan «harreman oso ona» lortu dutela Freelanden taldearekin, Trumpek ez zituen ezkutatu ez frustrazioa ez mendeku gosea. Ohartarazi zuen muga zergak jarriko dizkiela Kanadatik AEBetara doazen autoei iparraldeko bizilagunak ez badio babesa ezabatzen haren esnekien sektoreari. «Eta hori bai; hori hobea izango da».

Urgentzia zeukan Trumpek Kanada ere atzo batzeko Mexikorekin sinatutako akordiora, eta epea ez zen kapritxozkoa. Ituna bihar AEBetako Ordezkarien Ganberara bidaliz gero, hura onartzeko tramiteak ahalbidetuko luke hiru herrialdeen ordezkariek azaroaren 29an sinatzea NAFTA berria. Tramiteak eskatzen du 60 egun igarotzea estatu kideek sinatu aurretik, eta gero beste hilabete ematen die itunaren xehetasunak negoziatzeko: 90 eguneko epea, beraz.

Presaren arrazoiak

Prozedura parlamentarioa ofizialki atzoko egunez abiatzeak Bi helburu dauzka. Batetik, bihartik 60 egunera azaroaren 29a delako, Mexikon Enrique Peña Nietok presidentetza utzi bezpera; abenduaren 1ean Andres Manuel Lopez Obrador ezkertiarrak hartuko du presidentetza, eta itxita utzi nahi dute hori baino lehen. Bestetik, NAFTA berria azarorako ziurtatuta izateak Trumpi ahalbidetzen dio garaipen gisa saltzea azaroko hauteskundeetarako.

Trumpek mehatxu egina du atzoko egunez bidaliko zuela itunaren agiria Ganberara, Kanadarekin edo barik, nahiz eta akordioa Mexikoren eta AEBen artekoa bakarrik izan, ez hirukoa. Alabaina, alderdikideek presio izugarria egin diote Kanada ere limurtzeko, hura gabe ez baita NAFTA, eta errepublikanoak beldur baitira horrek mesede baino kalte gehiago ekarriko dizkiola herrialdeko ekonomiari.

Gainera, Peña Nietok eta Trumpek sinatu berri duten itunaren xehetasunak aztertu dituzten adituek ez dute argi ikusten itunak AEBek Mexikorekin daukan defizit komertziala txikituko duenik, eta hain zuzen ere jatorriz horixe lortu nahi zuen Trumpek NAFTA berrituta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Fernandez

Informazio osagarria