Ezetz esan zutenei gorazarre

Iruñeko Udalak 'Intsumisioaren parkea' izena jarri dio kartzela zaharraren aurreko orubeari. Oroitarria paratuko dute gaur, Iruñean espetxeratutako 600 gazte intsumisoen omenez

Intsumisioaren aldeko protesta, Iruñeko kartzela zaharraren aurrean, 1995eko sanferminetan. ZORTZIKOA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Bazen garaia». Albistea jaso ostean, Argiñe Salanueva iruindarrari kosta egiten zaio hitz egokiak aurkitzea. Unai nebaz akordatzen da. Unai Salanueva intsumisoaz. 22 urte zituen soldaduskari uko egiteagatik kartzelan sartu zutenean. Bigarren graduan hamar egun eman ondoren, hirugarrena lortu zuen: kalera ateratzeko aukera, gauez espetxera itzultzeko baldintzarekin. 1997ko otsailaren 10ean utzi zuen kartzela, baina, gau hartan, ez zen ziegara itzuli: bere buruaz beste egin zuen. «Espainiak jarritako inposizioak hil zuen», gogoratu zuten haren senide eta lagunek, iaz eginiko ekitaldian. Orain, Iruñeko Udalak erabaki du garaia dela, Unai Salanueva bezala, armadari ezetz esatera ausartu ziren gazte horiek guztiak gogoratzeko. Omenaldi ofiziala eginen diete gaur eguerdian.

«Urrats garrantzitsua iruditzen zait, ez bakarrik Unairen arreba naizelako, baita intsumisioaren aldeko mugimenduko kide gisa ere», azaldu du Salanuevak. Pozik dago, hainbeste urteren ostean erakunde publikoek gazte horiekin duten zorra kitatuko dutelako: «Memoria ezinbestekoa da, baita intsumisioaren aferan ere. 1990eko hamarkadan gazte horiek eginikoa gogoratu behar dugu, eta garrantzitsua iruditzen zait erakunde publikoen babesa jasotzea».

Iruñeko udalbatzak aurreko ostegunean onartu zuen intsumisioaren aldeko neurri sorta: batetik, Intsumisioaren parkea izena jarriko diote kartzela zaharraren aurrean dagoen orubeari; eta, bestetik, Pello Iraizotz artistak eginiko oroitarria paratuko dute bertan. Gaur inauguratuko dituzte bata zein bestea, 12:00etan.

Azken hilabeteetan ezohiko bihurtu den adostasuna eragin du omenaldiak Iruñeko Udaleko gobernuari eusten dioten alderdien artean. Neurriak aurkezteko agerraldia elkarrekin egin zuten EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra taldeetako udal ordezkariek, eta intsumisioaren aldeko mugimenduarekin adostu dituzte ekintza guztiak. Aurkezpenean, Joseba Asiron alkateak gogorarazi zuen 2001eko abenduan deuseztatu zela nahitaezko zerbitzu militarra, eta hori «indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren lorpena» izan zela. «Nafarroan, intsumisioak bizitza politiko eta soziala asaldatu zuen, eta 1990eko hamarkadako protesta bakezale garrantzitsuena bihurtu zen. Jakina, errepresioa berehala etorri zen. Nafarroako milaka gaztek kartzela zigorrak jasan zituzten, desmilitarizatutako gizarte baten aldeko konpromisoagatik eta soldadutzaren aurkako desobedientzia mugimenduan aritzeagatik».

Intsumisioaren aldeko mugimenduak indar handia izan zuen Euskal Herri osoan, baina Nafarroari egokitu zitzaion Espainiako Estatuaren aurpegirik bortitzena ikustea: intsumiso nafar ia guztiak epaituak eta kondenatuak izan ziren, eta 600 gazte espetxeratu zituzten horregatik. «Estatuak laborategi gisa erabili zuen Nafarroa, intsumisioaren kontra erabil zitzakeen formulak probatzeko», gogoratu du Juan Kruz Lakastak. Kazetari iruindarrak 18 urterekin erabaki zuen intsumiso egitea. 11 hilabete egin zituen kartzelan, 1995 eta 1996 artean. «Ez dut esanen esperientzia ona izan zenik, kartzela instituzio errepresibo eta birrintzailea delako, baina oso aberasgarria izan zen. Hein batean, kartzelan bizitakoagatik eta ikasitakoagatik naiz gaur egun naizena».

Nafarroako gazte intsumisoek armadaren eta estatuaren aurrean izandako jarrera «eredugarria» izan zela uste du Lakastak: «Intsumisioaren aldeko presio soziala handia zela ikusita, estatua saiatu zen zigorrak arintzen hirugarren gradua ezarrita, eta gure erantzuna izan zen planto egitea; 200 bat lagunek uko egin zioten egunez espetxea utzi eta kalera ateratzeari. Izugarria izan zen hori». Gizartearen gehiengo zabal baten onespena jaso zuen desobedientzia zibil ez-bortitzaren bideak, eta fruitua ekarri zuen horrek: 2001ean kendu zuten soldaduska Hego Euskal Herrian. Gertaera hori intsumisioaren aldeko mugimenduaren «garaipen» bat izan zela uste du kazetariak.

Kartzelaren memoria

Euskal Herrian indar handia izan zuen mugimendua omentzeaz gain, Iruñeko kartzela bera gogoratzeko ere balioko du Intsumisioaren parkearen inaugurazioak. 2012ko irailean, espetxe berria zabaldu ostean, kartzela zaharra eraistea erabaki zuen Iruñeko Udalak, kolektibo memorialistei entzungor eginez. «Oso mingarria izan zen», gogoan du Lakastak. «UPNk korrika eta presaka bota zuen San Roke kaleko espetxe zaharra, memoriari batere tarterik ez uzteko xedearekin». Intsumisioaren oroimena ez ezik han gertatutako guztia ere ezabatu nahi izan zutela uste du kazetariak: «1936ko gerra garaiko presoak, disidente politikoak eta, batez ere, preso sozialen arrastoa ezabatu nahi izan zuen UPNk». Memoria hori berreskuratzen hasiko dira gaur.

Are: gaurko ekitaldiak, intsumiso nafarrei gorazarre egiteaz harago, beste hainbat kolektibo omentzeko ere balioko duela uste du Lakastak. «Derrigorrezko zerbitzu militarraren aurkako kanpaina bat baino gehiago izan zen intsumisioa; espetxean, sistema punitibista, autoritario eta txikitzaile horren kontra aritu ginen intsumisoak, eta sistemak larrutik ordainarazi zigun gainontzeko presoekiko konpromiso hori: sakabanaketa, bakartzea, zigorrak...». Hortaz, intsumisioaren parkean borroka antipunitibistak, antimilitaristak eta askatasunaren aldekoak omenduko dituzte, bere osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.