KoopFabrikak hirugarren urtez sustatuko du ekintzailetza kooperatiboa

Gipuzkoako programak bidelagun bana eskainiko die ekintzaileei, eta bi motatako formakuntza saioak. Aurreko bi aldietan 30 proiektutik gora sustatu ditu KoopFabrikak
KoopFabrika osatzen duten eragileetako ordezkariak, atzo, Donostian.
KoopFabrika osatzen duten eragileetako ordezkariak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Jon Fernandez -

2018ko abenduak 12
Ohiko ekintzailetza ereduak gogobetetzen ez dituen ekintzaileentzat da KoopFabrika proiektua: proiektu profesional bat martxan jarri nahi dutenentzat, baina bide hori ekonomia sozialaren eta kooperatiboaren errailetatik egin nahi dutenentzat. Ekonomia pertsonaren zerbitzura jartzea da helburua, eta ez pertsona ekonomiaren zerbitzura. Gipuzkoan hirugarren urtez antolatu dute KoopFabrika, eta www.koopfabrika.eus atarian izena ematen duten norbanakoek, elkarteek, eta enpresek eta erakundeek euren proiektua gauzatu ahal izateko formakuntza jasoko dute, eta proiektuak garatzeko baliabideak ere eskuratuko dituzte. Aurreko bi aldietan 30 proiektutik gora sustatu dituzte.

Hirugarren aldian ez da eperik egongo izena emateko, «proiektuek aukera izango dute beren baldintzen eta bizi zikloen arabera hurbiltzeko». Deialdi berrian, gainera, formakuntzaren formatua aldatu du KoopFabrikak, «ekintzaile eredu ezberdinengana ailegatzeko». KoopFabrikak hasieratik eskainiko die erreferentziazko tutore edo bidelagun bat ekintzaileei, «ibilbide eta jarraipen pertsonalizatua eskaini ahal izateko».

Zabaltzeko borondatea

Horrez gain, parte hartzaileek aurrez aurreko formakuntza saioak jasoko dituzte, eta bi ereduren artean aukeratu ahal izango dute. Lehen aukera, KoopFabrika trinkoa izango da: otsailaren 4tik 15era egingo dute, goizero, 09:00etatik 14:00etara. Bigarrena, KoopFabrika ibilbidea: ostegun arratsaldeetan egingo dute, 15:00etatik 20:00etara, martxoaren 21etik ekainaren 6ra.

Ekimen sozial kooperatiboaren ezaugarriak zeintzuk diren zerrendatu zituen prentsaurrekoan Arianne Kareagak, Mondragon Unibertsitateko Lankiko ikertzaileak: «Lanaren burujabetza, langile ekimena, kolektiboa, demokratikoki antolatutakoa, ekonomikoki bideragarria, bizigarria, lurraldean sustraitua eta saretua, eraldatzailea, hezitzailea barrura zein kanpora begira, eta dibertsifikatua lan esparruei dagokienez erresilientzia lantzeko». Ekimenak gako horien arabera landu nahi dituzten ekintzaileak «animatu» zituen izena eman dezaten KoopFabrikan.

Kareagak azaldu zuen nagusiki zerbitzuen sektoreko proiektuak aurkezten direla, baina, era berean, agroekologiari eta etxebizitza kooperatiboari lotutako proiektuak ere indartzen ari direla.

KoopFabrika elkarlanean antolatu dute hainbat eragilek: Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak, EHUko GEZKI institutuak, OlatuKoop sareak eta Beterri-Buruntzako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta. Edonola ere, KoopFabrikak borondatea du beste lurraldeetan ere antzeko lana egiteko, tokian tokiko eragileekin elkarlanean.