Akordiorik ez, eta aste eta erdiko greba du atarian Kristau Eskolak

Antzua izan da sindikatuen eta patronalaren arteko batzarra: Kristau Eskolak ez du aurkeztu beste proposamenik, eta sindikatuek grebari eutsi diote. Kexu agertu dira guraso taldeak
Sindikatuak elkar hartuta daude, eta bat eginda antolatu dute aste eta erdiko greba. Aldaketarik ezean, asteazkenean hasiko da.
Sindikatuak elkar hartuta daude, eta bat eginda antolatu dute aste eta erdiko greba. Aldaketarik ezean, asteazkenean hasiko da. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko urtarrilak 12
Argirik gabeko kale itsuan sartu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetako lan gatazka. Aste eta erdiko greba deialdiaren atarian, batzarra egin zuten atzo Kristau Eskolako eta sindikatuetako ordezkariek, baina ez zuten pausorik eman: patronalak ez zuen beste proposamenik eraman bilerara, eta sindikatuek berretsi zuten aldaketarik ez badago egin egingo dutela greba. Asteazkenean dira hastekoak, hilaren 16an, eta hurrengo asteko ostiralera arte jarraituko dute, hilaren 25era arte. Zortzi eskola egun. Kontuan izatekoa da, gainera, urrian eta azaroan ere egin zutela protesta: sei egun denera. Guraso elkarteak kexu dira egoerarekin, eta mobilizazioak prestatzen ere hasi dira. Eragin handia daukate lanuzteek: 215 ikastetxe dira, 9.000 langile, 120.000 ikasle.

Bilera antzua izan zuten sindikatuek eta patronalak. Joan den astean bitariko bilerak izanak zituzten bi aldeek, eta Kristau Eskolak proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Sindikatuek ez zuten nahikotzat jo, haien aldarrietatik urrun dagoelakoan. Beste eskaintzarik ez du egin patronalak, bileraren aurretik iragarria zuenez. Haren arabera, zehazki jakin nahi du proposamen horretan zertan ez dauden ados sindikatuak, eta zertan bai. «Zehaztasunik gabeko erantzun jeneralista eman dute, eta horrek zaildu egiten du beharrezkoa dugun negoziazioa». Hala ohartarazi du Mikel Ormazabalek, Kristau Eskolako zuzendariak.

Sindikatuak, bat eginda

Sindikatuak elkar hartuta daude lan gatazkan, eta iritzi bera agertu zuten atzoko batzarraren ostean: ez dela nahikoa. Gogorarazi dutenez, patronalari ohartarazia zioten ez daudela ados proposamenarekin, baina horri eutsi dio. «Proposamena oso urrun dago langileen eskaeretatik, eta ezin dugu onartu», adierazi du Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak. Sindikatu horrek du gehiengoa, eta bat eginda daude gainerakoak ere: Steilas, CCOO, LAB eta UGT.

Langileen egoerarekin kexu dira sindikatuak, eta gogorarazi dute hamar urte daramatzatela lan hitzarmenik gabe. Lau ardatz dituzte eskariek. Batetik, soldatak: ohartarazi dute %10 galdu dutela erosahalmena. Bigarrenik, lan zama: eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko orduak izatea. Hirugarrenik, haur-hezitzaileen eta hezkuntza laguntzako espezialisten egoera: haien lana irakaskuntza gisa hartzea, eta ordu osagarriak izatea. Eta, laugarrenik, enpleguari eustea: ikastetxeak ixten direnean —ikasle faltaren eraginez arriskuan daude zentro batzuk— langileak beste nonbait kokatzeko eredua egitea. Eskari horiekin lotutako proposamen batzuk egin ditu Kristau Eskolak —ordu osagarriekin lotutakoak, adibidez—, baina, sindikatuen esanetan, urrats txikiak dira.

Kristau Eskolak esana du aldarrikapen horiek «ulertzekoak» izan daitezkeela, baina ohartarazi du ez daukala bitartekorik. Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa handiagoa eskatu du, baina hark dio bi aldeen arteko gatazka bat dela.

Gurasoak, «babesik gabe»

Erdian daude ikasleak, eta atzo arratsean agerraldia egin zuten guraso elkarteek. Uste dute «presio bide gisa» erabiltzen ari direla umeak, eta familiak «babesik gabe» daudela. Etsita daude bilerarekin: «Espero genuen gatazka konpondu ezean gutxienez horretarako oinarria jartzea». Talde batzuk protestak antolatzen ari dira. Jaurlaritzari eskatu diote esku har dezala; asteartean bilduko dira gobernuko ordezkariekin.

Biharamunean hasiko da greba, aldaketarik ezean. «Ez dugu beste aukerarik», ohartarazi dute sindikatuek. Ez egiteko eskatu die Ormazabalek: «Eskatzen diegu arduraz eta profesionaltasunez joka dezatela gutxieneko akordio batera hel gaitezen». Oraingoz ez dago bilera gehiagorik antolatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna