Espainiako Kongresua. Katalunia

Tramitea ezohikoa denean

Hautetsi subiranista kartzelatuek diputatu aktak hartu dituzte Kongresuan. Gaur berriro itzuliko dira kargua hartzeko, eta hemizikloan mugimendu askatasuna edukiko dute

Oriol Junqueras (ERC) iribarretsu, atzo, Espainiako Kongresuan, alboan Gabriel Rufian alderdikidea duela. J. J. GUILLEN / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Guardia Zibilaren kamuflatutako ibilgailuetan joan ziren Soto del Realetik (Espainia) Espainiako Kongresuaren eta Senatuaren eraikinetara, eta, ordubete pasa geroago, modu berean itzuli ziren kartzelara. Kataluniako herritarrek bozka bidez aukeratutako hautetsi subiranista katalan kartzelatuek atzo hartu zituzten diputatu eta senatari aktak, baina horretarako beharrezko tramiteak ezohiko baldintzetan egin zituzten, Auzitegi Gorenak hala aginduta: Poliziaren agenteek une oro zaintzapean zituztela, eta haien alderdietako kideekin bilerak egitea eta hedabideekin mintzatzea debekatuta zeukatela. «Surrealista da, guztiz irreala», nabarmendu zuen horietako batek, Josep Rullek, alderdikide batek grabatu zion bideo batean. Junqueras (ERC), Jordi Turull, Jordi Sanchez eta Rull (JxC Junts Per Catalunya) diputatuak, eta Raul Romeva (ERC Esquerra Republicana) senataria gaur dira Espainiako Gorteetara bueltatzekoak, horien osaketa saioan parte hartzeko eta karguak hartzeko (10:00).

Kongresuaren hemizikloan mugimendu askatasuna edukiko dute, eta haien alderdikideen ondoan eseri ahal izango dira. Atzo haien beroa jaso zuten Kongresura eta Senatura iritsi zirenean. Besarkatu egin zituzten, hitz batzuk egin ahal izan zituzten, eta, irribarretsu, tramiteak egiten lagundu zieten.

10:00ak inguruan ailegatu ziren. Kazetariak zain zituzten Kongresuaren aparkalekuaren sarreran, baina beste toki batetik sartu ziren, hotel baten garajetik. Leku horretan, Kongresuko Poliziaren esku geratu ziren Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzi judiziala dela-eta 2017ko azarotik eta iazko martxotik behin-behinean kartzelatutako hautetsiak.

Garajetik Kongresuaren lehen solairura igo ziren, eta hor egin zuten topo haien alderdikideekin. Eskuburdinik gabe ibili ahal izan ziren. Gorenak pasa den astean kaleratutako autoaren arabera, debekatuta zeukaten prentsa agerraldiak egitea, baina alderdikideek egindako bideoetan mintzatu ziren. Junquerasek kanpaina egiteko baliatu zuen abagunea, eta herritarrei eskatu zien datorren igandeko hauteskundeetan ERCri emateko botoa, «herrialdea askatasunerantz eramateko». Ondoan zuen Gabriel Rufian alderdikidea, diputatua. ERCko liderrak Twitter bidez eman zizkien eskerrak herritarrei, eta azpimarratu zuen haien botoei esker atera ahal izan zirela atzo kartzelatik.

Jordi Sanchez JxCren zerrendaburuak 2017ko urriaren 1eko erreferenduma izan zuen hizpide herritarrei helarazitako mezuan: «Kongresuan nago U-1ean aske izateko borondatea modu baketsuan, duinean eta demokratikoan azaldu zutenei zerbitzatzeko borondatearekin». Turull alderdikidea antzera mintzatu zen, eta eskatu zien ez diezaietela eragotzi diputatu izatea. Izan ere, oraindik ez dute erabaki, Kataluniako Parlamentuan gertatu zitzaien bezala, kargua etengo dieten ala ez. Rullentzat, haien kausa ez da «soilik» Kataluniarena, baizik eta «askatasunarena». «Arazoa, estatuan, ez dute independentistek: bat ez datorren orok du».

Sakelakorik gabe

Diputatu akta jasotzeko tramitea egin eta gero, diputatu guztiei sakelako bat, tableta bat eta zorro bat ematen diete. JxCko eta ERCko hautetsi espetxeratuei ere eman zizkieten, baina haien alderdikideen esku utzi behar izan zituzten jaso ondoren, ezin baitute espetxera horiekin sartu. «Diputatu inkomunikatuak dira», adierazi zien kazetariei JxCko kide batek. Jon Iñarritu EH Bildurekin diputatua izango denaren eta Marian Beitialarrangoitia koalizioko eledunaren babesa ere jaso zuten kartzelatutako hautetsiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.