Jardun armatua bukatzeko, Otegi erabakigarritzat jo du Zapaterok

2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Historiarako, egiarako, [ETAren] jardun armatua behin betiko bukatzeko politikari erabakigarria izan zen Arnaldo Otegi. Datu objektibo bat da hori». Hala esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak, Antena3 telebista katean.

Iazko irailean, Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Zapaterok bilera bat egin zuten Elgoibarren (Gipuzkoa), Txillarre baserrian. 2000ko hamarkadaren hasieran, Otegik eta ezker abertzaleko beste kide batzuek hainbat bilera egin zituzten Txillarren Jesus Egiguren PSE-EEko orduko presidentearekin eta beste kide batzuekin, bake eta konponbide prozesu bat eratze aldera. Zapaterok esan du garai hura «transzendentala» izan zela beretzat. «Otegi egiten ari zena eta haren adierazpen bakoitza intentsitatez segitzen nituen. Haren ekarpena erabakigarria izan zen indarkeriaren bukaera ikus genezan. Bakoitzak bere iritzia izan dezake Otegiz, baina nik badakit politikari erabakigarria izan zela. Egingo zuen alternatibarik jada ez zutelako edo dena delakoagatik, baina egin egin zuen».

Azaldu du iaz harekin ia sei orduz bildu zela Txillarren. «Azkeneko urteetan gertatutako guztiaren errepaso bat izan zen, eta, gainera, ETAren sorreraz eta ibilbideaz aritu ginen modu zabal batean. Helarazi nion oraindik ibilbide garrantzitsu bat egiteko dutela, errua euren gain hartzeko eta eragindako minagatik biktimengandik askoz gertuago egoteko. Entzun egin ninduen, eta uste dut kontuan hartzeko saioa egin zuela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.