Koronabirusa

«Badaezpada, denak etxera»

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. KAI FOSTERLING / EFE.
Ion Orzaiz.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Zazpi urte dituzte An eta Ping Azofra anaiek. Iruñeko Amaiur ikastolan ikasten dute biek ala biek, Lehen Hezkuntzako 2. mailan. Bikiak dira. Egunotan, baina, batek bakarrik joan behar izan du eskolara. Duela bi aste, positibo bat atzeman zuten Anen gelan, eta etxera bidali zituzten ikaskide guztiak. Haren anaiak, ordea, aurrez aurreko eskolei eutsi zien, beste ikasgela batean dagoelako. Konfinamenduko bi asteak «konplikatuak» izan direla aitortu du bikien amak, Oskia Dominguezek: «Nahiko ongi moldatu gara etxean, baina déjà vu sentsazioa izan dugu: goizez eskolako lanak egin, eta, arratsaldez, mahai jokoetan aritu, pelikularen bat ikusi, kozinatu... Apirilera bueltatu izan bagina bezala».

Administrazioek emandako azken datuen arabera, 357 talde konfinatuta daude Hego Euskal Herriko ikastetxeetan, eta, ikasturtea hasi zenetik, 10.000tik gora ikasle bidali dituzte etxera. Dagoeneko, aurrez aurreko eskoletara itzuli dira horietako asko, berrogeialdia bukatuta. Egun, 1.855 ikasle daude etxean konfinatuta Nafarroan; Jaurlaritzak itxitako ikasgela kopuruaren berri baino ez du eman: 280. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dagoen arren, hainbat ikastetxe itxi dituzte bertan ere.

Neska-mutilak etxera bidaltzeko moduan, baina, «okerrak» antzeman ditu Dominguezek: «Hutsegiteak gertatu dira eskolaren, Hezkuntza Departamentuaren eta Osasun Departamentuaren arteko komunikazioan, eta horrek ekarri du, batetik, epeak luzatzea, eta, bestetik, desinformazioa nagusitzea».

Ikasgela batean kasu positibo bat detektatzean, Hezkuntza Departamentuari dagokio Osasun Departamentuari abisua pasatzea eta protokoloa martxan jartzea, ikastetxeak talde hori konfinatu dezan. Protokoloak, baina, ez du behar bezala funtzionatu, gurasoen ustez: «Gure txikiak astebete baino gehiago darama etxean itxita, eta aztarnarien deiaren zain gaude oraindik, PCRa noiz eginen».

Informazio falta kritikatu du Ainara Lasak ere. Oiartzungo Urmendi haur eskolan (Gipuzkoa) ikasten du haren alabak, eta, positibo bat atzemanda, hamar egun eman ditu etxean: «Irailaren 18ko eguerdian hots egin ziguten haur eskolatik. Positibo bat detektatu zuten gure alabaren burbuila taldean eta, protokoloari jarraikiz, hamar egunez egon behar zuen konfinaturik». Dei horren ostean, Osakidetzaren esku zegoen gurasoei jakinaraztea noiz eginen zituzten PCR probak. «Deiaren zain egon ginen egun osoan, baina, orduak eta orduak pasatu ziren, eta gure etxera ez zuen inork deitu, ez egun horretan, ezta hurrengoan ere».

Une horietan, «ezinegona» nagusitu zen gurasoen artean. «Argi dugu denok halako kasu batean zein diren irizpide orokorrak, baina arazoa zuri egokitzen zaizunean, begi aurrean duzunean, zalantza praktiko ugari azaleratzen dira: adibidez, zer egunetik aurrera hasten da konfinamendua? Haurrek bakarrik egon behar al dute bakartuta, ala familia osoak? Beste seme-alabarik izanez gero, horiek ere egon behar al dute etxean itxita?».

Lasak bi egun geroago jaso zuen Osakidetzako aztarnarien deia: «Tratua bikaina izan zen, oso gertukoa, eta euskaraz hitz egin ziguten une oro. Ez dugu kexarik alde horretatik. Baina oinarri-oinarrizko informazioak berehalakoa izan behar luke, bestela, gurasoen borondatearen eta irizpideen menpe gelditzen dira lehen orduetan egin beharrekoak». Epeen luzatze hori «baliabide eskasiaren erakusle» dela uste du Lasak: «Argi dago ez dagoela nahikoa aztarnaririk, eta deiak egiteko denborarik ere ez dutela. Hori zulo bat da protokoloan».

Iritzi berekoa da Nerea Fillat iruindarra. Barañaingo Musika Eskolan (Nafarroa) antzemandako positibo baten ondorioz bakartu zuten haren alaba. «Asteazken batean joan zen musika eskolara, baina hurrengo igandera arte ez ziren gurekin harremanetan jarri, abisatzeko», azaldu du. Aztarnarien deiaren zain gelditu ziren orduan. «Egunak joan, egunak etorri, inork ez zigun ezer azaltzen. Hamaika aldiz hots egin genuen Osasunbidera, azalpen eske, baina inork ez zigun telefonoa hartzen».

Ezinegona eta estresa

Konfinamenduko bederatzigarren egunean lortu zuen Fillatek aztarnariarekin solastatzea: «Aitortu zidan, osasun irizpideen arabera, gure alabari ez zegokiola konfinatuta egotea, ikasgelan musukoa jantzita egon zelako, segurtasun tartea gorde zutelako, ikasgela aireztatuta zegoelako... baina Hezkuntza Departamentuak agindu zuela ikasgela osoa ixtea, aztarnariek kasua aztertu baino lehen». Uste du halako egoeretan administrazioek «alarma» lehenesten dutela: «Zertarako ezarri dira maskarak, segurtasun neurriak eta burbuila taldeak, gero erantzun bakarra baldin bada ikasgela osoa konfinatzea? Ezinegona eta estresa jartzen dute familien bizkar».

Bestalde, konfinatutako haurrak PCR proban positibo ematen ez badu, haren gurasoek ez dute lanean baja eskatzeko eskubiderik. Oskia Dominguezen eta Ainara Lasaren kasuan, telelanari eta laneko malgutasunari esker lortu dute, zailtasunak zailtasun, kontziliazioari eustea. Nerea Fillatek arazo handiagoak izan ditu lana eta zaintza uztartzeko: «Gurasook ahal bezala moldatu behar izaten dugu: zer aukera dute, adibidez, baliabide urriko familiek? Haurrak aitona-amonengana eraman, eta horiek ere arriskuan jarri? Argi dago hori ez zaiela inporta protokoloak diseinatzen dituztenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.