Koronabirusa

Kea dario erretzeko debekuari

Erretzean kearen bidez hedatu egiten da SARS-CoV-2 birusa, zientzia ikerketek diotenez. Aditu gehienak bat datoz: kalean erretzea debekatu beharko litzateke.

Emakume bat, maskara kenduta, zigarro bat erretzen. JESUS DIGES/ EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Komunitate zientifikoan ia erabatekoa da adostasuna: SARS-CoV-2 birusa errazagotransmititzen da erretzean, kearen bidez. Zenbait ikerketa zientifikok egiaztatu dute kea botatzean ere birusa duten aerosolak hedatzen direla, hitz egitean eta eztul edo doministiku egitean gertatzen den bezala. Ondorio argi batera iritsi dira: erretzea birusaren transmisiorako arrisku faktorea da, erretzaile aktibo zein pasiboentzat. Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakasleak azaldu du: «Ebidentzia zientifikoak dio birusa aerosolen bidez transmititzen dela, eta guk kea botatzen dugunean aerosolak botatzen ditugula, hau da, arnas tantak. Ez dagoena guztiz argi da zenbat aerosol tanta doazen ke horretan, baina erabat argi dago aerosolak doazela».

Ebidentzia zientifikoak oinarri harturik erabaki dute osasun agintari batzuek kalean eta terrazetan erretzea debekatzea. Haatik, halako erabakiak, gehienetan, polemikaz inguratuta egon dira, eta, usu, epaitegiek atzera bota dituzte, oinarrizko eskubideak urratzen direla argudiatuta.

Nafarroan hala gertatu berri da. Nafarroako Gobernuak joan den astean erabaki zuen kalean erretzea arautzea, COVID-19aren transmisio iturri izan daitekeelakoan. Ez zuen debekatu espazio publikoetan erretzea, baina zenbait baldintza jarri zizkien erretzaileei: hala, toki batean geldi egon beharko dute, eta, une oro, beste pertsonekiko bi metroko segurtasun tartea mantenduz. Terrazetan eta taberna atarietan, berriz, erabat debekatu zuen erretzea. Nafarroako Auzitegi Nagusiak handik gutxira bota zuen atzera azken erabaki hori, argudio nahikorik ez zegoela eta oinarrizko askatasunak tartean zeudela argudiatuta.

Osasun agintari gehienek malguago jokatzearen alde egin dute: aholkuetara mugatu dituzte erretzearekin lotutako neurriak, eta, oro har, erretzea debekatu dute soilik bi metroko segurtasun distantzia bermatzen ez den kasuetan. Neurri hori oso gutxitan betetzen da, ordea. Jaurlaritzak esan berri du ez duela kalean erretzea erabat debekatzeko asmorik, eta aski iruditzen zaizkiola indarrean dituen arau murriztaileak. Tabernetako terrazetan maskara «nahitaez» erabili behar dela, eta erretzea ez dela komeni: horixe dio Labi aholku batzordeak abenduan onartutako irizpideak, eta hori da gaur egun indarrean den neurria.

Alabaina, osasun alorreko profesionalak ez dira iritzi berekoak. Terrazetan erretzea «berariaz» debekatu beharko lukeela adierazi diote duela gutxi Medikuntza, Erizaintza eta Farmaziako Euskal Herriko zazpi elkartek Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, gutun baten bidez. Gogoratu diote ospe handiko hainbat adituk Espainiako Gobernuko Osasun eta Berrikuntza Ministerioarentzat egindako txosten batean egiaztatu dutelaaerosolen transmisioa eragozteko ez dela nahikoa erratzaileek bi metroko tartea izatea.

Jaurlaritzari igorritako idazkiaren sinatzaileetako bat da Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkartea, eta bertakopresidentea da Laura Tomas Osakidetzako pneumologoa. Kearen bidez SARS-Cov-2 gaitza nola hedatzen den esplikatu du: «Badakigu birusa aerosolen bidez transmititzen dela, eta partikula txikiak airean suspentsioan geratzen direla. Partikula horiek ia hamar metro zabaldu daitezke». Birus kutsakorren aerosolak hainbeste hedatu daitezkeela kontuan hartuta, Tomasek «ulertezin» iritzi dio Labiak debeku hori bi metroko tartera mugatzeari. «Ez da inondik inora nahikoa. Distantzia tarte horrek balio du tanten bidezko transmisioetarako, baina ez aerosoletarako».

Ketan dauden aerosolen bidezko kutsatzea egiaztatuta dago, baina badira oraindik erretzearen eta birusaren transmisioaren artean ezaupide sakonagoak lortu nahi dituzten ikerketa lerroak. «Ez dago erabat argi kearen bidez garraiatzen diren aerosolek zenbat tanta dituzten, eta zehatz-mehatz noraino ailegatu daitezkeen», azaldu du Basarasek. Hala ere, EHUko irakasleak bat egiten du segurtasuna handitzeko eskeekin, bi metroko tartea ez delako aski: «Erretzean dagoen arazo nagusia da kea kanporatzen denean indar handiarekin egiten dela, esfortzu handiagoa egiten dugulako haizea botatzeko, eta, beraz, aerosolak urrunago joaten dira, bi metrotik harago ziur».

Agintariei deia

Zientzia ikuspuntutik ia erabateko adostasuna dago, baina osasun agintari gehienek ez dute bat egin oraindik zientzialarien aholkuekin. Tomasek «zentzugabekeria» iritzi dio jokaera horri, eta gogora ekarri du pandemia betean osasuna lehenetsi behar dutela: «Agintarien betebeharra da herritarron osasuna babestea, eta frogatu beharko dute erretzailearen ondoan egoteak ez diola kalte egiten erretzen ez duenari, ez alderantziz». Basaras ere gaur egun indarrean dauden neurriak gogortzearen aldekoa da: «Ez gaude egoera normal batean eta gure jokaerek are gehiago okertu dezakete izurriaren bilakaera. Gomendioak arautzera jo behar da, erretzeko debekua ezarrita».

Bada beste aldagai bat ere. OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste osasun erakunde askok aspaldi ohartarazi zuten: tabakoa erretzeak areagotu egiten ditu koronabirusak eragin ditzakeen kalteak. Erretzaileek arrisku handiagoa dutela, eritzen badira, sintoma larriak izateko. «Erretzaileen bronkioetako defentsa naturalak hondatuta dauden neurrian, birusarekin kutsatzeko arrisku handiagoa dute», azaldu du Tomasek. Uste du denborarekin ikusiko dela COVID-19arekin kutsatzen diren erretzaileek sintoma latzagoak izango dituztela erretzaileak ez direnek baino. Haren iritziz, kalean erretzea debekatzeko arrazoiak sobera daude, eta izurriak «aukera ezin hobea» eskaintzen du murrizketak ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.