Neurri zorrotzagoak errepidean

Trafiko Lege berritua etzi sartuko da indarrean Hego Euskal Herrian. Zigorra gogortuko da gidatzean sakelakoa erabiltzeagatik eta txirrindulariekiko tartea ez gordetzeagatik

Txirrindulari bat Zarautz eta Zumaia arteko errepidean, atzean ibilgailu motordunak dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak Trafiko Legearen erreforma onartu zuen iazko azaroan. Araua astelehenean sartuko da indarrean, Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera, eta aldaketa ugari eragingo ditu; bereziki, zenbait jarrera zigortzeko zehapenetan.

SAKELAKOAREN ERABILERA

Orain arte, gidatu bitartean sakelako telefonoa erabiltzen zutenei gidabaimeneko hiru puntu kendu ohi zitzaizkien. Gogortu egingo da zigorra aurrerantzean: sei puntu kenduko dira.

UHALA ETA KASKOA

Segurtasun uhala, kaskoa, umeentzako babesa eta beste segurtasun tresnak jarrita ez edo oker erabiltzen dituztenei lau puntu kenduko dizkiete; lehen baino bat gehiago. Zigor ekonomikoa bere horretan geratuko da: 200 euro.

TXIRRINDULARIAK

Bizikletan doazenen segurtasuna indartze aldera, neurri batzuk aldatuko dira. Norabide batean errei bat baino gehiago dituen bide batean, auto gidariek alboko erreira joan beharko dute txirrindulari bat aurreratzeko. Gainera, errei bakarreko errepideetan ziklistak aurreratzean metro eta erdiko tartea uzten ez dutenei sei puntu kenduko dizkiete gidabaimenean; lehen baino bi gehiago. Zigor ekonomikoari ere eutsi diote: 200 eurokoa izango da aurrerantzean ere. Bidegorrietan autoa gelditzea arau hauste larritzat joko da. «Espaloia oinezkoentzat den bezala, bidegorria bizikletentzat da», esan du DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak.

OBJEKTUAK BOTATZEA

Gidatzean errepidera edozein objektu botatzeak ere zigor handiagoa izango du aurrerantzean:lau punturen ordez, sei kenduko dizkiete halakoak egiten dituztenei.

PUNTUAK LORTZEKO EPEA

Gidabaimeneko puntuak berreskuratzeko, gidariek bi urte egin beharko dituzte arau hausterik gabe. Orain arte, epe hori aldakorra zen, egindako arau haustearen arabera.

ADINGABEAK

Motorra, bizikleta edo beste edozein ibilgailu darabilten adingabeek ezingo dute zeroko tasa gainditu, alkohol edo droga kontrol batean; ez odolean, ezta airean ere.

ALKOHOLIMETROA

2022ko uztailaren 6tik aurrera matrikulatuta dauden eta bidaiariak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuek derrigorrez eduki beharko dute alkohola neurtzeko gailu bat, positibo emanez gero ibilgailua arrankatzea galarazten duena.

AURRERATZEAK

Lehen, auto edo motor gidari batek aukera zeukan abiadura muga orduko hogei kilometrogainditzeko, beste ibilgailu bat aurreratzeko bazen. Aukera hori kendu egingo da orain errepide arruntetan.

KUTSADURA

Beste arau hauste larri bat erantsi dute legean: 200 euroko zigorra jarriko diete emisio txikiko zonetan ezarritako zirkulazio mugak gainditzen dituztenei. Klima Aldaketarako eta Trantsizio Energetikorako Espainiako Legean jasotako neurria da 50.000 biztanletik gorako udalerriek Emisio Txikiko Eremuan zehaztu behar dituztela.

AZTERKETAN KOPIATZEA

Gidabaimena eskuratzeko azterketa teorikoari ere erreparatu diote lege berrian: 500 euroko zigorra jarriko diete azterketetan komunikazio gailuak erabiltzen dituztenei. Gainera, zigortutakoek ezingo dute azterketara berriro aurkeztu sei hilabete igaro baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.