Etxe premia dutenen %15ek soilik ordain dezakete alokairua

ELAk txosten bat egin du etxebizitzari buruz. Alokairuen burbuilaz ohartarazi du: pribatua markak hausten ari da, eta soziala %70 hazi da azken hamar urteetan. Politika aldatzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Pobrezia eta Gizarte Desberdintasunen 2016ko Estatistikaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 113.000 pertsona inguruk ezin dute euren etxea eduki, alokairua ordaintzeko zailtasun ekonomikoak dituztelako. 2012ko inkestaren aldean, %13 handitu da multzo hori, nahiz eta epe horretan behera egin duen hiru herrialdeotako gazte kopuruak. Estatistika horietatik abiatuta, ELAk datu kezkagarri bat ipini du mahai gainean: etxebizitza premia duten herritarren %15ek bakarrik ordain dezakete alokairua. Hori horrela izanik, sindikatuko Arlo Sozialeko arduradun Mikel Novalek uste du «ulertezina» dela 86.000 etxebizitza hutsik egotea, eta horietatik 58.000 beti egotea hutsik. Horren inguruan «beste aldera» begiratzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. Era berean, «etxebizitzekin espekulatzen duten enpresei» merkatuan sartzeko modua ematen dien legedia onartu izana ere leporatu dio.

ELAk uste du Eusko Jaurlaritzak «errotik» aldatu behar dituela etxebizitza politikak. Alokairu pribaturako prestazioa emanez etxebizitza eskubidea ordezkatzeari uzteko eskatu dio gobernuari. Izan ere, alokairu sozialerako etxebizitza falta duela argudiatuta, Etxebizitza Sailak diru laguntzak banatzen ditu sarritan. Besteak beste, jokaera hori zuzentzeko eskatu dio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen herri ekinaldi legegilean. Gaur sinadurak bilduko dituzte Bilbon, foru jauregiaren parean. Eskaera izenpetzeko dei egin die Novalek herritarrei.

«Azkenean, prestazio hori arau bihurtu da, eta alokairua diruz laguntzeko modu bat baino ez da. Ez dauka zer ikusirik etxebizitza alokatzeko eskubidearekin; dagoeneko etxea alokatu dutenentzako laguntza da», salatu du Novalek. Azterketa Bulegoko buru Xabier Zabalarekin batera, Alokairuaren burbuila ote dator? txostena aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Ez dute zalantzarik: burbuila badatorrela uste dute biek.

Donostia, markak hautsita

Salatu dute ez dela alokairua sustatzeko neurririk hartzen. Europako Batasunean etxebizitzen %30 daude alokairuan. Hego Euskal Herrian, %11 da batez besteko tasa. Alemania ipini dute eredu: etxeen ia erdiak alokatuta daude. Erakundeen politikei leporatu diete errua. Ohartarazi dute 2013tik alokairuen prezioak igo egin direla Araban, Bizkaisn eta Gipuzkoan. Jaurlaritzak eman du datua: batez besteko prezioa 952 euro izan da 2018ko lehen hiruhilekoan, hiru herrialdeetan. Bizkaia eta Gipuzkoa historiako preziorik garestienera iristeko zorian daude; Donostiak dagoeneko gainditu du bere marka: batez beste, 1.057 euro ordaintzen da. Eta alokairu sozialak ere gora egin du: hamar urtean %69 handitu da, 2008ko 194 euroetatik 2017ko 329 euroetara. Gorakada hori krisialdi betean gertatu dela azpimarratu dute. Datu horiek mahai gainean ipinita, Zabalak uste du azken urteetako bilakaerak 2008 aurretik egondako etxebizitza burbuila gogorarazten duela.

Etxebizitza Sailak 217 milioi euroren aurrekontua izan zuen 2009an. Aurten, 127 milioirena izan du. «Hori murrizketak egitea da. Kontrakoa esaten duena gezurretan dabil, eta Eusko Jaurlaritzaren propagandaren parte da», nabarmendu du Novalek. Baina Eusko Jaurlaritza ez da izan kritikak jaso dituen erakunde bakarra. Auzitan ipini du hiru foru aldundien zerga politika ere. Izan ere, iruditzen zaio foru ogasunek etxebizitza arloan egiten dituzten kenkariek batez ere jabetza pribatua sustatzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.