'Brexit'-ak Erresuma Batuan gobernu krisia eragin du berriz ere

Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministroak eta David Davis 'brexit'-erakoak dimititu egin dute. Theresa Mayren dimisioa eskatu du oposizioak

Dominic Raab brexit-eko ministro berria, kargua hartu berritan Downing Streetetik ateratzen. RICK FLINDLER / EFE.
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasunetik ateratzeko erreferenduma egin eta bi urtera, brexit-aren auziak Erresuma Batuko gobernuan krisia sorrarazi du berriz ere. Atzo aurkeztu zuen dimisioa Boris Johnson Atzerri ministroak, eta igandean, David Davis brexit-erakoak. Ostiralean, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren udako etxean eginiko ezohiko bileraren ostean etorri dira bi dimisioak eta gobernuaren barne krisia. Izan ere, ondasunei dagokien aduana batasuna adosteko proposamena egin zuen Mayk, baina brexit gogorraren aldekoak eta oposizioa ez daude ados erabakiarekin. Dominic Raabek ordezkatuko du Davis brexit-erako ministro karguan. Ministro berria ere brexit gogorraren aldekoa da, eta immigrazioaren aurka dago. Orain arte Erresuma Batuko Etxebizitza ministroa izan da, eta hemendik aurrera Erresuma Batuaren irteeraren inguruko negoziazioez arduratuko da. Johnsonen lekua hartuko du Jeremy Huntek, atzora arte Osasun ministro zenak.

Lehen ministroak Davisi eta Johnsoni bere esker onak emandizkie brexit-aren alde eginiko lan gogorragatik. Ostiralean hartutako erabakiak «interes nazionala» duela ardatz berretsi du, eta esan du oraindik alderdien arteko adostasun gehiago behar direla. Salerosketa askeak britainiarren lanpostuak babesteko helburua duela jakinarazi du Mayk, eta uste du Bruselarekin egin beharreko negoziazioek «sinesgarriak eta arduratsuak» izan behar dutela, eta udan negoziazioak «areagotzeko» beharra nabarmendu du.

Mayk ostiraleko bileran egindako proposamenaren arabera, «aduana batasuna» adostu nahi du Erresuma Batuak EBrekin ondasunak salerosteko. Proposamenak ez ditu bere barruan hartzen zerbitzuak eta pertsonen joan-etorriak. Erresuma Batuak ezarriko ditu arauak eta zergak espazio horretan. Ondasunen «merkatu libreak» aduanetako kontrolak saihestuko ditu, eta Irlandarekin muga irekita mantenduko du. Proposamena kritikatudute brexit gogorraren aldekoek, bai eta laboristek ere. Kritikak asteburuan etorri dira, eta ez ostiraleko bileran.

Gobernuaren estrategiarekin ez dagoela ados esan zuen Davisek igandean idatzitako dimisio gutunean. «Interes nazionalaren aurrean brexit-ak ministro sutsu bat behar du, lehen ministroaren estrategiarekin bat datorrena, ez soldadugai mesfidati bat», nabarmendu du Davisek gutunean.

Brexit-aren ministroaren dimisioak «Mayren botere falta» erakusten duela esan du Alderdi Laboristako buruak, Jeremy Corbynek, eta haren dimisioa eskatu du. Ekonomia arloko laboristen bozeramaile John McDonnellek esan du EBko buruek May ez dutela serio hartuko negoziazioak egitean, «interes pertsonalak» «interes nazionalen» gainetik jartzen dituelako. Seema Malhotra Alderdi Laboristako kideak «domino efekturako» proposamena egin du, eta gaineratu du egoerak horrela jarraituz geroMay kargugabetu eta hauteskundeak egin beharko liratekeela. Laurence Robertson parlamentari kontserbadorearen hitzetan, Davisen dimisioak «kontserbadoreen alde botoa eman duten guztien» iritzia islatzen du. Mayk oraindik babesten duten 27 ministroei eskatu die hausnarketa sakona egiteko erabakiaren gainean, eta «oreka bilatzen saiatzeko eskubide eta betebeharren» artean. Mayren bozeramaileak, berriz, esan du Erresuma Batuak bere asmoak «argi eta garbi utzi» dituela, eta EBren txanda dela negoziazioetan serio hasteko.

'Liburu zuria' EBrentzat

Datorren astean EBri Liburu zuria bidaltzea aurreikusten du lehen ministroak, 2019ko martxoaren 29rako plana martxan jarri ahal izateko brexit-aren osteko trantsiziozko 21 hilabeteetarako. Bertan, brexit-aren inguruko erabakiak bilduko dituzte xehetasun guztiekin, prozesua negoziatzen hasteko. Mayk esan du gisa horretara lortuko duela Erresuma Batuak bere mugen eta legeen eta diruaren gaineko kontrola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.